Donostiako Zinemaldiak Ikusmira Berriak programa sortu zuen, ikus-entzunezko proiektuak garatzen laguntzeko. Seigarren aldira heldu da aurten, eta, lehenengoarekin alderatuta, %478 hazi da jasotako proposamenen kopurua. Aurten, 185 lan jaso dituzte denera, eta horietatik bost aukeratu dituzte: Gabriel Azorin, Jaione Camborda, Diego Cespedes, Elena Martin Gimeno eta Jessica Sarah Rinlanden proiektuak izan dira hautatuak.
Azorin Lacasinegra kolektiboko kidea da, baita Elias Querejeta Zine Eskolako lehen belaunaldiko ikaslea ere. Film labur zein ertainak erakutsi izan ditu zenbait jaialditan, eta Anoche conquisté Tebas (Tebas konkistatu dut bart) filma landuko du Ikusmira Berriak-en barruan. Portugalgo mutiko batzuk eta soldadu erromatarrak lotuko ditu bertan.
Cespedesek La misteriosa mirada del flamenco (Flamenkoaren begirada misteriotsua) bigarren film luzea aurkeztuko du programan, 1980ko hamarkadan, eta Txileko basamortuko meatzaritza herri batean girotu duena. Bigarren pelikularekin ariko da, halaber, Elena Martin Gimeno: «Errepresio sexual normalizatuaren ondorioez» hitz egin nahi du Creatura lan berrian.
Eta, berdin, Cambordak ere bigarren filmaren proiektua landuko du programan: O corno do centeo. Arousa (Galizia) uharteko emagin bat da kontakizuneko protagonista.
Bosgarren hautatua, Rinland, nazioarteko hainbat jaialditan aritu da bere aurreko lanekin. Monólogo colectivo (Bakarrizketa kolektiboa) deitu du filma, Jean Piaget psikologoaren terminoa baliatuta.
Zortzi asteko egonaldia
Zinemaldiarekin batera, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute Ikusmira Berriak programa. Egonaldia Tabakaleran izaten da, eta aurten, estreinakoz, sei asteren ordez zortzi izango dira denera. Martxotik apirilera egingo dute lehen zatia; maiatzean entregatuko dute lana, eta irailean itzuliko dira osatzera, Zinemaldiaren garaian. Zinemagile bakoitzak 5.000 euroko diru laguntza jasoko du.
Bost film berri hautatu dituzte Ikusmira Berriak programarako
Gabriel Azorin, Jaione Camborda, Elena Martin, Diego Cespedes eta Jessica Sarah Rinlandek zortzi asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu