Anaitasuna fabrika ez dabil ondo. Inork ez dauka argi zer gertatzen den, baina langileen arteko harremanean ere eragin du krisi ekonomiko eta sozialak. Pertsona horiek bestelako krisietan, pertsonaletan eta intimoetan, trabatuta daude, eta ez dakite egoera horri nola aurre egin. Hori kontatzen du Harkaitz Zubirik (Donostia, 1977) Etxekalte (Susa) haren aurreneko eleberrian — 2007an Zakur Kale (Susa) narrazio liburua kaleratu zuen—. «Nora ezean dauden pertsonaiak dira eleberriaren ardatza. Ez daukate argi zer egin behar duten, zertan ari diren... Sarri, haien jokatzeko moduagatik, etxekalte aritzen dira», adierazi zuen Zubirik, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. Ondoan zeukan Mikel Peruarena idazlea eta BERRIAko kazetaria. Haren iritziz, «bost buia galdu» dira protagonistak, «aingurarik gabe» itsasoan daudenak. «Gure gizartearen kronika bat da», nabarmendu zuen.
Eta bost dira buia horiek, eleberrian pertsonaia gehiago azalduagatik, protagonistak bost direlako. Haiek harilkatzen dute istorioa, «gatazka», Gorka Arrese Susako editoreak adierazi bezala. Kapituluak, aldiz, 20. «Horietako bakoitzak pertsonaia baten izena dauka. Hortaz, izen batzuk errepikatu egiten dira. Kapitulu bakoitzean kamera objektibo samar baten bidez begiratzen die Harkaitzek pertsonaiei», esan zuen Arresek. Peruarenarentzat behatzeko «gaitasun handia» dauka Zubirik: «Xehetasun handiz egiten ditu deskripzioak. Hotzak izan daitezke, baina horrek egiazkotasuna ematen die. Gutxik kontatzen dituzte gure harremanak hark daukan begiradaren zorroztasunarekin». Pertsonaia horien — «pertsonaiak baino gehiago pertsonak dira»—argien eta itzalen berri emanez. «Izan ere, Josuk, protagonistetako batek, esaten duen bezala, 'ezer ez da dirudiena'».
Etxekalte-ko protagonista bakoitzak bere egia dauka Peruarenarentzat, «errealitatean egia bat baino gehiago dagoelako». Egia horiek «gurutzatu» egiten dira eleberrian. Hortaz, iruditzen zaio bost pertsona horien artean sortzen dena pentagonoa dela. «Triangelu batean harreman zailak sortzen baldin badira, zer esan pentagono batean...».
Hori guztia «su txikian» egosi duela aitortu zuen Zubirik. Aspaldi egin zuen argitaratu berri duenaren zirriborroa. «Gusturago sentitzen naiz, eta, gainera, eleberriak eskertzen duelakoan nago». Peruarena iritzi berekoa da: «Lerro bakar bat ere ez da debaldekoa». Egilearen arabera, literaturaren betiko gaiak erabili ditu lerro horiek osatzeko: «Maitasuna, maitasunik eza, heriotza, gorrotoa, boterea...». Eta gaiak lantzeko «ezagutzen» duena baliatu du: Donostia ia haren oso-osotasunean. «Irakurleari ezagunak egingo zaizkio lekuak, pertsonaiak, gertaerak... Donostia da, baina izan zitekeen Baltimore», esan zuen Peruarenak. Etxekalte, esaterako, Donostiako taberna bat da, eta eleberriaren amaierako pasarte bat han garatzen da. «Gainera, ba omen zegoen Donostian Etxekalte deitzen zioten pertsona bat...».
Markoak, baina, behar zuen beste zerbait, eta tragedia klasikoetan bezala eleberrian «giro bat sortzen» saiatu dela nabarmendu zuen Zubirik: «Baina badago ezberdintasun bat. Izan ere, sortutako tentsio horrek ez du hildakorik eragingo kasu honetan». Haren irudiko, «etxekaltez josita» daude tragedia klasikoak: «Pertsonaiak gurutzatu egiten dira, tentsioa sortzen da, eta horrela garatzen da kontakizuna».
Etxekalte-ren gakoak ere eman zituen, idazleak eleberriari buruzko gakoak emateko «monopolioa» ez duela uste duen arren. «Bat izan daiteke pertsonaia horiek fabrika batean lan egiten dutela. Baina eleberria ez da fabrikaren bizitzari buruzkoa, horretan lan egiten dutenen bizitzari buruzkoa baizik». Argi utzi nahi izan zuen, gainera, eleberrian islatzen duen gizartea krisi ekonomiko eta sozialean egonagatik «ustelkeria» edo gure «alde ilunak» ez dituela ardatz.
Nora ezaz gain, ordea, beste gai bati buruz hausnartu nahi izan du: «Nola sartzen den bizitza kolektiboa bizitza pertsonalean, eta alderantziz. Horrek eragiten dienari buruz». Pertsonaiei, «35 eta 45 urte artean» dituzten protagonistei, alegia. Zubirik haien «motibazioak eta izaera oso modu sintetikoan eta bizkorrean» trazatzen dituela irizten dio Arresek: «Pertsonaia multzo handi hori hain denbora bizian gobernatzea ez da erraza. Gure literaturan estilo ezagutu gabea da berea». Areago jo zuen Susako editoreak: «Pertsonaiak garatzeko, eta istorioak antolatzeko zein askatzeko, gaitasun berezia dauka Harkaitzek [Zubiri]. Bere lehen eleberria izateko, ez da ohikoa». Are gehiago, pertsonaia horiek krisi pertsonaletan trabatutako bost buia direnean, nora ezean dabiltzanean.
Bost buia galdu, nora ezean
Krisi pertsonaletan trabatuta daudenak dira protagonista 'Etxekalte' Harkaitz Zubiriren bigarren lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu