Borroka txiki eta handien mosaiko bat

Langile borroka ardatz, militantzia, porrotak eta laguntasuna ditu hizpide Joxe Iriarte 'Bikila'-k 'Kamaradak' bere hirugarren eleberrian

Joxe Iriarte Bikila, bere azken eleberria eskutan, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ongi ezagutzen du langile mugimenduaren borroka Joxe Iriarte Bikila-k. Ezkerreko militante gisa, hurbiletik bizi izan ditu Euskal Herriko azken hamarkadetako hamaika gatazka, eta Euskal Herriko mugetatik haragokoak ere maiz ekarri izan ditu bere artikuluetara. Auziak literaturan ere isla izan dezakeela dio. «Klase borrokan oinarrituriko ezkerreko militantzia mundu oso aberatsa eta oparoa da, kontraesanez betea, oso gutxi ezagutzen dena, askotan isekatua, eta literaturgintzarako asko eman dezakeena». Isla hori, baina, ez du euskal letretan sumatu. Horrek bultzatuta idatzi du Kamaradak, 1980ko hamarkadako langile borroka abiapuntu duen eleberria. Gertakari historikoak eta fikziozkoak tartekatuz osatu du narrazioa, eta Txalaparta argitaletxearekin plazaratu.

2001ean kaleratu zuen bere lehen nobela Bikilak, Ekaitz aroa. Euskal gatazka ardatz hartu zuen orduan, eta euskal letretan literatura politikoan zegoen hutsuneaz ohartarazi zuen. «Harrezkeroztik, gatazka delakoaren alorrean, obra aipagarriak idatzi dira. Zoritxarrez, ez da gauza bera gertatu langile mugimenduarekin, nahiz eta mundu horren historiak eta istorioek askorako eman dezaketen». Gorkiren Ama eta Zolaren Germinal aipatu ditu adibide gisa. «Zoritxarrez, XIX. eta XX. mendeetan ez bezala, gaur egun tematika hori ez dago modan, eta ez da izango interesik ez duelako; baina demodé edo boladaz kanpokotzat jotzen da, eta horrek sutan jartzen nau». Hutsune hori betetzearren heldu zion gaiari.

Bilbon 80ko urteetan Nervacero eta Euskalduna lantegietako borrokak ezagutu ahal izan zituela azaldu du, eta horiek hartu ditu abiapuntu liburuan. Zergatik Ezkerraldean girotua? «Fikziorako, Nerbioi ibaia ardatz duen eremua dugulako leku aproposena langile gatazka harrigarrienen historia deskribatzeko. Bertan izan baita langile mugimendu epikoena, etabaita ere langile mugimenduaren hondoratzearen ondorio larrienak ere». Droga mendekotasunaren izurria, langabezia, bazterkeria eta txirotasuna aipatu ditu, besteak beste, «dena ez baita Guggenheim, diseinuzko hiria».

Fikziozko lana izanik, Bikilak berak bizi izandako hainbat egoera «moldatu eta istorioan txertatu» dituela azaldu du, «gehienetan fikzioa ez baita hutsetik sortzen». Flashback-ekin osatu du kontakizuna. «Norberak bizi izandakoak edo irudikatutakoak gutxitan gogoratzen ditu erlojuaren logikari jarraituta; gehienetan zatika oroitzen dituzu, batzuetan atzekoz aurrera, besteetan alderantziz». Hala, asmatutako pasarteak eta benetako gertakizunak «mosaiko baten moduan» elkartu ditu kontakizunean.

Beraz, aipatu bi gatazka «mitikoak» abiapuntutzat hartu baditu ere, istorioa harago ere badoala azaldu du Bikilak, eta pertsonaiek hartutako bideetatik beste hainbat istorio sortzen direla. Osagai ugarik harilkatzen dituzte istorioak, «sei protagonisten arteko amodio eta desamodioak, sexua barne, jaioberri pozgarriak eta heriotza lazgarriak, Poliziaren jazarpena eta xantaia, tortura fisiko eta psikologikoa, ametsak eta eldarnioak, norabide desberdineko joan-etorriak, muturreko egoeran izaniko zalantzak eta balantzak, sekretu mingarriak...».

Nostalgiaren oihartzunak

Nobelak une batzuetan tonu beltza hartzen badu ere, istorioaren azpian dagoen gaietariko bat nabarmendu du egileak, laguntasunarena: «Kamaradak garai zailenetan gauzaturiko adiskidetasunari eginiko kantu bat dela esango nuke». Hala definitu du berak liburuari izenburua ematen dion kontzeptua: «Proiektu, borroka eta bizimodu bat konpartitzen duten lagunak dira kamaradak; bereziak, bizi xamarrak, desadostasunak desadostasun, bizitzak urrundu edo hurbildu, adiskide izaten jarraitzeko gai direnak».

«Aitortu behar dut nik ere askotan botatzen dudala faltan diktaduraren aurka edo trantsizioaren lehen urteetan bizi izandako kamaraderia. Liburu honek badu malenkoniatik, nostalgiatik asko, nahiz eta joana joan oraina bizi dugun indar guztiz, baina, utopiazale guztiok bezalaxe, begirada etorkizunean jarriz».

Liburuarekin sei lagun omendu edo gogora ekarri nahi izan dituela azaldu du Bikilak. Haietatik hiru hilik ziren idazten hasi zenerako: Eduardo Haro Ibars «gaueko poeta errebeldea»; Pablo Gonzalez Larrazabal, 1984an protesta batean bihotzekoak jota hildako Euskaldunako langilea; eta Carlo Giuliani gaztea, Genevan 2002an G8aren aurkako protestetan Poliziak hila. «Hiru lagun horien tragediek badute beren tokia eleberrian». Periko Solabarriari, Inaxito Albisuri eta Mikel Aramendiri ere eskaini die lana.

Orain hamahiru urte Iraultzen maratoia (2003, Txalaparta) eleberria kaleratu eta gutxira hasi zen Bikila Kamaradak idazten. «Bidea luzea izan da. Abenturak kontatu nahi nituen, eta benetako abentura idazketa bera izan da», azaldu du. «Kontuan izan ez naizela idazle profesionala; are, ez naiz idazlea zentzu hertsian. Literaturazale amorratua naiz, gogoko dut idaztea, baina, batez ere, militante politikoa naiz, eta horrek tarte gutxi uzten dit literaturarako».

Liburu «oso landua» dela uste du Mikel Soto Txalapartako editoreak. «Euskal langileriaren gorazarre bat da, egon diren borroka txiki eta handien inguruko nobela kaleidoskopiko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.