Antonio Lopez margolari espainiarrari eskainitako erakusketa handiarekin amaituko du Bilboko Arte Eder museoak urtea. Hurrengoa, berriz, Anselmo Guinea margolari bilbotarraren erakusketarekin hasiko du. Robert Capak, David Seymour Chim-ek eta Gerda Tarok 36ko gerran eginiko argazkiek, Francisco Goyaren estanpek, Fernando Boteroren lanek eta Jose Ramon Andaren eskulturek osatuko dituzte gainerako lau erakusketak.
1. Anselmo Guinea
XIX. mendearen bigarren zatianeuskal pinturan izandako eraldaketa estetikoak ezagutu ahal izateko «funtsezko margolaria» dela gogorarazi du Javier Viar museoko zuzendariak. Anselmo Guinea (1855—1906) margolari bilbotarrari eskainitako lehenengo erakusketa monografikoa da. 80 lanetik gora bildu dira; erdiak baino gehiago sekula argitara eman gabeak dira, eta beste asko jendaurrean jarri gabeak duela ehun urte baino gehiagotik. Aukera aparta da margolari honek argiarekin zuen birtuosismo finaz eta argia islatzeko modu bikainaz gozatzeko. Generoari dagokionez, eszena kostunbristak, paisaia eta erretratua landu zituen. Modernitatearen jatorriak euskal pinturan erakusketan 1870eko hamarkadan Bilbon pintatutako paisaia errealistak ageri dira. Italian emandako urteek bere obran sortutako eraginak ere nabari dira. Ekialdeko pinturarako eta ohiturazko pinturarako joera ere bai. Harreman estua izan zuen Adolfo Guiard margolariarekin (Bilbo, 1860—1916), eta, horren ondorioz, Guinea zenbait ezaugarri inpresionista erabiltzen hasi zen. XIX. mendeko azken urteetan, Parisera bidaiatu zuen, eta bertatik bertara ezagutu zituen inpresionismoa, puntillismoa eta modernismoa. Une hartatik aurrera, haren pintatzeko moduak aldaketa nabarmena izan zuen: argitsuagoa eta arinagoa bihurtu zen. Erakusketa otsailaren 13an zabalduko dute.
2. 'Maleta mexikarra'
36ko gerran Robert Capa, David Seymour Chim eta Gerda Taro erreportariek ateratako argazkien negatiboak ere iritsiko dira Bilbora, 1995. urtean galduta maletan batean Mexikon aurkitutako piezak. Bertan, 126 argazki film zeuden, balio dokumental izugarriko 4.500 argazkirekin. Hiru erreportari horiek, aro modernoko lehenengo gerra argazkilaritzat hartzen direnak, gatazka belikoaren lekuko apartak izan ziren, baina, gainera, euren argazkien bitartez, faxismoaren aurkako militante sutsuak izan ziren. Aukeraketa honetan 70 argazki inguru daude, baita 101 kontaktu orri ere, aro modernoan handitutakoak. Ikus-entzunezko bi eta material dokumentala (aldizkariak, telegramak...). Otsailaren 27tik aurrera egongo da ikusgai.
3. Goyaren estanpak
Erakusketak Francisco de Goyaren (1746-1828) erreferentziazko lau grabatu serie erakutsiko ditu: Kapritxoak (80), Gerraren hondamendiak (80), Tauromakia (40) eta Burugabekeriak (18). Museoetan aurkitzen zailak diren 218 estanpa egongo dira. Bertan, agerian geratzen da Goyaren talentua, bai eta haren obrak grabatuaren historian mugarri izan zirela ere. Serie hauek egin zituenean, ez zen aritu bere izaera artistikoa murriztu zezakeen inongo enkarguren menpe. Grabatu teknikak ederto menderatzen zituenez, ordura arte pentsaezina zen sormena garatu zuen obra grafikoaren barruan. Udan zabalduko dute erakusketa.
4. Fernando Botero
Fernando Boterok 80 urte beteko ditu 2012an. Margolari, marrazkilari eta eskultorea jardunean den artista latinoamerikarrik ezagunena da. Ospakizuna erakusketa bere karrera artistikoko erakusketa antologikorik handiena izango da, eta, bertan, azken 65 urteotan egindako ehun bat artelan bilduko dira. Lehenengo eta behin, bertsio handiagoan, Mexikoko Arte Ederren Jauregian egongo da ikusgai. Urriaren 8an zabalduko dute.
5. Jose Ramon Anda
Erakusketan eskultore nafarraren 30 bat eskultura erakutsiko dira, gehienak egurrez egindakoak. Horien artean, Plano gurutzatuak, Enbor hutsak eta Altzariak multzoei dagozkienak. Haren lanean Eduardo Txillida eta Jorge Oteizaren eragina antzematen da. Maiatzaren 7tik irailaren 9ra egongo da ikusgai.
Botero, Goya eta Guinearen obra erakutsiko du Arte Eder museoak
Robert Capak, David Seymour 'Chim'-ek eta Gerda Tarok 36ko gerran ateratako argazkiak ere izango dira ikusgai BilbonJose Ramon Andaren eskulturek osatuko dute 2012. urteko egitaraua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu