BOSeko langileen lanuzteak hankaz gora jar dezake 'Mari-Eli' zarzuela Arriaga antzokian taularatzea

Lanuzte «partzialak» iragarri dituzte datorren asteazkenerako eta ostegunerako Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek. Egun horietan Jesus Guridiren 'Mari-Eli' zarzuelaren bi emanaldi egitekoak dira antzokian.

Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek elkarretaratzea egin dute hil honetan Euskalduna jauregiko atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek elkarretaratzea egin dute hil honetan Euskalduna jauregiko atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko apirilaren 25a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek lanuzteetan jarraituko dute, eta horrek eragin zuzena izango du Arriaga antzokiaren egutegian. Apirilaren 30erako, asteazkena, eta maiatzaren 1erako, osteguna, lanuzte «partzialak» iragarri dituzte, eta, hortaz, kolokan daude Jesus Guridiren Mari-Eli zarzuelaren bi emanaldiak.

Arriaga antzokiaren agendan gorriz markatuta daude apirilaren 30a eta maiatzaren 1a. Mari-Eli zarzuelaren estreinaldia antzokiaren egutegiko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Jon Malaxetxebarriak zuzentzen duen obra horretan, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta zenbait kantari dira aritzekoak. Esaterako, Andrea Jimenez, Botond Odor, Gexan Etxabe, Fernando Latorre eta Lara Sagastizabal. Oholtza zuzendaritzaz, berriz, Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoa arduratu da. Orkestrako langileen grebarako deiaren ondorioz, ordea, bertan behera geldi daitezke bi emanaldiak.

Egun horietarako antolatu dute greba BOSeko langileek: asteazkenean, 20:00etatik aurrera, eta ostegunean, 19:30etik aurrera. Greba abiatu baino ordu erdi lehenago dira hastekoak bi emanaldiak.

Hilaren 10ean eta 11n hasi zuten greba Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek. Beren tresnak isildu, eta oholtzatik alde egin zuten, egun horietan zeuzkaten kontzertuak hasi eta hamabost minutura.

Mobilizazioa ez zen horretara mugatu, ordea. Orkestrako langileek lanuzteetan jarraitzeko asmoa zutela erakutsi zuten; lan baldintzak hobetzen ez dizkieten bitartean, behintzat. Aste Santuko oporraldiak amaituta, mobilizazioei eutsiko zietela adierazi zuten; esan eta egin. Iragan asteartean egindako batzarrean erabaki zuten greban aurrera egitea. Sindikatuek adierazi dute «langileen %85 inguruk» egin dutela lanuzteetan jarraitzearen alde.

Arriaga antzokiaren oharra

Arriaga antzokiak ohar bat zabaldu du Mari-Eli zarzuelaren emanaldietara joateko asmoa daukatenei grebaren berri emateko. Antzokiak azaldu du ez dutela grebarekin «inolako zerikusirik», baina deialdia «bat datorrela» Arriaga antzokian egin nahi dituzten bi emanaldiekin. «Horren arabera, programatutako Mari-Eli zarzuelaren bi emanaldien kalitate artistikoari eragingo die, ikuskizunaren jatorrizko ikuskerari dagokionez», gaineratu dute.

Hala ere, Arriaga antzokiak jakinarazi du «eskura dituen baliabide guztiak» jarriko dituela zarzuelaren bi emanaldiak «osorik eta modu egokian» egiteko.

Badaezpada ere, sarrerak itzultzeko argibideak eman ditu antzokiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.