Bost estreinaldik osatuko dute Zinemaldiko Culinary saila

Roger Zanuy, Alessio Rigo de Righi, Yuji Nakae, Peng Chen eta Alfred Oliveriren filmak emango dituzte Donostiako zinema jaialdiko gastronomia sailean, hilaren 19tik 23ra

Yuji Nakaeren The Zen Diary pelikulako irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako 70. Zinemaldiko Culinary Cinema saila bost filmek osatuko dute, eta, gainera, mundu mailako estreinaldiak izango dira guztiak: Roger Zanuyren Mibu. La luna en un plato, Alessio Rigo de Righiren La huella, historia de un parador de playa, Yuji Nakaeren The Zen Diary, Peng Chenen Nostalgia eta Alfred Oliveriren Virgilio emango dituzte hilaren 19tik 23ra bitartean. Zinemaldia bera 16an hasiko da, eta 24an bukatu.

Culinary Cinema sailaren helburua da zinemarekin, gastronomiarekin eta elikadurarekin lotura duten hezkuntzako, zientziako eta nekazaritzako jarduerak egitea. Horri lotuta, gastronomiarekin loturiko proposamen zinematografikoen hautaketa bat egiten dute antolatzaileek —filmak ez dira lehiaketan sartzen—, bai eta film bakoitzari lotutako afari tematiko bat antolatu ere. Berlingo nazioarteko zinema jaialdiarekin eta Basque Culinary Centerrekin lankidetzan antolatutako saila da Culinary Cinema.

Zanuyren Mibu. La luna en un plato filmak inauguratuko du saila irailaren 19an. Film dokumental horrek Japoniakogaur egungo jatetxe garrantzitsu baten ateak irekitzen dizkio ikusleari. Hain zuzen ere, Japonia klasikoaren ahaireak eta Tokioko abangoardia kosmopolita batzen dira Mibun, eta bertatik Ishida senar-emazteek haien istoria kontatzen dute .

Hurrengo egunean Rido de Righiren La huella, historia de un parador de playa filma emango dute. Duela hogei urte hiru lagunek erronka bat jarri zioten beren buruari: 1950eko hamarkadan ohikoa zen hondartza-ostatu bat eraikitzea Uruguaiko herri txiki batean.

Hilaren 21ean emango dute Nakaeren TheZenDiary filma. Mendian bizi da Tsutomu, bakarrik, eta bertan, saiakerak idazteaz gain, landatzen dituen barazkiekin eta biltzen dituen perretxikoekin zen erako janaria prestatzen du. Idazleak bere editore Machico du gustuko, eta, egun batean, hura bisitatzera joaten zaionean, bere errutina aldatuko da. Tsutomuk, pozik dagoela dirudi, baina oraindik ez ditu emaztearen errautsak barreiatu duela hamahiru urte hil bazitzaion ere.

Ostegunean, berriz, Chenen Nostalgia filma emango dute. 25 urterekin, Qinghe bere jaioterrira itzuli da Shenzenetik, baina bere herria asko aldatu dela ikusi du, eta horrek negozio batean lanean hastera bultzatuko du. Qinghek amonarekin igaroko ditu egun batzuk haren etxean, eta, bertan, urte batzuk lehenago etxe horretan gertatutako egoerak gogoratuko ditu. Bere aita oroituko du, gazterik hil zena, eta ama barkatuko du, berriro ezkondu zena. Gainera, kontsolamendua aurkituko du bi lagunengan.

Oliveriren Virgilio filmarekin bukatuko da Culinary Cinema saila. Virgilio Martinez sukaldari soil bat baino gehiago da; artista bat da. Liman duen Central jatetxea Latinoamerikako jatetxerik onena izendatu dute, baita munduko onenetan bigarrena ere. Pia Leon bere emaztea ere, munduko emakumezko sukaldaririk onena izendatu dute 2021ean. Virgiliok Peruko eskualde guztiak esploratzen ditu, eta mundua desnibelean kontzeptu iraultzailea sortzeko lurraren goraguneetan oinarritu da. Horrek, munduak tokiko gastronomia ikusten duen modua betiko aldatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.