Bukatu da isilunea

Lau urtez oholtzara igo gabe igaro ondoren, Kauta taldeak laugarren diskoa argitaratu du: 'Agerre'

Kauta taldekoak, atzo, Donostian, diskoa aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lau urte igaro dira Kauta taldeak oholtzatik jaitsi eta atseden hartzea erabaki zuenetik. Denbora gutxian maketa bat, hiru disko eta 200 kontzertu eman ondoren, gelditzeko unea ailegatu zela erabaki zuten, ase zirelako. Baina lau urte hauetan musikari estu-estu lotuta jarraitu dute taldeko hiru kideek, zenbait proiektutan parte hartuz, eta berriro piztu zaie oholtzarako gosea. Hori horrela, isiluneari amaiera eman, eta indarberrituta itzuli dira Kautaren laugarren diskoa aurkeztera: Agerre (Baga-biga).

Mikel Moreno Kautako abeslari eta gitarra jotzaileak, Adrian Elustondo baxu jotzaileak eta Gorka Mendizabal bateria jotzaileak azaldu dutenez, betiko Kauta dago disko honetan, baina berrikuntza ugari ere gehitu dituzte. Lehendabiziko aldiz, eta Kaki Arkarazo diskoaren ekoizlearen gomendioei jarraituz, haize instrumentuak sartu dituzte; Javi Perezen tronpeta, eta Juanan Diezen tronboia, hain zuzen ere. Morenok esan duenez, hainbat abestik «eskatu» egiten zuten instrumentu horiek gehitzea. «Gainera, sormenari ez diogu mugarik jarri nahi izan», adierazi du. Bestalde, abestietako musika eta hitzak inoiz baino lotuago daudela azaldu du abeslariak. Aurreko lanetan ez bezala, falsettoan ere abesten du Morenok, eta Euskal Herrian oso artista gutxik jorratzen duen kantaera dela aipatu duRitxi Aizpuruk, Baga-biga diskoetxeko gidariak.

Baladak eta erritmo biziak

Diskoak hainbat estilo nahasten ditu, eta hirukoteak argi utzi dueuren burua ez dutela «ez heavy, eta ezta ere metalero gisa» definitzen. «Sortze prozesuak zortzi bat hilabete iraun du, eta gu geu nola sentitzen garen islatu egiten da abestietan», azaldu du Morenok. Hori horrela, badira baladak, baina badira erritmo biziagoak dituzten abestiak ere.

Kautaren bigarren diskoa «gogorrena» izan zela azaldu du, bestalde, Aizpuruk, eta kontatu du taldeak jarraitu behar duen ibilbidearen inguruan eztabaida luzeak izan dituztela azken hilabeteetan. «Azkar joaten denak estropezu egiteko arriskua dauka», esan zien Aizpuruk, bigarren disko hartan jorratutako bide hori ez hartzeko gomendioa emanez. «Gauza batzuk ozen eta gogor esan nahi ditugu, horregatik dira abesti batzuk biziagoak», argitu du, ordea, Morenok, eta oraingo lanean ere denetarik dagoela esan du.

Oholtzara igo gabe lau urte igaro dituztenez, hainbat kontzertu eskaini dituzte iragarri gabe, aurkezpen ofiziala egin aurretik «makineria olioztatzeko», Aizpuruk esan duenez. Durangoko Azokan egingo dute, hain justu, aurkezpen ofiziala, abenduaren 7an. Zuzeneko emanaldietan diskoa errespetatzea gustatzen zaiela diote Kautako kideek, eta, beraz, ez da sorpresa handirik izango.

Lan berri honetan diseinuaere landu nahi izan dute, eta, horretarako, Jon Juarez marrazkilariarekin lan egin dute. Morenok esatera «askatasun erabatekoa» eman diote Juarezi. Abesti askok sentiarazi dioten nostalgia eta malenkonia islatzen ahalegindu dela adierazi du, berriz, Juarezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.