Klasiko bizi bat. Hala Norman Manea idazleari nola haren obrarik ezagunenari (Huliganaren itzulera) aplika dakiekeen definizio bat. 2003. urtean argitaratu zuen Maneak (Suceava, Errumania, 1936) bere lanik ezagunena, eta, dagoeneko, bere herrialdeko literaturaren ikur nagusietako bat bilakatua da. Obra, baina baita egilea ere. Orain, euskaraz irakurtzeko aukera dago, Koro Navarrok itzuli, eta Erein eta Igela argitaletxeek kaleratu baitute Literatura Unibertsala bildumaren barruan.
«Autobiografia nobelatua baino zerbait gehiago da». Iñaki Aldekoa Ereineko editorearen hitzek azaltzen dute Huliganaren itzulera-ren izaera. Manearen beraren bizitza dago istorioaren ardatzean, baina haren ertzetan hamaika kontakizun eta gogoeta harilkatzen dira. Errumaniaren historiari eta XX. mendean pairatutako sufrimenduari lotutakoak lehenak, eta hainbat idazlek eta filosofok esan eta egindakoekin harremanetan bigarrenak —Emil Cioran, Mircea Eliade, Sigmund Freud eta beste ageri dira, aldez edo moldez, orriotan—.
Huliganaren itzulera ulertzeko, Manearen beraren izaera eta bizitza ezagutu behar dira neurri handi batean. Edota Errumaniak azkeneko ehun urteetan izandako aldaketa ugariak. Izan ere, Suceavan jaio zen Manea, Errumaniako ipar-ekialdeko eskualde batean, Bukovinan. Eta eskualde horretako hiriburua —lehen, Cernauti; orain, Txernivsti— sei estaturen parte izan da XX. mendean. Gaur egun, Ukrainaren muga administratiboen barruan dago, baina sobietarrek, Alemania nazionalsozialistak eta atzerriko beste indar batzuek berebiziko eragina izan dute bai hiriburuan eta bai Bukovinan azkeneko 80 urteetan.
Manea inguru horretan jaio zen, 1936an, eta, judua izanik, bost urte baino ez zituela, Transnistriara deportatu zuten errumaniar agintari faxistek. 1945ean itzuli zen etxera, gelditzen zitzaion familiarekin, eta bere herrialdean indarrean zegoen erregimen komunista berriaren babesean hazi zen. Hain zuzen, Ceaucescuren erregimenean beste kontzentrazio esparru bat ezagutu zuen Maneak, zeharka bada ere. Aita funtzionarioa zuen, eta, oker judizial baten ondorioz, Peripravako esparruan izan zuten preso hamar hilabetez.
Manea 1960ko hamarkadan hasi zen idazten eta argitaratzen, eta, berehala, bere obren kutsu sozial eta politikoak agintarien mesfidantza piztu zuten. Hala,1986an, Koro Navarrok liburuaren hitzaurrean azaldu duenez, «erregimen komunista ezin eramanik —edo zuzenagoa litzateke agian erregimen komunistak ezin zuela bera eraman esatea—, 50 urte zituela erbestearen bidea hartu zuen».
Iraganera itzulera
XX. mendeko gertaera handietan girotutako istorioa da Huliganaren itzulera, urteetan aurrera eta atzera egiten duen kontakizuna. «Egile/kontalari/protagonistari bere sorterrira itzultzeko aukera eskaintzen zaionean hasten da bidaia handi hau», idatzi du Navarrok: «Oroitzapenak oldean heltzen dira orduan: deportazioak etendako haurtzaroa, komunismoak gaztaroan sortutako suhartasuna eta ondorengo desilusioa, Ceaucescuren diktadurapeko bizitza, intelektualaren zailtasunak inguru itogarri batean, eta azkenik, erbestea».
Lau ataletan dago banatua liburua, baina hiru dira kontakizuna bereizten duten zatiak. Bere herrira bisitan joatera gonbidatzen dutenean idazleari sortzen zaizkion zalantzak eta beldurrak ageri dira lehenengoan. «Azalpen eta izen ugariko partea da, eta neurri batean, zaila gertatzen da mundu hori ezagutzen ez dugunontzat». Bigarren atala, berriz, memoriari eta historiaren kontakizunari dagokie, eta «zoragarria» da, Navarrok dionez. Hor, bere bizitza eta bere familiaren eta bere herriaren mende erdi pasako historia kontatzen ditu Maneak, eta, itzultzailearen iritziz, «aparteko kontalari gisa» agertzen da idazlea. Hirugarren atalak, azkenik, Errumaniarako itzulera kontatzen du, eta umorez josia dago, Navarrok dioenez. «Liburuaren hasiera gogorra egin daiteke, zaila eta nahasia, baina Manea bere historia kontatzen hasten denean, zoragarria da».
Pertsona subertsiboa, sediziogilea eta errebeldea da huligana errumanieraz (huliganul). Nahaslea. Baina baita disidente bihurtzen dena —dutena— ere. Norman Manea bezala.
Bueltan da disidentea
Norman Manea idazle errumaniarraren lan nagusia euskaratu du Koro Navarrok: 'Huliganaren itzulera'. Literatura Unibertsala bilduman argitaratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu