Bost mila urte eta lau istorio, eremu bakar batean bilduta

Lau arotako arrastoak aurkitu dituzte Bastidako Torrentejo aztarnategiko indusketetan

Aztarnategian aurkitutako buztin zati bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Bastida
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Eremurik txikienak erekonta dezake istoriorik handiena. Hala gertatu da Bastidatik (Araba) hurbil, Torrentejo aztarnategian: Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldeak bost mila urteko epea hartzen duten arrastoak aurkitu ditu —K.a. 2000. urtetik K.o. XVII. mende artekoak—. Lanak iragan uztailaren 6an hasi zituzten, eta abuztuaren 8an amaitu. Bost aste horietan, zeramika pusketak, suharri ezpalak, hezurrak eta gisako arrastoak aurkitzeaz gain, taldeak nekropoli baten eta etxe aristokratiko baten hondarrak aurkitu zituen. Baina hau ez da taldeak Torrentejo bisitatzen duen lehen aldia, aurtengoa aztarnategiaren bigarren kanpaina izan baita, iragan urtean hasitakoaren jarraipena.

«Arkeologia ez da oroitarriak berreskuratzea; guretzat, gizakiak eskuratutako lurraldeetan egin dituen eraldaketek osatzen dute arkeologia», dio taldeko zuzendari Juan Antonio Quirosek. Taldean badira eraldaketok landu dituztenak, haietako askok nekazaritza eremuak ikertu eta gai horren inguruko tesiak egin dituztenak. Quirosek garrantzia eman nahi die paisaiei, «gizakiaren egitekorik handiena» izan baitira: «Eliza bat zortzi hilabetetan altxa daiteke; terrazaz osatutako sistema batek, ordea, bizialdi oso bat behar du, planifikatu, eraiki eta mantentzeko». Prozesu horren adibidetzat, baso birjinak eta gisakoak hartzen ditu Quirosek, ez baitira «jendeak uste bezain birjinak»: «Euskal Herrian ez dago gizakiak eraldatu ez duen bazterrik. Bazter horietako asko gizakiaren hautuaz sortutako eremuak dira, eraldaketaren bat gauzatzeko hautuaz».

Torrentejon, bat egiten dute lau arok: Eneolitoa, zeinean bertako komunitateak lehen aldiz erabili baitzituen inguruko espazioak labore lanetarako; Goi Erdi Aroa, zeinean nekazari terrazen sistema osatu baitzuten; X. mendea, zeinean Iruñeko Antso IV.a herrixkaren jabe bihurtu baitzen, eta eliza aurrerromanikoa eta etxe aristokratikoa eraiki baitzituzten —«Euskal Herrian dagoen etxe izaerako lehen jauregia», Quirosen arabera—; eta XVII. mendea, zeinean herrixkako eliza berregin baitzuten, baita inguruan eraikin batzuk altxatu ere, zeramika tailer bat, kasurako.

Taldeak laborategira eraman beharko ditu arrastoak orain; udazken osoa emango dute Torrentejon aurkitutakoak zaharberritzen. Material guztiak erabat garbi eta identifikatuta izaten dituzte urtea bukatu baino lehen, gerora piezen inbentario zehatza izateko. «Arabako Foru Aldundiak urte amaierarako eskatzen dizkigu indusketen informeak», azaldu du taldeko kide Maite Iris Garciak. Behin txostenok bidalita, eta emaitzak mahai gainean izanda, udaberrian hasiko dira prestatzen hurrengo udarako lana. «Ziurrenik, etxe aristokratikoa eta Eneolitoko egiturak hartuko ditugu ardatz, baina oraindik badira alor asko zehazteke», aurreratu du Garciak.

Garrantzitsuena, heziketa

Profesionalak jarduteaz gain, dozena bat ikaslek ere hartu dute parte Torrentejoko indusketa lanetan. Quirosentzat, indusketa hau ez da garrantzitsua aurkitu diren piezengatik soilik, bertan emandako «heziketarako aukera» azpimarratu baitu. «Eskaera Internet bidez zabaldu genien hainbat unibertsitateri, eta 60 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena», azaldu du Garciak. «Eta ez ziren heldu Euskal Herritik soilik; Tenerifetik, Madrildik, Kataluniatik ere heldu zitzaizkigun, baita Europako beste herrialde batzuetatik ere. Interes handia zegoen indusketan parte hartzeko», gaineratu du.

Azkenean, soilik EHUko ikasleak aukeratu zituzten proiektuaren parte izateko. «Historiako ikasleak izan dira gurekin gehienbat, EHUk ez baitu Arkeologiako gradurik eskaintzen, tamalez», kexu da Quiros. «Urrezko aukera» galtzen ari direla uste du: «Unibertsitateak arkeologia ikasketarik ez eskaintzeak kalte egin diezaioke euskal arkeologiari, epe ertainean». Gai horrek «izugarri» kezkatzen du Quiros, haren ustez euskal arkeologiak egindako «urrats handiek» desagertzeko bidea har ditzaketelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.