Borrokalariari oholtzan ohore

Telesforo Monzon pastorala emango dute Larraineko herritarrek, aurtengo agorrilaren 7an eta 13an gertatuko diren bi agerraldietanJean Bordaxar kantariak du testua idatzi, eta Jean-Pierra Rekalt izango da Errejenta

Larraine
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Jean Bordaxar Zuberoako kantari ezagunari gogoan bizi-bizi geratu zaio bere sorterri Arrokiagak 1995. urtean eman zuen Agirre presidenta pastoralean izan zuen kargua. Jean-Louis Davantek idatzi zuen trajeria hartan, Telesforo Monzon euskal politikari eta kultura gizon ospetsuaren rola jokatu zuen Bordaxarrek. Pertsonaiaz entzuterik izan bazuen ere aurretik, Monzonen bizi urratsek eta ibilbide politikoak jakin-min handia piztu zioten. Orduan zitzaion Monzonez pastorala bat idazteko nahikaria piztu.

Maule-Lextarrek 2004. urtean pastoral bat eratzeko asmoa agertu zuelarik, Jean Bordaxarrek Telesforo Monzon pastoralaren eskaintza egin zuen. Alabaina, urte hartan bi pastoralen artean hautua egin beharra izan zuten mauletarrek, Jean-Louis Davantek idatzitako Antso Handia trajeria ere eskuetan baitzuten. Pastorala antolatzeko lehen biltzar nagusian, Jean-Louis Davantek eta Jean Bordaxarrek euren gaiak eta pertsonaiak nortzuziren azaldu eta gero, bozketaren emaitzek Antso Handiari eman zioten abantaila, eta pastorala hura zuen agertu, beraz, Maule-Lextarrek.

Bordaxarrek, haatik, esperantzarik bazuen, idazle gisa bere lehen pastorala izango den hau Zuberoako herri batek noizbait emango zuela. Zazpi urte pasatu dira, haatik, amets hori egiazko egin duen arte. Larraine herriak du, beraz, Telesforo Monzon pastorala taularatuko, agorrilaren 7an, igandearekin, eta 13an,larunbatarekin. Pastoralaren bi emanaldiak —batzuetan gehiago dira— agorrilean gertatzea ez da hain ohikoa. Are ezohikoagoa da egunaz antzeztutako pastoral bat larunbatean jokatzea; gauez emandakoetan, berriz, hori gertatu izan da.

Bazen, zehatz-mehatz, hogei urte Larrainek ez zuela pastoralik taularatu, azkena 1991. urtean emandako Xalbador izan baitzen. Roger Idiart erretor zenak idatzitako pastoral horren sujeta edo pertsonaia nagusia, hots, Xalbador egin zuena, Pierrot Larrandaburu izan zen. XX. mendeko pastoralei begirada bat ematen bazaie, berriz, ohart daiteke larraintarrek, 1991ko Xalbador pastoralaren aurretik, beste hiru eman zituztela: Hiru martirioak (1901), Jeanne d'Arc (1922) eta Napoleon (1953).

Xalbador bertsolari apartekoaren ondoren, beraz, Telesforo Monzon abertzale sutsua eta euskalzale oparoa da goraipatuko Larraineko herri politean. Pastoral orotan egiten den legez, dantzak eta kantuak ikasten hastearekin abiatu dira, urte hasieratik, mustrakak edo trebatze saioak. Asteburuan, karguen banaketa egin zuen Jean-Pierra Rekat errejentak. Altzabehetiko semeak jardun horretan eskarmentu handia du dagoeneko, hamabost bat trajeria taularatuta baitauzka. Pastoral batean aritzeko asmoz lehiatzen den jende multzoaren artean, berehalaxe ikusten du zein izan daitekeen kiristi edo türk eta zeinek boz aldetik gaitasunik duen lehen eta azken peredikuakemateko.

Dominique Urruti, sujet

Errejentak aski laster ikusten du, halaber, nor izan daitekeen sujeta. Kargu honen lortzeko behar da ahots eder eta indartsua, jakina, baina dotoretasuna eta oholtza gainean ederki ibiltzeko dohainaere bai. Karguen banaketa saioan jakin zen, beraz, Bentaberria etxaldeko Dominique Urrutik antzeztuko duela Telesforo Monzon. Bentaberriko semerik gazteenak ez du lan eskasik izango, hogeita hamar bat bertset gutxienez eman beharko baititu, kantuez gain.

Dominique Urrutik Telesforo Monzon heldutakoa du jokatuko, baina, Bordaxarren testuakBergarako semea gaztaroan ere aipatzen baitu, Ximun Akozeberri izango da Monzon gaztea.

Pastorala baten historia laburbiltzen duen lehen peredikuarenemaile Arño Jonet hautatu du errejentak, eta trajeria baten morala eta ondorioztatzeak plazaratzen dituen azken peredikua, berriz, bi neskak abestuko dute: Nadine Elgoienek eta Martine Iriartek. Abestiak direla eta, zehazki hamabi gozatuko ditugu Larraineko pastoralean, hauetarik batzuk, nola ez, Monzonek berak idatziak eta ospetsu bilakatuak, hala nola Batasuna. Jean Bordaxar kantaria izateaz gain, kantu sortzailea ere bada, bost abesti moldatu ditu trajeriarako. Aktore taldeari kantu hauek ikasarazteko eta ahal bezainbat txukun emanarazteko betekizuna du Altzaiko seme Jean-Louis Aranburu Bidabe-k. Satanak dantza jauzietara trebatzeaz gain pastoral honek seguraz ere eskainiko dizkigun koregrafiak moldatuko ditu Ligiko Johañe Etxebestek.

Abertzalea eta euskaltzalea

Telesforo Monzonen bizi urratsak eta ibilbide politikoa eta Bergaran (Gipuzkoa) 1904an sortutakoak euskal kulturari eginiko ekarpen handiak gainbegiratu etalaburbildu besterik ezin ditzake pastoral batek. Klaudio Harluxet Fundazioko Euskal Hiztegi Entziklopedikoaren iturritik edanda, gogoraraz daiteke Telesforo Monzon Euzko Alderdi Jeltzaleko kide gisa Jose Antonio Agirre lehendakari zuen Eusko Jaurlaritzako partaide izan zela, Gobernazio kontseilari karguan. Aurretik, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari eta probintzia honetako diputatu izan zen.

EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrerak epelegitzat jotzen zituelakoz, haiek utzi egin zituen 1952an. Ipar Euskal Herrira bizitzera etorririk, euskal errefuxiatu politikoekin harremenak bizkortu zituen, eta Anai Artea sostengu elkarteko buru izan zen. Hego Euskal Herrira bueltaturik, 1977an, Herri Batasuneko sortzaileetan izan zen, eta, azken hatsa eman arte, ezkerreko abertzaletasunaren bidetik ibili zen. Politikaz gain, euskal kantagintzaren eta antzerkigintzaren egile oparoenetako bat da Monzon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.