Bultzada bat euskarazko sorkuntzari

'Amodioaren ziega'-ren estreinaldia eta beste hiru emanaldi eskainiko ditu Kultur Maratilak, Leioan, gaurtik aurrera

Lauka Teatroko kideak. Ezkerretik hasita, Urki Muguruza, Joana Ocaña, Nazaret Foufre eta Eneko Sagardoi. Amodioaren ziega lana estreinatuko dute. LAUKA TEATROA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza bultzatzea. Hori da Leioako Kultur Maratila egitasmoaren helburua. Horretarako, bost ikuskizun eskainiko dituzte bihartik martxoaren 1era arte, Leioan (Bizkaia). Artedrama Antzerki Laborategiak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatu dute, eta laugarren aldia da aurtengoa. Hutsune bat betetzen du egitasmoak, Ander Lipus Artedramako kidearen ustez. «Euskarazko sorkuntzak ez zuen ikusle nahikorik. Emanaldiak bakartuak geratzen ziren nolabait». Indarrak bildu nahi dituzte Kultur Maratilan antolatu dituzten emanaldiekin. Bost izango dira guztira: ATX Teatroaren Arren ganbara eta emeen sotoa, Lauka Teatroaren Amodioaren ziega, Oh My God konpainiaren Zer duzu Amy?, Borobil Teatroaren Jokoz Kanpo eta Gose taldearen Gosariak ikuskizuna.

Argi du Lipusek: «Antzerkirik ez dago ikuslerik gabe». Eta bide horretan eragin nahi du Leioako egitasmoak. Gero eta gehiago joaten dira euskarazko antzerkia ikustera. «Gutxinaka-gutxinaka, ari gara euskarazko sormena eta antzerkia bultzatzen». Baina kopurua are gehiago haztea da asmoa. «Euskarak bere lekua izatea espero dugu, eta ez uharte izatea». Aurreko aldietan baino proposamen ausartagoekin dator bihar abiatuko den Kultur Maratila, Lipusen arabera. ATX Teatroaren Arren ganbara eta emeen sotoa lana eta Lauka Teatroaren Amodioaren Ziega antzezlanak jarri ditu horren adibide gisa. Serioagoak dira bi lan horiek, eta antzezle gazteak dira bien protagonistak.

Gainerako bi emanaldiekin igoko da tenperatura. Leire Ucha Amy Winehouse abeslariaren jarraitzaile baten larruan jarriko da Zer duzu Amy? antzezlanean. Haren heriotzaren berri duenean, Londresera egingo du, hilobira, haren ahots korden bila. Borobil Teatroak eskainiko duen Jokoz Kanpo obra futbolaren inguruko umorezko pieza da.Arantxa Iturbe da lanaren gidoilaria. Baina ez da antzerkia izango Kultur Maratilaren eskaintza bakarra; Gose taldearen emanaldi bat ere izango da. Lipus: «Ohiko kontzertua izatetik harago doa Gosariak saioa».

Kultur Leioako Auditoriumean eta Ambigu aretoan egingo dira ekitaldi guztiak, eta 6 eta 10 euro arteko salneurria izango dute. Ziklo osoa ikusi nahi duenarentzat, bonu bat jarri dute eskuragarri, 30 euroan. Eta etzi izango diren bi ikuskizunetarako ere bonu bat jarriko dute salgai, 12 euroan. Kultur Leioako erakusketa gelan, Conny Beuyreuther argazkilariaren Teatroaren taupadak erakusketa izango da bitartean. Antzezleen eta konpainietako barneko bizimodua erakusten du, hain zuzen ere, Beuyreutherren lanak, eta igandera arte izango da hura ikusteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.