«Gaur, idazle gisa, ezin diot bizkarra eman gertatzen ari denari eta zaigunari». Miguel Sanchez-Ostizek (Iruñea, 1950) argi du zerk bultzatu duen Pamielarekin kaleratutako azkenengo liburua idaztera. Con las cartas marcadas (Kartak markaturik) egunkari bat da, 2013an ikusi, irakurri, bizi eta sentitu duena biltzen duten oharrez osatutakoa. «Liburu hau denek bizi eta jasan behar izan dugun horrek elikatu du», adierazi du.
Sanchez-Ostizen aburuz, gobernatzen duen klase politikoak kartak markaturik ditu, abantailarekin jokatzen du, eta zigorgabetasunez jokatu. 2013an hori agerian geratu zen nabarmen, eta liburura eraman du. Horretarako, egunkariaren alde egin du.
Azaldu duenez, idazle baten egunkarian normalean idazlearen bizitza pribatua ageri da, «bere buruarekin duen harremana», alegia. Kasu honetan ere hala egin du, nahiz eta gehienak bizipen orokorrak diren: «Liburu hau irakurtzen duenak 2013an bizi izandakoa antzemanen du nire bizitza pribatua baino gehiago».
Hala ere, bere kontuak ere ageri dira, eta horrek badu azalpenik: «Ezin gaituzte irabazi, ezin gaituzte zapaldu gure bizitza pribatua ere izorratzeraino. Hori garrantzitsua da, eta horregatik ageri dira nire bizipenak». Beraz, urte osoan argitaratu diren tituluak bildu ditu. «Inoiz ez nuen pentsatu halakorik egokituko zitzaidanik», aitortu du idazleak. Kezka ere agertu du, 2013ko urtarrilean gizartea asaldatzen zuten aferak dagoeneko normaltzat ez ote diren hartzen pentsatuta.
Ignacio Aiestaran ere liburuaren aurkezpenean izan zen atzo. Bost bertute dituela azaldu du: idazleak egunkariari ematen dion garrantzia, bidaiaren poetika, trantsizioaren kulturari egiten dion kritika, idazketa artearen eta kulturaren kritika egiteko erabiltzea eta «nazkaren etika».
Kritika da, beraz, liburuaren ardatza. Idazleak «abantailaren ministerio» gisa izendatu duen klase politikoari. «Hordago ustela da, karta sorta apurtu beharra dago», esan du Aiestaranek. Kritikan literatura eta arteari ere erreferentzia anitz egin dizkio, haren aburuz, haserretzeko ez baizik nazkatzeko diren garaietan.
Boteredunen abantailak agerian utzi nahian
Miguel Sanchez-Ostiz idazleak 'Con las cartas marcadas' liburua kaleratu du, 2013an bizitakoaren egunkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu