Bufaloek nola, bizitzak hala

Iaz Blas de Otero-Angela Figuera lehiaketa irabazita, Juan Ramon Madariagak 'Bufalo guztiak' (Erein) poema liburua argitaratu du.

Juan Ramon Madariaga
Juan Ramon Madariaga, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Mina, ahanztura, memoria, heriotza, harremanak, mundu honen aurrean gizakiek duten jarrera, ziurgabetasuna, zalantzak eta, finean, bizitza bera bilakatu ditu hausnarketarako ardatz Juan Ramon Madariaga (Bilbo, 1962) idazleak, Bufalo guztiak (Erein) poema liburuan.

Alabaina, gaien ugaritasunaz harago, Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinek nabarmendu du poema lerro gogoangarriak aurkitu dituela, eta hainbat adibide aurreratu dizkio irakurleari. Esate baterako, «denboraren neurria absentzia borobiletan neurtzen dut», edota «oroimena baldin badago, modu batean edo bestean zerbait edo norbait joan delako da». Baita beste bat ere: «Zauririk larrienek ez dute haragia zabaltzen».

Liburuan batu duen poema sorta irabazle suertatu zen XV. Blas de Otero-Angela Figuera nazioarteko poesia lehiaketan. Alta, Beste piztia batzuk izenburupean aurkeztu zuen. Gerora «piztia horiek sailkatzeko edo zehazteko premia» sortu zitzaiola azaldu du Madariagak, poema liburua amaituta ere hausnarrean jarraitu duelako.

Madariagaren poema liburuetan ohikoa denez, barruan aipatzen den hitz edo lerro batek eman dio, azkenean, liburuaren izenburua: «Bufaloa Afrikako animaliarik arriskugarriena da ia, hipopotamoaren atzetik, noski. Gainera, lerroburu bezala, desberdina iruditu zitzaidan, eta esanguratsua».

Bufaloak direla eta, konparazio bat darabil Madariagak. Poemetan aipatzen diren gaiak, hala nola mina, ahanztura, gabezia eta gainerakoak, «sakondu ezinik eta katramila moduan» barneratzen direla dio, «bizitzak hartu egiten gaituelako eta aurrera eramaten gaituelako», pentsatzeko astirik eman gabe. Batzuetan, gainera, zapaldu egiten duela nabarmendu du, «zertan ari garen edo nora goazen konturatzerako». Bizitza, horrenbestez, bufalo aldra batekin alderatu liteke, «parean egokituz gero, azpian hartuko gaituelako eta ez dugulako aukerarik izango beste norabide bat hartzeko».

Bestalde, bufalo aldra horren barruko espezimen bakoitza norbera ere badela iruditzen zaio: «Taldearen barruan ezinbestean sartu eta bufalo bilakatzen gara, mimetizatu egiten gara, eta, korronteari jarraituz, parean egokituko den guztia akabatzen dugu». Egileak, tarte batean bederen, gisa horretan sentitu izan du bere burua.

Liburuaren azalean bufaloaren irudia jartzea «esplizituegia» zatekeen Madariagaren gusturako. Hortaz, bufaloak burua altxatuz gero ikusiko lukeena paratu du irudi gisa, hots, «Afrikako zeruertz liluragarria».

Dena da behin-behinekoa

Hausnarrean eta zalantzan ibiltzearen ondorioz, «dena behin-behinekoa» izatearen sentipena du Madariagak. Halaxe azpimarratu du liburuaren kontrazalean ere: «Beharbada dena da erreskate bat osatzeko estrategia. Duintasunez onartu behar dira marjinazioa eta periferia».

Behin-behinekotasuna ezinegona pizten duen elementua da Madariagaren poesian. Era berean, kezkatuta dabilenean, poesia idaztea da «bizitza zati horri edo espazio horri iraupena» ematea. Hain zuzen horregatik, «benetan itzela da poetaren lana», haren ustez. «Idaztean defentsa pertsonala» egiten dela sinetsita dago, «bufalo taldean aurrera joan arren, inguruko erasoez ere babestu beharra dagoelako».

Nolanahi dela ere, poetak badu egia garbirik, liburu barruan ageri denez: «Bi gauza ikasi ditut: antsietate masa garela eta maitatuak izan behar dugula». Lehenaren baieztapenaz jabetzeko, «telebista jarri besterik ez dago», haren aburuz. Bigarren baieztapena dela eta, «maitasuna perturbazio horretatik aske eta lasai sentitzeko ihesbide bakarra» izan litekeela dio. Baina batzuetan ez dago halakorik, eta «prekaritate horretatik sortzen diren poemak lehergarri dira». Hain zuzen ere, poema askotan hasieran edo amaieran «talka» egiten saiatu da, «irakurleari bazka ematearren», batez ere.

Poeta definitzailea dela esaten diote Madariagari, «gauza guztiak zehaztea» gustatzen zaiolako, haren hitzetan. Hori dela eta, egoerak «ahalik eta modu ezberdinenetan» definitzen ditu, «kolore eta intentsitate guztiak kontuan hartuz, finean gauza bera esateko».

Poema liburu hau etapa baten amaiera izatea nahiko lukeela aitortu du, eta, ildo horretan, liburuaren amaiera aldera poema narratiboagoak egiten aritu da. Horietan ez du «definizio muturrekorik» bilatu, eta lexikoa ere «bestelakoa» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.