Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ORIOL CLAVERA.
Andoni Imaz
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Erbesteak ez du muga garbirik. Hain da lausoa norbere herriaren eta lurralde arrotzen arteko marra, non etxea bera ere bihur daitekeen deserri. «Estatu ñimiño honi, satiriko batzuek caniche esaten diote (tamainagatik), eta beste batzuek banana (formagatik). Behinola neurea izan zen herrialde batean nago, bertako hizkuntza ulertzeak frogatzen du hori. Hizkuntza da, izan ere, ulertzen dudan bakarra. Etxeak, berak dira; ohiturak ere bai, baita paisaiak ere, baina hemen jada ezer ez da nirea». Horixe idatzi zion Dubravka Ugresicek Harkaitz Canori gutun batean, Donostia 2016k sustatutako Korrespondentziak proiektuan (Erein, 2016), Kroazia iparraldeko bainuetxe batetik, bere herriaz desjabetu izan balute bezala, sentipen horixe baitzuen Jugoslavia ohia desegin zutenetik. Hilaren 17an hil zen, erbestean etxe izandako Amsterdamen, 73 urte zituela.

Kutina hirian jaio zen Ugresic, egungo Kroaziako erdialdean, 1949an. Literatura Konparatua ikasi zuen Zagrebeko Unibertsitatean, eta, Errusiako literaturan espezializatuta, itzultzaile aritu zen urte batzuez. Bere bigarren nobelak, Stefica Cvek u raljama zivota-k (Stefica Cvek biziaren ahutzetan, 1981) arrakasta izan zuen, eta zinemara egokitu zuten.

40 urteak beteak zituela harrapatu zuten gerra hotsek. «Literaturaren autonomiaren ustea hondoratzearekin batera hondoratu zen haren herrialdea ere: Jugoslavia», Marc Casals Balkanetan espezializatutako kazetari katalanaren hitzetan. Izan ere, gerra piztu zenean, Ugresicek jarrera garbia hartu zuen haren aurka, gogor kritikatu zuen Kroaziako eta Serbiako nazionalismoa, eta irmoki hitz egin zuen, oro har, krimenen kontra.

Garesti ordainarazi zioten nazionalista kroaziarrek. 1992ko abuztuan, idazleak artikulu bat argitaratu zuen nazioarteko prentsan, Zagrebeko kaleetan oroigarri gisa saltzen zituzten «Kroaziako aire garbiz» beteriko lata batzuen kontura, giro politikoaren kritika garratza eginez. Urte horretan bertan erantzun zioten, hari eta beste lau idazle eta kazetariri (Rada Ivekovic, Slavenka Drakulic, Jelena Lovric eta Vesna Kesic), Feministek Kroazia bortxatzen dute izeneko testuarekin; PEN klubak Rio de Janeiron egindako bileran parte hartu berriak ziren, eta leporatu zieten boikot egitea hurrengo kongresua Dubrovniken antolatzeari. Rioko sorginak deitu zieten.

Inguruko giro itogarriak —artikuluetako eta kaleko kritikek soilik ez, mehatxuek ere estutu zutenak— herrialdetik alde egitera bultzatu zuen idazlea. Herbehereetan bizi izan zen 1993tik, nahiz eta irakaskuntzan aritu AEBetako eta Europako unibertsitateetan.

«Edonondik kanpo nago; outsider totala naiz. Lehenik eta behin, Jugoslavia erori egin zen; bat-batean, krisi handia bizi izan nuen, Jugoslavia erortzean gertatu zenaren gaineko iritzia eman nuen, gauza itsusiez hitz egin, eta kanpora joan behar izan nuen. Handik eta hemendik mugitu ondoren, Holanda aurkitu nuen, eta gaur da eguna bertan integratu ez naizena, ez eta kroaziar literaturan berriz integratu naizena. Istilu hartatik hogei urte joan dira, eta oraindik zaila egiten zait literatura egitea, baldintza horietan, emakume izanik ere, Holandan bizi izanda», azaldu zuen 2011n, Aritz Galarragak BERRIAn egindako elkarrizketan.

Merkantilizazioaren kontra

Erbestetik idatzi zuen geroztik, Kroaziaz eta Europaz maiz, tonu garratz, ironiko eta zorrotz bereizgarri batean —«nazionalismoa ergelkeriaren ideologia da»—. Eta idatzi zuen, orobat, idazketari eta literaturari ikusten zien toki gero eta murritzagoaz, gero eta merkantilizatuagoaz. Deserriak egin zuen, nolabait, Kroaziako eta Jugoslavia ohiko idazlerik esanguratsuenetako bat: haren lan gehienak daude itzulita ingelesera, frantsesera, gaztelaniara, alemanera eta nederlanderara. Hark kroazieraz idatzi izan zuen beti —testu askotan aipatzen du BKS laburdura (bosniera-kroaziera-serbiera), gaiaz aritzeko—, nahiz eta gehienek itzulita irakurri: «Ia ausartuko nintzateke esatera, gaur egun, kroaziarrak apenas direla nire hartzaile», kontatu zuen Korrespondentziak-en.

Ugresicen eleberrietako batzuk dira Muzej bezuvjetne predaje (Baldintzarik gabeko errendizioaren museoa, 1997), Ministarstvo boli (Minaren ministerioa, 2004) eta Baba Jaga je snijela jaje (Baba Jagak arrautza errun du, 2008). Hain justu, Baldintzarik gabeko errendizioaren museoa bere identitatea eta memoria gordetzeko ahaleginean dabilen migratzaile kroaziar baten istorioa da, nahiz eta ohar hau ageri den sarreran: «Nobela hau autobiografikoa ote den galdetzea, egoera hipotetiko batean, Poliziaren eskumena izan liteke, baina ez irakurleena».

Hala ere, oihartzun handiagoa izan dute saiakerek: Kultura lazi (Gezurren kultura, 1996), Zabranjeno citanje (Eskerrik asko ez irakurtzeagatik, 2001), Nikog nema doma (Ez dago inor etxean, 2005) eta Karaoke kultura (2010) lanek, besteak beste.

Ugresicek asko kritikatu izan zuen literaturaren nazio sistema, haren hitzetan, Eurovision lehiaketaren antzera funtzionatzen duena, herrialde bakoitzari ordezkari bat izateko aukera emanez. Honela azaldu zuen BERRIAko elkarrizketan: «Neurri batean kolonialismoaren legeekin funtzionatzen du literaturak, literatura unibertsala literatura dominantea baita, amerikar ingeles literatura, hurrupatzen ditu leku exotikoetako idazleak bere mesederako. Emakume islamiar bat behar dugu, ados, etorri eta idatzi nobela batean zenbat ari zaren sufritzen Teheranen».

Desegindako herrialde bateko erbestean, literaturaren lurrean zegoen Ugresic, inon egotekotan: «Ez dut inoren parte izan nahi, nire irakurleen parte ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.