Orain dela urte pare bat argitaratu zuen Brooke Combe kantari eskoziarrak Black is the New Gold bere estreinako disko laburra. Lan horrek soul klasikoari keinu ugari egiten zizkion arren, indie kutsu nabarmena ere bazuen. Nolanahi ere, ez zen gelditu oso gustura Combe lan harekin, nahiz eta kantaria ezagutarazteko balio izan zuen. Aurten, berriz, Dancing at the Edge of the World diskoa atera du, estreinakoa aise gainditzen duen lana.
Combek aitortu du aitona-amonen soul diskoekin hazi zela Edinburgoko aldirietako herri batean, batik bat Motown zigilukoekin, eta baita 1990eko neo soul eta R&B mugimenduen barruan sortutako kantuekin ere. «Garai batean, soulak izugarrizko arrakasta zuen Erresuma Batuan, baina gero desagertu egin zen, mito guztiak desagertzearekin batera», azaldu du Combek berak. Azken hamarkadetan, izan dira soula Erresuma Batuan berpizten saiatu eta lortu ere egin duten hainbat artista —nabarmenena Amy Winehouse, baina baita Michael Kiwanuka ere—, eta multzo horretan sartu nahi du Combek. «Badaukat aukera 50.000 indie banda horiek baino gehiago nabarmentzeko, eta hori gustatzen zait», adierazi du, ironiaren eta zintzotasunaren artean kulunkan.
Black is the New Gold lehen diskoan bere erro afrikarrei —Sierra Leonakoak ditu aitona-amonak—, jazarpenari eta emakume izateari erreparatu zien Combek. Lan berrian, ordea, perspektiba erabat bestelakoa izan da, eta berak «maite» duen pertsona baten ikuspegitik idatzi ditu hitzak. «Zintzoa izateko, nahiko zoriontsua naiz orain, eta pozten naiz diskoa ez delako hain bihotz urratzailea».
Baina Dancing at the Edge of the World bere kantuengatik eta soinuarengatik nabarmentzen da batik bat, baita Comberen ahots ederragatik ere. Danny Murphy gitarristarekin eta James Skelly ekoizlearekin —The Coral taldeko burua— landu du diskoa musikari eskoziarrak, eta soinu goxo eta naturala lortu dute hiruren artean, inolako sofistikazio artifizialik gabekoa. Bizpahiru aste besterik ez zuten grabatzeko, eta erabaki zuten estudioan taldean jotzea, eta gehienez ere kantu bakoitza hiru aldiz grabatzea.
Hari moldaketetan, pianoetan, koruetan eta, nola ez, gitarretan oinarritutako hamar kantuk osatzen dute diskoa. Badira gitarra huts batean oinarri hartzen duten pieza lasaiak (L.M.T.F.A.), pasarte akustikoak (Guilt), eta baita hari moldaketa dotoreekin osatutako kantu iradokitzaileak ere (Dancing at the Edge of the World ), baina batez ere erritmo dantzagarri eta biziko kantuak nabarmentzen dira, This Town aparta —herri txiki batekoa izateari erreparatzen diona—, The Last Time eta Lanewood Pines kasurako.