Bortz antzezlan, bortz film labur eta bi liburuki ilki dira Geuretik Sortuak-etik

Udalbiltzak bultzatu duen proiektu horretan 26 artistak eta 39 udalerrik parte hartu dute. Sorkariak herriz herri aurkezten hasi dira. Gobernuek ez dute diruz lagundu

Koro Etxeberria, Geuretik Sortuak egitasmoko arduraduna, atzo, Uztaritzen, parte hartu duten bortz antzerki konpainien lanak aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Uztaritze
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«'Behar dugun lekian gira, ez dut dudarik'/ Ireki diot esku ahurra/ ogi papurrak eskaintzeko/ Hitz apurrak mende oso bat/ garraia dezake/ izerdiak ibilitakoa hainbertze/ eta non gaude gu inon ez bada/ istorio ederrak kontatu ezean», errezitatzen ari da Iban Garro, Urepelen (Nafarroa Beherea) etzan dituen eleak; Olatz Rojoren flautak lagundurik. Uztaritzeko (Lapurdi) Lapurdi gela jendez ongi bete da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren berri hartzeko. Christian Ibarburu kultur axuantaren ongijinetik landa mintzatu da Jabi Asurmendi, Udalbiltzako lehendakaria: «Benetan, ez da erraza denon artean egin duguna». Lehen aldi honetan parte hartu duten guziak eskertu ditu.

Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariak hartu du segida Geuretik Sortuak proiektuaren laburtzeko: artistei zuzenduriko diru-laguntza deialdian izena eman zuten 73etatik, 26 hautatu ziren: bost zinemagile, bost antzerki konpainia eta hamasei idazle. «Egonaldiak egin dituzte hainbat herritan, 2021eko maiatzetik abendura bitarte: hiru astez aritu dira herriaren historia jasotzen, bertakoekin hitz egiten, ingurumarietan ibiltzen». Atzo aurkeztu zituzten Euskal Herriko lau haizeetako 26 artistak Euskal Herriko bazter orotan hiru asteko egonaldietan obratu dituztenak.

Literaturan, genero eta estilo franko dastatzeko parada eman du Geuretik Sortuak proiektuak; hautatutako hamasei artisten lumek hitzekin irudiak marraztu dituzte, edo irudiak hitzekin: narrazioa, komikia, ipuin ilustratua eta poesiak agertu baitira.

Iñaki Martiarena Mattin-ek, konparazione, Aska komikia sortu du Araitz-Larraun-Betelun (Nafarroa); Garazi Albizuak, Harria mito eleberri ilustratua Leitzan (Nafarroa); Itxaro Bordak, Gauak zuri Usurbilen; Edorta Jimenezek, Jeanne, Uztaritzen berean; Nahia Zubeldiak, Phileas, Larrabetzun (Bizkaia); eta Fito Rodriguezek, Ostantza narrazioa, Ondarroa-Berriatuan (Bizkaia)... Maitane Perez, Maialen Akizu, Peru Calabaza, Bertol Arrieta, Danel Lauzirika, Nefer Olaizola, Sarai Robles, Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta dira gainerakoak.

Sormen lanak oro bi liburutan bildu dituzte: Hamazazpigarrenean aidanez, Dijitalidadeako editoreen joste makinetatik pasatuta. Bi azalak Garbiñe Ubedak diseinatu ditu. Lehen liburuki gorrian oraindik zabaldu gabeko kimuak bigarren liburuki urdinean ongi zabaltzen ari dira. Izenburuak Anjel Lertxundiren obrari egiten dio begi kliska: «Hamasei lanek hamazazpigarren bat osatzen dutelako», erran dute editoreek.

Itxaro Bordak «zinez preziatu» du Usurbilgo (Gipuzkoa) egonaldia: «Biziki ongi antolatua zen, idazteaz ez beste kezkarik ukan ez dezagun: hori, gure bizitzan, sekula ez. Jende anitzek nirea bezalako langile bizitza izan du; beraz, idaztea izan da beti denbora ebasketa bat denborari. Hor, erresidentzian, kezka hori kentzen duzu. Imajinatzen duzu idazle bat nola bizi daitekeen». Aitortu du egonaldi horrek ustez ezagutzen zuen beste Usurbil bat erakutsi diola: «Argira ateratzen ez den jendea ikusi dut: laborariak, etorkinak, gazte, zahar... Horrekin egin dut ene narrazioa». Berrogei orrialdetan, lau gau herri horretan berean pasarazi dizkie pertsonaiei; «amodio, ez amodio zalantza horretan». Esperientzia bertze idazleei ere opa die: «Profita dezatela Euskal Herrietako murgiltze literatura sortze ereduaz».

Egitasmoan parte hartu duten 39 herrietan dituzte egitekoak Uztaritzekoa bezalako aurkezpenak. Aldi guziez, literatura, zinemagintza eta antzezpenetako lagin ezberdinak dastatzerat emanez. Preseski, taula gaina antolatzailez hustu da, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek igogailu bilakatu baitute, Sexberdinak obraren zatiño bat erakusterat emanez. Arrigorriagako (Bizkaia) egonalditik jalgi da sorkuntza, zeinean Mireia Gabilondok zuzendu baititu Telmo Irureta eta Kepa Errastiren idatziak. Tanttaka Teatroak «sexuaren eta ezgaitasunaren tabu bikoitza apurtzeko asmoa» duela aitzinatu du Hernandok.

Garmendiarendako, esperientzia «zoragarria» izan da, nahiz ez datekeen ariketa aisita umorez estaltzea kutsu tragiko errealista duten eguneroko egoerak. Aitzinerat ezarri du beti defendatu izan duela umorea «ikaragarri sendagarria» dela, «edozertarako» erabili beharko litzatekeela. Are garai hauetan, zeinetan «gero eta zailtasun handiagoak» baitira. Duda guti: emanaldi hau ez luke Iruretarekin baizik eginen: «Beste inorekin ez nintzateke ausartuko, gaiaz barre egiteko lehen-lehena bera izaten baita. Umoreak errespetu handiko zerbait izan behar du. Norbera hasi dadila bere buruaz barrezka». Hari beretik, gehitu du Iruretaren paralisiaz franko mintzo dela pieza, baina baita Garmendiarenaz ere, «denok baitauzkagu».

Bertze lau antzezlan ere jalgi dira: Oier Zuñiga iruindarrak Eresia lana ondu du Bergaran, Elgetan eta Antzuolan (Gipuzkoa), ama galtzearen dolua ardatz; Lore More konpainia nafarrak Trapu Zikinak Oiartzunen (Gipuzkoa), antzinako herri garbilekuetan lanean aritzen ziren emakumeen omenez; Bonbon Beltz konpainia zuberotarrak Harri Minak; Metrokoadroka konpainiak, azkenik, herriz herriko kultura ikusezinaren erradiografia egingo du Bidaide lanarekin, Atarrabian eta Uharten (Nafarroa) sortua.

Dominika Rekalt Titika-k Bonbon Beltz konpainian lan egin du, Oñatin (Gipuzkoa), beraz. «Oñati ideal horren gibelean zer baden erakutsi nahi izan dugu. Eta gu antzerkilari gisa ere bai, gure itzal eta argiak. Ematen du bi espeleologo garela Oñatiko karriketan». Josune Gorostegirekin batera ari da aktore lanetan, Amancay Gaztagañagaren zuzendaritzapean.

Hiriko sormen egonaldia berritzailea izan zaio: testu idatzitik baino gehiago «inprobisaziotik» eraiki baitute obra: «Gorputzean errazago sartzen dira hitzak». Lan baldintza «ezin hobeak» eskertu ditu: «Horretan ikusten da Euskal Herrian ez dela kultur politikarik instituzioetan».

Geuretik Sortuak egitasmoko zinemaren atalean, Gastibeltza ekoiztetxeak bi film labur grabatu ditu. Alde batetik, Josu Martinezen Hitzak, Baigorrin (Nafarroa Beherean), zeinak hizkuntza transmisioa baitu ardatz: «60ko hamarkadan, Bizkarsoro herriko neska gazte baten istorioa da, hizkuntzarekin duen harremana», kontatu du, «zinez kontent», ekoiztetxeko Kati Poxeluk. Bigarren obra Eñaut Castagnetena da: Muga, Bera eta Lesakan filmatua(Nafarroa): «Afrikako etorkin gazte baten istorioa da; mugaldeko edonon koka daiteke».

Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Tafallan (Nafarroa) grabatu dute Krak; Leire Egañak Galdakaon (Bizkaia) egin du Erlojupekoa; eta Raul Barrerasek Hernanin (Gipuzkoa) Arnasa izeneko film laburra. Bortz lan laburrez luze bat garatzen ari da Adabaki ekoizpena: Bost teilatu.

Asurmendik itxi du ekitaldia, hiru gobernuek eman ez dituzten diru laguntzek penaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.