Gaiztotuta dago Bilboko Orkestra Sinfonikoko lan gatazka. Langileek aste honetarako iragarritako grebak bertan behera utz dezake Arriaga antzokiak asteazkenean eta ostegunean egin asmo zuen Jesus Guridi konpositorearen Mari-Eli zarzuelaren estreinaldia. Eta deialdi horren aurka gizarte arloko epaitegira jo duela iragarri du orain BOSeko zuzendaritzak. Haien ustez, greba «legez kanpokoa» ez ezik, «abusuzkoa» ere bada, eta hedabideei bidalitako oharrak, gainera, gogor gaitzesten du langileen jarrera. «Greba arrazoi erabat ekonomikoengatik egiten dute. Egun baino gutxiago lan egitea baino ez dute bilatzen».
Lan hitzarmena da gatazkaren jatorria. BERRIAri azaldutakoaren arabera, gaixoaldian edo baimena hartuta dauden langileak eta hutsik dauden postuak ordezka ditzatela nahi dute langileek, eta eskari horretan eten dira negoziazioak. Zuzendaritza ez baita eskari hori betetzeko prest azaldu.
Ikusi gehiago
Apirilaren 10ean eta 11n egin zituzten lehen grebak Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek. Kontzertuak hasi eta hamabost minuturen buruan utzi zuten oholtza, emanaldia ere bertan behera utzita. Hurrengo egunetan ere antzera arituko direla iragarri du langile batzordeak. Arriaga antzokiko emanaldiak 19:30ean dira hastekoak, eta 20:00etan abiatuko dute greba langileek. Lehen une hartan ere greba egiteko arrazoirik ez zegoela esan zuen BOSeko zuzendaritzak, eta iritzi bera du oraindik ere.
«Arriaga antzokia bahitu egin nahi dute ekoizpen propio baten estreinaldi betean»
BILBOKO ORKESTRA SINFONIKOKO ZUZENDARITZA
Gogortu egin du tonua, halere. BOSeko zuzendaritzak gaitzetsi egin du langile batzordearen jarrera orain ere, adierazi dutenez Arriaga antzokiaren kontra egitea erabaki baitu. «Bahitu egin nahi dute ekoizpen propio baten estreinaldi betean».
BOSeko zuzendaritzak, hain justu ere, Mari-Eli zarzuelaren balioa nabarmendu nahi izan du. Gogoratu dutenez, Jesus Guridi konpositoreak argitaragabe utzitako partitura bat du oinarri emanaldiak. Eta hura berreskuratuta antolatu ahal izan baitute emanaldia. Eta lehen mailako ondarea bihurtzen baitu horrek. Horregatik, zuzendaritzak ez du uste langileek, inoiz esan izan duten moduan, «Bizkaiko kulturaren etorkizuna» dutenik buruan. BOSeko zuzendaritzak adierazi du kultur ikuspegitik emanaldiak bertan behera uzteak «kalte larria» eragiten duela, eta esan du «zentzugabekeria» bat dela ere. Eta, horrekin batera, langileen erabakiak eragiten duen kalte ekonomikoa ere aipatu dute. «Mari-Eli bertan behera uzteak milioi erdi euroko kaltea eragingo dio Arriagari, eta 27.000 eurokoa orkestrari».
Horregatik, zuzendaritzaren esanetan, «desproportzionatua» da greba egingo duten langileetako bakoitzak izango duen 150 euroko soldata murrizketaren eta Arriaga antzokiari grebarekin eragingo zaion kaltearen artean.
«Lan egin gabeko egunak»
Zuzendaritzak ohar bidez zehaztu dutenez, 44 musikarik hartuko dute parte Mari-Eli zarzuelan, eta 28 musikarik librantza teknikoa izango dute. Zuzendaritzaren arabera, egora horretan egonik, «lan egin gabe kobratzen arituko dira» azken langile horiek. Eta, hain zuzen ere, librantza tekniko horiek BOSeko langileen «pribilegioa» direla zehaztu du zuzendaritzak. «BOSeko langile bakoitzak Bizkaiko sektore publikoko gainerako edozein langilek baino 246 ordu gutxiago egiten ditu lanean urtean».
Eta, kalkulu horri tiraka, orkestra osoak urtean lan egin gabeko 21.000 ordu ematen dituela ere zehaztu du zuzendaritzak. «Adibide bat jartzearren, hamahiru pertsona urtebetez lanera ez joatearen pareko da hori».
Euskadiko Orkestrarekin ere alderatu ditu BOSeko langileen baldintzak. Zuzendaritzaren hitzetan, Euskadiko Orkestrako langileek lanordu gehiago egin eta gutxiago kobratzen dutelako.