Musika

BOSen eta Bilboko Koral Elkartearen kontzertuarekin hasiko da Musika-Musica

76 kontzertu izango dira Bilboko jaialdiaren 23. aldian, martxoaren 1etik 3ra.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiarekin hasiko da jaialdia. BOS
Bilboko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiarekin hasiko da jaialdia. BOS
mikel lizarralde
Bilbo
2024ko otsailaren 12a
17:00
Entzun

Musika-Musica jaialdiak 76 kontzertu eskainiko ditu, martxoaren 1etik 3ra bitartean, Bilbon, eta Irudiak leloa bere hartuta. Euskalduna jauregiko bost aretotan izango dira emanaldiak, horietako asko aldi berean. Asteazkenean, eguerdian, jarriko dituzte kontzertuetarako sarrerak salgai.

«Musika-Musica jaialdia hiri honen kultur estandarteetako bat da, eta baita nazioarte mailan sendotuenen dagoenetako bat ere», azaldu du, gaur goizean eginiko agerraldian, Amaia Arregi Bilboko Segurtasun zinegotzi eta jarduneko alkateak. Horri lotuta, Arregik adierazi du Musika-Musica jaialdiaren ezaugarriek «bakana» bihurtzen dutela, eta festibalak iraungo duen hiru egunetan mila profesional eta 700 interprete gaztek hartuko dutela parte «maratoi» gisa definitu duen topaketan. Hain zuzen ere, musika kontserbatorioetako eta bestelako eskoletako 700 bat ikaslek Kioskoa izeneko gunean emango dituzte kontzertuak. Jaialdiaren helburu nagusia zein den ere zehaztu du Arregik: «Musika klasikoa jende guztiarengana eramatea».

Kontzertu guztiak Euskalduna jauregian  izango dira, salbu inauguraziokoa. Martxoaren 1ean izango da hori, Arriaga antzokian. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak emango duten kontzertuan, Jesus Guridiren Eusko irudiak eta Modest Mussorgskiren Erakusketa baten koadroak —Maurice Ravelek orkestrarako egin zuen moldaketa abiapuntu izango duena— interpretatuko dituzte.

Irudiak ardatz

Irudiak du izenburu aurtengo jaialdiak, eta lelo horri lotuko zaizkio kontzertuetako asko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru egunetan Beethoven, Mozart, Shubert, Falla, Granados, Debussy, Ravel eta beste hainbat konpositoreren obrak entzungo dira Euskaldunan, eta horietako askok arteari eta naturari erreferentzia egingo diete.

Irudiak zinemaren bitartez ere egongo dira Musika-Musica jaialdian ordezkatuak. Hala, Gaztela-Leongo Orkestrak (Espainia) Leonard Bernsteinen zinemarako lanean oinarritutako emanaldia eskainiko du, eta Bilboko Udal Bandak Marcel Peetersen Charles Chaplinen melodien gaineko suitea  eta Anton Alcaldek Chaplinen The Pawnshop filma zuzenean laguntzeko konposatutako soinu banda interpretatuko ditu.

Jaialdian, musika entzuteko ez ezik, musikaz aritzeko plazak ere izango dira, dela hitzaldien dela mahai inguruen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.