Borrokaldia

Belfastekoa da. Poeta, kantaria, idazlea. Aktibista izan zen eta da bere herrian. Maite du musika tradizionala, eta dio gau atsegin gehiegi pasatu dituela kantari eta bizitzaz gozatzen Donegalen, bundún dearg na hoíche arte (goizaldeko talo gorria agertu arte).

FEARGHAL KAVANAGH.
Sean O Muireagain.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Horra nire ama, Rosita, sofan etzanda. Garai batean, ile adats beltzarana izaten zuen. Gaur egun, ile urdin labur batzuk gelditzen zaizkio. Eta bi botila huts aldamenean. Ni Katalina naiz. Haren alaba. Etzanda begira natzaiola, ez zait axola esatea nire begiak malkoz beteak daudela. Ez penaz, ez tristuraz baina min apur batez. Ikusiko banindu hola begira, errieta eginen ninduen: ez ezazula istoriorik eraiki zure iritzitik.

Baina ez da iritzia. Aspalditik ez da hala. Batzuetan eguna ondo doakio. Nolanahi den, beti ez da hala izan. Ez zenuke sinetsiko nolako emakumea izan den ama gaztea nintzenean. Baina bizia gogorra da.

Nire aita hiriko beste alderdi batetik etorri zen. Bizi osoan gogor saiatu zen nola lana hala familiako ardurak saihesten. Bueno, egia esan, Belfasten ez zen lan handirik garai hartan, eta aitak lan gutxi horretatik ihes egitea lortu zuen. Gaur egun, guregandik bakarrik egiten du ihes. Urte batzuk badira ikusi ez dudala. Hobe horrela, nik uste. Horrela ez dit bizia korapilatuko.

Gaurko eguna zertxobait berezia da. Gaur nire amari gertatzen zaiona ez da egunero gertatzen. Batzuetan zoragarria da. Egun horietan nire zutabe izaten da; hats-emaile boxeo ringean. Bai, jaun-andreok, aldi batean boxealari izan nintzen. Hark murgildu ninduen kirol horretan.

Inoiz ez dio utzi nigan sinesteari, inoiz ere ez, ezta aitak sorrarazitako angustiari aurre egin behar izan zionean ere. Ez zaio asko kosta ni haztea Belfasten, gerran zegoen hiri batean. Hori hala da. Baina ez zuen inor izan laguntzeko. Bakarrik gelditu zen haur txiki batekin. Haren amak berak ere ez zuen erruki handirik erakutsi. Besteek ere, batez ere erlijiokideek, baztertu egin zuten, alfer batekin ezkondu eta ihes egiten uzteagatik. Inork ez du jakinen nolakoak ikusi zituen urte haietan. Bere herrikideek berek erreka joarazi zuten ia.

Jaio zen barrutia utzi, eta bizi berria hasi zuen. Dena ongi joan zen, edanak gaina hartu zion arte.

Kontsolamendua aurkitu zuen alkoholetan. Hala dio berak. Baina nago bakardadetik eskapatzeko modu bat zela harentzat. Ez zegoen edaririk probatzen ez zuenik. Batzuetan lortzen zuen suspertzea. Baina beti erortzen zen berriz.

Alde horretatik, berdinak gara. Zenbait alditan bide onetik atera naiz gaztetan. Eta berak atera izan nau. Lehenengo aldian, arpa jotzen ikasten jarri ninduen, beste aldi batean dantza ikasten. Eskolako beste neska batzuekin joka hasi nintzenean, boxeo eskolak hartzera bidali ninduen. Zaila izan nintzen nerabetan, jakina. Baina berak nire etorkizuna zuen burutan. Ama zen azken batean. Uste dut berak ere nabari zuela gain behera zetorrela, eta saiatu zen erakusten bizitzari aurre egin niezaiokeela.

-Ez gara inor motiborik gabe.

Hori ere esan ohi zuen.

Ni haziz bezala, beheraka etorri zen hura. Nire bizitzako euskarria begien aurrean desagertzen ikusten nuen, eta ni, berriz, handitzen nindoan egunez egun. Geldiaraztea nahi ez zuen ulermen eta indar trukatze bat balitz bezala.

Bortitza izan zen nire lehen borrokaldia ikustera etorri zenean. Nago nik neuk baino gehiago beldurtu zuela berak ringeko aurkaria. Ondoko urteetan borrokaldi guzietara agertu zen. Baina dagoeneko ez du indarrik aretoetara agertzeko. Aspaldi da joaten ez dela, eta nik ere utzi nion borrokatzeari.

Borrokaldi batera agertu ez zen aurreneko aldian, bihotza uzkurtu zitzaidan. Uste nuen borroka galdu behar nuela, baina ez zen hala gertatu. Haren garrasiekin eta animoekin oroitu nintzen ringeko txokoan. Nahikoa izan zen hura nik irabazteko. Haren ahotsaren oihartzuna bakarrik falta nuen, edo haren izpiritua nire baitan, ni animatzen. Hori eman zidan berak. Hori eraman nuen neurekin borrokaldi oro.

Oihartzun hura eraman nuen neure baitan borrokaldi guzietara, bai ring barnekoetara eta bai hortik kanpokoetara.

Arpa jotzen dut egunero harentzat. Ikusiko bazenute haren aurpegia, eguzki izpi bat bezain barea.

Begira orain, zein errenditua dagoen. Orain zorrak ordaindu beharra dago. Ni naiz orain heldua, eta niri tokatzen zait eginahalak eta bi egitea harengatik. Orain nik eramaten dut bera, hark ni eramaten ninduenean bezala. Ez dut hutsik eginen zeregin horretan. Alderantziz, gogo guziarekin eginen dut.

Itzultzailea: Markel Lizasoain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.