Botereak baditu milaka aurpegi

Katharina Fricke argazkilariak Madrilen 2011n egindako lanen erakusketa dago Photomuseumen

Juan Luis Zabala
Zarautz
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Botereari buruzko ikuspegi pertsonal bat jorratu du Katharina Fricke argazkilariak (Rostock, Alemania, 1982) martxoaren 24a bitarte Zarauzko Photomuseumen ikus daitekeen Droben (Han goian) erakusketan bildutako 50 inguru lanen bitartez. Madrilgo Goethe institutuak antolatutako sariketa bat irabazi zuen Frickek, eta horri esker 2011ko martxoa Madrilen pasatu ahal izan zuen, Goethe institutuak Madrilen duen gonbidatuentzako etxean ostatu hartuta, bere lana garatu ahal izateko. Zarautzera iritsi aurretik, Madrilgo Camara Oscura galerian izan zen Frickeren Droben erakusketa ikusteko aukera.

Txuri-beltzekoak dira erakusketako argazki guztiak, eta boterearen inguruko gogoeta dute ardatz nagusi, baina askotarikoak dira Frickeren argazkiek ikuslearen begien aurrean jartzen dituzten irudiak: kalean aurkitutako pertsonaien erretratuak, estudioko erretratuak, enpresa multinazionalen eraikinen eta kaleko eskulturen irudiak, Askatasunaren Estatuaren zein Mao Zedongen mausoleoaren hiru dimentsioko zurezko puzzleak… Boterearen zantzuak gutxien uste den tokian atzeman daitezkeela uzten dute agerian Frickeren argazkiek, botereak aurpegi —eta gorputz— ugari izan ditzakeelako.

Ikuspegi ironikoa

«Katharina Frickeren argazki unibertsoak xehetasun txikienetaraino zorrotz zaindutako argazki eszenifikatuak eta irudi berariaz profanoak uztartzen ditu», Inka Graeve Ingelmann arte adituak erakusketaren katalogorako idatzitako testuan azaldu duenez. Uztarketa horri esker, Frickek egindako argazkiek «hizkera subertsibo eta ironikoa» dute. «Zirriborro moduan egindako saioa da Frickerena, erakusketa honetan hainbat zatitan banatutako instalazio mural gisa jasoa, eta norberari uzten dio xehetasun txiki ugariak, zatiak eta zirrimarrak irudi bakar batean biltzeko lana».

Berlinen eta Helsinkin ikasi ondoren, Bielefeldeko goi mailako eskola teknikoan izan zen ikasle hiru urtez Fricke. Argazkilaritzaren inguruko gogoeta bat dago beti haren lanetan, gaurkotasuna duten gaiei aplikatua. Argazkilaritza dokumentala ikuslea harritzen duten elementu solteekin uztartzea maite du.

Frickek irabazitako lehiaketara 80 lagun aurkeztu ziren, 2010eko azaroan, eta epaimahaiak hiru finalista hautatu zituen. Katharina Frickerekin batera, Kathleen Alisch eta Florian Schwarz izan ziren hautatuak.

Frickeren erakusketa itxi eta gero, Argazki Bilera antolatuko du Photomuseumek, eta haren barruan bierakusketa izango dira ikusgai museoan: Berliner Ensemble, Bertolt Brecht idazleari buruzkoa; eta Aurpegi entzutetsuak, Pierre Petit erretratugilearen lanez osatutakoa. Sanz Enea kultur etxean, 1891ko Arte aretoa erakusketa kolektiboa izango da ikusgai; Torre Luzea aretoan, Teresa Ormazabalen Saiakuntza; eta Zazpi galerian, Rafael Ocioren Disonantziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.