BOSek bertan behera utzi du biharko eta etziko greba deialdia

Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia negoziazioan inplikatuko direlako lortu dute akordioa Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzak eta langileek. Horrenbestez, 'Mari-Eli' zarzuelaren emanaldiek ez dute etenaldirik izango Arriaga antzokian.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa, artxiboko irudi batean.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa, artxiboko irudi batean.
garbine ubeda goikoetxea
2025eko apirilaren 29a
21:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar eta etzi Arriaga antzokian egitekoak diren Mari-Eli zarzuelaren emanaldiak ez du langileen oztoporik izango. Bilboko gizarte arloko epaitegian lortu dute akordioa Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzak eta langileek. Izan ere, BOSeko zuzendaritzak auzitara jo zuen langileen grebaren aurka, «legez kanpokotzat» eta «abusuzkotzat» baitzeukan. BOSeko zuzendaritzak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia negoziazioan inplikatzeko konpromisoa erakutsi izanak akordioa bideratzen lagundu du, langileen ordezkari sindikalek adierazi dutenez. Izan ere, bi erakunde horiek finantzatzen duten Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Auzitara jo aurretik, Lan Harremanen Kontseiluan bildu dira bi aldeak, baina ez dute lortu ados jartzea.

Horrenbestez, Jesus Guridiren Mari-Eli zarzuelaren bi emanaldi egingo dituela berretsi du Arriaga antzokiak. Antzokiak berak produzitu du zarzuela, BBK fundazioaren laguntzaz.

Jon Malexetxebarria da Mari-Eli-ren zuzendari musikala, eta Calixto Bieito eszena zuzendaria. Solistak, berriz, Andrea Jimenez, Botond Odor, Gexan Etxabe, Fernando Latorre, Lara Sagastizabal, Christopher Robertson eta Julen Garcia izango dira. Iñaki Maruri, Mitxel Santamaria eta Ugaitz Alegria aktoreek ere parte hartuko dute zarzuelan, baita Bilboko Elkarte Koralak ere.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.