Antzerkia

Bost estreinaldi izango dira Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 33. Jaialdian

Festibala maiatzaren 2tik 19ra egingo dute, Gipuzkoako hiriburuko espazio «ezohikoetan».

Amahiru konpaniaren 'Duzhe Gaizki' obra.
Amahiru konpaniaren 'Duzhe Gaizki' obra. AMAHIRU
mikel lizarralde
Donostia
2024ko apirilaren 23a
14:11
Entzun

Arte eszenikoetako formatu txikiko proposamenak leku ezohikoetan eskaintzea izan du helburu Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak sortu zenetik. Aurten ere xede horrekin berarekin antolatu dute jaialdia. 33. aldia izango du festibalak, eta maiatzaren 2tik 19ra egingo dute. Bost lan estreinatuko dituzte, eta horien artean izango da Donostia Kulturak EHAZErekin eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuarekin lankidetzan antolatutako Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntza deialdiaren irabazlea, F taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei antzezlana. Maite Aizpuruak zuzendu du obra.

Gainerako estreinaldiak hauek izango dira: Maider Diazen eta Xabin Fernandezen Famiglia —finalista izan da sorkuntza deialdian—, Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Desorduetan, Maitetxu Miaren Hau da hau Euskandaloa! eta Andoni Mutiloaren Gora Poltsiko antzerkia!.

Jaialdian, ohi bezala, antzerkia, kabareta, bakarrizketak, magia emanaldiak eta beste uztartuko dituzte, eta saioak antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan izango dira, batik bat tabernetan.

Aurten hamalau konpainia ariko dira Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian, eta 32 emanaldi eskainiko dituzte. Horietatik hamasei euskaraz izango dira.

Aipatutakoez gain, lan hauek taularatuko dituzte: Magma mia (Beatriz Egizabal), Besarse de risa (Paco Enlaluna), Duzhe Gaizki (AmaHiru), Ver para creer (Peio Rivas), Material (Teatro de los Chinos), Todo muy amarillo (Luis Quo), Nexo, un cabaret psíquico (Jon Zabal) eta El genoma del pavo (Rafa Maza).

Maiatzaren 17an festa bat egingo dute Convent Gardeneko kriptan, eta bertan The Chanclettes & La Mega Publiaren La santa fiesta ikuskizuna eta Mutiloaren Gora Poltsiko antzerkia! kabareta emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.