Boterea, lurrun artean

'Lurrun minez' antzezlanak Gabon gau batez gay sauna batean dauden hiru gizonen arteko hartu-emanak ditu oinarri. Galder Perezek idatzi du testua

Gaizka Chamizok, Jon Koldo Vazquezek eta Pelayo Serranok gorpuzten dute oholtzan Galder Perezen testua, Olatz Gorrotxategiren gidaritzapean. CARLOS TERREROS.
Ainhoa Sarasola.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gay sauna baten lau pareten artean gertatuko da dena. Hiru gizon elkartuko dira han, nor bere biografia, izaera eta sexualitatea bizitzeko moduarekin. Eta ez edonoiz, Gabon gau batez baizik. Haien arteko hartu-emanek harilkatzen dute Lurrun minez antzezlanaren kontakizuna, eta, une gozoak tartekatuko badira ere, ez da dena samurra izango. Drama bat dela azaldu baitu Olatz Gorrotxategi zuzendariak, «hiru mariken arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala», zehazki. Botere harremanen inguruko gogoeta da, bereziki, obrak publikoari helarazi nahi diona. Orain ez da posible, berrogeialdiagatik ezin izan baitute estreinatu. Baina aurrerago horretarako aukera izango dela ziur da zuzendaria.

«Premisa berezi batetik» abiatzen da antzezlana, Gorrotxategiren hitzetan. Gabon gaua da, kutsu erlijiosoa duen data, eta saunak ez zuen irekita egon behar. Bertako langile batek, Alexek, ordea, zabaltzea erabaki du, jabeari ezer esan gabe, bakarrik egongo dela pentsatuz. Baina ez da hala gertatuko. Beste bi pertsonaia batuko zaizkio. Batetik, Jesus, Alexek ezagutzen ez duena eta «gazteriaren grina» ageri duena: «Ez dakigu armairutik atera den edo ez, ezta nola bizi duen bere sexualitatea ere; badirudi aurreiritzi asko dituela, eta ez dela eroso sentitzen». Oskar litzateke hirugarrena saunara batzen; helduagoa da, eta beste bi pertsonaien «kontrapuntu» modura jarduten du, istorioari lasaitasuna eta zentzua jarriz. Gaizka Chamizo aktoreak jokatzen du Alexen rola; Pelayo Serranok, Jesusena; eta Jon Koldo Vazquezek Oskarrena.

Hiru pertsonaien arteko «jokoa» da antzezlanaren oinarria, zuzendariaren esanetan. Eta harremanak daude erdigunean. Botere harremanak ere bai, tartean. «Pasioaren inguruan hitz egiten da, jeloskortasunaren inguruan, baina gehienbat botere harremanez». Alde horretatik, eta «umore kutsurik» baduen arren, obra «gogorra» dela zehaztu du. «Elkarri egia asko botatzen dizkiote aurpegira, eta, alkohola eta droga medio direla, egoera gero eta ilunago jartzen joango da».

Hiru antzezleez gain, beste pertsonaia bat ere badago oholtza gainean,laugarrena, «mistikoagoa», Gorrotxategiren hitzetan: Joseba B. Lenoir musikaria. Beste plano batean dago, eta kontakizunari zuzeneko musika jartzen dio, baina ez du gainerako pertsonaiekin hartu-emanik, Alexekin salbu. «Haren beldurrak irudika ditzake, baina ikusle bakoitzak erabakiko du zein irakurketa eman horri».

Galder Perez teatrogile eta kazetariarena da antzezlanaren gidoia. Hain zuzen ere, testuarekin Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria irabazi zuen Perezek iaz, euskarazko atalean. «Testu oso sotila da, behin baino gehiagotan irakurri behar duzuna; ez dira gauzak guztiz argi esaten, baina igarri egiten dira», zuzendariak dioenez. Sariaren ondotik, Chamizorekin eta Vazquezekin harremanetan jarri zen Perez, testuaren irakurketa dramatizatua egiteko. Gorrotxategirengana jo zuten ondoren, zuzendari aritzea proposatzeko. Eta, azkenik, Serrano batu zitzaien lantaldera.

Beste irakurketa bat egin zuten denek ondoren, eta beren ikuspegia eman zioten testuari. «Bortizkeria, boterea eta beste gauza gogor batzuk agertzen ziren, baina geure irakurketa egitean, uste dut testua alde ilunago batera eraman genuela. Noski, Galderren umorea alde batera utzi gabe; badaude momentu gozoak ere». Gorrotxategiren hitzetan, denen artean «plano fisiko eta plastikoa» gehitu zioten gidoiari, «irudien, eszenografiaren eta mugimendu-koreografia txikien bitartez».

Hain zuzen ere, «testua hain figuratiboa» izanik, eszenografiarekin «justu kontrakoa» lortzen saiatu direla azaldu du zuzendariak. «Nahiko eszenografia abstraktua egin dugu, kontrapuntua emateko». Kubo zuri bat du oinarrian, sauna izango litzatekeena eta mugikorra dena. «Eszena batzuk errepikatu egiten dira, eta eszenografia eta aktoreak mugitu, biratu egiten dira. Horrela, publikoak perspektiba ezberdinetatik ikusten ditu eszenak, eta lehen irakurketa batean airean geratu dena bigarrenean ulertzen da».

Argiek ere garrantzi berezia dute alde horretatik, horma gisa funtzionatzen baitute —Paco Trujillorena da diseinua—. Eta horri guztiari Joseba B. Lenoirrek sortu dituen giroak gehitu behar zaizkiola nabarmendu du, obra osoari «beste plano bat eta informazio berria» ekartzen dizkiotelakoan.

Estreinaldiaren zain

Lanaren lehen irakurraldi hartan, ikusleen artean izan ziren Joseba B. Lenoir eta Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoa. Obrari musika jartzeko, bere burua eskaini zuen musikariak; Agirrek, berriz, jaialdiaren laguntza eskaini zien. Zinegoak jaialdiarena ere izan zuten. Bilboko La Fundicion aretoan landu zuten obra, eta bertan ziren estreinatzekoak, Loraldian, iragan astean, Teatroaren Nazioarteko Egunean. Berrogeialdiaren eraginez, ez zen posible izan. Martxo hasieran, Zinegoak jaialdian aurrestreinaldia egiterik izan zuten behintzat, eta oso pozik geratu ziren publikoaren harrerarekin. Bi jaialdiei eta Fundicion aretoari eskerrak eman dizkie zuzendariak.

Orain, noiz estreinatuko duten ez dakite, baina egingo dutela ziur da Gorrotxategi. Ez du kezka ezkutatzen, antzerki mundua egoera oso zailean delako oro har, baina alde onik ere aurkitu nahi dio. «Sentimendu kontrajarriak ditut. Antzerkian beti egiten dugu lan prekaritatean, eta horrek dakar oso denbora gutxi izatea obra bat prestatzeko. Pena eman digu, baina, bestalde, arnasa hartzeko aukera ere eman ahal digu honek, proiektuak ondo pentsatu eta gerora aurrera ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.