Bortzirietako zortzi kidek osatzen duten Hor Gu taldea izan da garaile Bardoak Nafarroako bertsolari txapelketaren aurtengo aldian. Larunbatean jokatu zuten finala, Garesko (Nafarroa) Zamariain pilotalekuan, eta, Hor Gu taldea ez ezik, Baztango Baztanzopak eta Bortzirietako eta Baztango kideek osatutako Mutilatuak taldea ere lehiatu ziren saio hartan; hirurak ziren finalistak. Ariketa puntuagarriak bukatutakoan, publikoko bost lagunek eta txapelketan parte hartu duten gainerako taldeetako kide banak hala erabakita izendatu zituzten irabazle Hor Gu taldekoak: Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Esti Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika.
«Ahizpatasunez elkar babestuz kantari arituko diren sorginak». Hitz horiekin deskribatu zuten irabazleek euren burua txapelketaren atarikoan. Hala, kideak «sorginkeriatan» aritu dira irailaren 13az geroztik —orduan izan zuten lehenbiziko saioa, Lesakan—: lehenbiziko faseko bigarren saioa Erratzun jokatu zuten, eta finalaurrekoak Iruñean eta Tuteran, Gareserako txartela eskuratzeko. Aurten, guztira 23 saio izan dira Bardoetan, hamahiru talde lehiatu dira, eta 92 kidek hartu dute parte horietan guztietan; izan bertsotan, gaiak jartzen edo antolaketan.
Finalean 11 bertsolari aritu ziren kantuan, eta talde bakoitzeko kide bana aritu zen gaiak ematen; antolatzaileek emandako informazioaren arabera, ehun entzuletik gora izan ziren finala aditzen. Saioaren kronika Nafarroako Bertsozale Elkartearen webgunean da irakurgai.
2012an antolatu zuten Bardoak txapelketa aurreneko aldiz, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa egiten ez den urteetan egiten da ordutik. Zenbait urtez, asteburu bakarrean egin izan dute egitasmoa, baina aurten berriz antolatu dute aitzineko maneran.