Prozesu luzea da film bat egitea, fase askokoa, aurre-ekoizpenetik hasi eta promoziora arte. Ezer baino lehen, ordea, ideiak garatzea komeni da, eta horretarako espazioa eta denbora eskaintzen ditu Ikusmira Berriak programak. Laugarren edizioan, bost zinemagileren proiektuak hartu ditu, eta haiek sei astez garatzen ariko dira Tabakalerako Sortzaileen Gunean, Donostian. Astelehenetik lanean dihardute jasotako 155 proposamenen artean aukeratu dituzten bost zuzendariek: Manuel Abramovich, Elena Lopez Riera, Arantza Santesteban, Nele Wohlatz eta Grigori Kolomitsev. Tabakalera eraikina izango da haien lantokia, programaren antolatzaileak baitira Tabakalera zentroa bera eta egoitza bertan duten Donostiako Zinemaldia eta Elias Kerejeta Zinema Eskola.
Abramovichek esperientzia du filmak egiten. Iaz, Soldado aurkeztu zuen Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta aurten El oasis laugarren filma prestatzen ari da egonaldian. Pornografiaren inguruko film bat ontzen ari da, «ez film pornoa», interesgarria iruditzen baitzaio sexua nola bilakatzen den fikzio. Sarearen inguruko gogoeta bat egingo du lanean, protagonistak gorputza bera eramango baitu sarera. Gidoia idaztea du helburu, baina filmatzeko garaian ez da gidoia zehatz-mehatz errespetatzen dutenetakoa; gida bat eduki besterik ez du nahi.
Lopez Riera, aldiz, lehen film luzea prestatzen ari da, hainbat labur egin eta gero. Idazketa fasean dago bera ere. Alacantekoa (Herrialde Katalanak) da, eta bere herrian urarekin duen harremanean sakondu nahi du lanean. Oso leku idorra da, baina, euria egiten duenean, urak hartzen du. Aurretik egin dituen laburretan erakutsi du bere belaunaldiak nola daraman historiaren zama, eta horri ere helduko dio prestatzen ari den filmean.
Santestebanek ere lehenengo film luzea egingo du Tabakalerako egonaldian. Argi dio film bat egitea ez dela lan erraza, eta programan eskainitako espazioan eta denboran 918 gau izeneko proiektuari emango dio forma. Espetxeko eta kanpoko errealitateak elkartzen dituzten gutunak dira proiektuaren oinarria, mundutik isolatuta bizitzea zer den irudikatzeko. Egonaldian feedbackak duen garrantzia azpimarratu zuen Santestebanek, Ikusmira Berriak badelako emateko eta jasotzeko elkargune bat ere.
Wohlatzek tartea hartu nahi du buruan dituen galderei erantzunak bilatzeko, Dormen os peixes de olhos abertos? (Arrainek begiak irekita egiten dute lo?) proiektuan sakontzeko. Hizkuntza askotan egin nahi du lan; izan ere, filma Brasilen girotu duen arren, hiru txinatar izango dira protagonistak. Anekdota bat kontatu zioten behin: Brasilgo apartamentu dorre batean Txinatik produktuak inportatzen zituzten langileak elkartzen hasi ziren, eta, azkenean, liskartu egin ziren. Hiri tropikal bateko kronika idatzi nahi du.
Kolomitsevek harreman estua du dagoeneko Donostiako Zinemaldiarekin. Lehen nazioarteko jaialdia izan zuen 2016an, eta bertan aurkeztu zuen iaz bere graduazio film laburra. Orain, estreinako film luzea prestatzen ari da Ikusmira Berriak-en. Sorterrian, Errusian bizi diren 9 urteko mutiko bat, haren ama eta Chupacabras izaki mitologikoa nahastuko ditu filmean.
Zinemagileei prozesuan laguntzeko, hiru profesionalez osatutako aditu talde bat ari da haiekin lanean: Fodhla Cronin O'Reilly ekoizle irlandarra, Sergio Oksman zinemagile brasildarra eta Savina Neirotti TorinoFilmLabeko zuzendaria. Programaren aurkezpenean, Neirottik esan zuen egonaldiak «bakardadearen eta elkarlanaren arteko balantza» eskaintzen diela sortzaileei. Oksmanek hirugarren urtea du Ikusmira Berriak-en, eta «elkarrizketarako espazioa» da harentzako. Hirurek gogorarazi zuten bost zinemagileak artistak direla, eta bakoitzak badituela bere ibilbidea eta bere ikuspuntua. «Badakite zertan ari diren», zioen Neirottik; adituen lana zuzendarien ikuspegia indartu eta proiektuetan sakontzea da, haren ustez.
Talentuen bultzada
Talentu berriekin konpromiso irmoa azaldu zuten Donostiako Zinemaldiko eta Elias Kerejeta Zinema Eskolako zuzendariek, Jose Luis Rerbordinos eta Carlos Mugirok. Rebordinosek iragarri zuen zinemaldiak asko aldatuko direla datozen urteetan; gakoa dela arreta jartzea filmentzat, industriarentzat ona den horretan, ikuskizunari eta izarrei hainbesteko garrantzirik eman gabe. Horregatik, helburuetako bat da Zinemaldia ez mugatzea hamar egunera. Ari dira lanaren fruituak jasotzen: Ikusmira Berriak programan eginiko lehen film luzea aurkeztuko dute aurten Zabaltegi-Tabakaleran.
Elias Kerejeta Zinema Eskolak lehenengo aldiz hartuko du parte egitasmoan, eta Mugirok naturaltzat jo du elkarlana, Tabakalerako espazioaz gain oinarrian dagoen ideia ere partekatzen dutelako: talentu berriei babesa ematea eta haien ideiak garatzen laguntzea.
Bost begirada berri indartzen
Zinemagileek Ikusmira Berriak programako bost proiektuak aurkeztu dituzte. Egoiliarrek sei aste emango dituzte Donostian ideiak garatzen, hainbat adituren laguntzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu