Borroka giroan sustraitu trajeria

'Monzon' pastoralaren mustraka nagusia egin dute larraintarrek; hutsegite bakanak zuzentzeko balio du saialdi horrek24 jelkalditan, Telesforo Monzon zenaren borrokak eta bizi urratsak goraipatuak dira

Monzon pastorala Sakartea mendi zoragarriaren pare-parean antzeztuko da. GAIZKA IROZ.
Larraine
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Larraineko (Zuberoa) herritarrek datorren igandean eta hurrengo larunbatean —agorrilaren 13a, egunaz— antzeztuko duten Monzon pastoralaren ikustera etorriko direnek lehendabizi gozatuko dutena da inguruen edertasuna. Izan ere, pastoralaren oholtza atzean, beraz ikusleen pare-parean, Sakartea edo Borotxü beltzak mendi zoragarria dago. Beste aldeetatik ere zer miresteko izango dute begiek: ezkerraldetik, Harsüdürra (Eskalerak), Organbideska, Lapatiñagaine, Pellüsegaine, Odeizügaine, Millagarate eta Tarta gailur eta bizkarrak. Atzean, aldiz, San Jüsefeko oihana, Kasernagaine, Erraize eta, denen errege, Orhi punta. Eskuinaldetik, Larraineko herri polita, eta, urrunean, Ligi gainaldeko mendi bizkar batzuk.

Inguruen edertasunaz gain, pastoral sorora bertaratuko direnak ohartuko dira ere antzezleku berezia paratu dutela larraintarrek. Oholtza bada, bai, edozein pastoralen ohiko neurrikoa— arauak baitaude—, baina, beste aldi guztietan ez bezala, ezponda artifizial baten gainean jarri dute jokorako taulada. Gaineratikoak ia ohikoak dira, hots, sar-irteeretarako hiru ateak eta soinu egileen aldamioa. Ia ohikoak... zeren eta larraintarrekerabaki baitute Kiristien edo Urdinen atea... oihal berde batez jaunztea! Nehori ofentsa egiteko nahirik gabe, erran beharra da hori oker jokatze bat dela. Ezen, ezjakinean, batzuek uste badute ere pastorala oholtza bateko hiru ateen koloreak —urdin, zuri eta gorri— frantses banderarenak direla, hau ez da batere hala. Kolore horiek frantses bandera asmatzetik askoz ere antzinagokoak dira, eta esanahi jakin bat dute. Urdina da zeruaren kolorea eta gorria infernuarena. Elizgizonen eta aingeruen sar-irteeretako zuriak, berriz, garbitasunaren esanahia dauka.

Oker egite horrez aparte, oinarrizko arauei jarraitzen dien pastorala bat da Telesforo Monzon (Bergara, 1904 - Baiona, 1981) euskal politika eta kultura gizonaren bizi urratsak eta borroka egiteak goraipatzen dituen trajeria hau. Jean Bordaxar idazleak Monzon abertzale suhar eta borrokalariaren irudipenari ahala hurbilenetik eta osatuenetik eutsi nahi izan dio. Horrela, nolabait esatearren, Monzon pastoralak irudi aski gogorra islatzen du, borroka giro batean erabat sustraituta baitago.

Dantzak, ohikoak eta berriak

Jean Bordaxarrek idatzi eta Jean-Pierra Rekalt errejentak oholtzarako egokitu duen trajeria —hau da pastoralaren izen zaharragoa— 24 jelkaldiz —jokalekura agertzez— osatuta dago, taula jokoez gain 197 bertset aldarrikatuak daudelarik. Bertset eta taula jokoaz gain, pastoralaren hirugarren osagai dauden kantuak, berriz, hamabi dira, horietarik batzuk, jakina, Telesforo Monzonek berak ondutakoak eta ezagunak, hala nola Batasuna edo Itziarren semea. Jean Bordaxar bera kantaria eta kantu sortzailea izanda, bost abesti ondu ditu.

Monzon pastoralean, Euskal Herriak askatasunerako bidean daraman borrokan oinarrituta dagoelaren isla da ere emakumeek Eustakio Mendizabal Txikia-ren ohorezko kantu bat ematea. Emakumeek dute, halaber, pastoraleko lehen kantua den Nik euskarari bai abestia ematen.

Pastoralaren laugarren osagaia dantzan dagoelarik, ikusleek begi gozamenik hartuko dute, bai satanen ohizko ateraldiengatik, baita Monzon pastoralarentzako bereziki moldatutako koreografia pare batekin ere. Dantza agerraldi eder horiek Ligiko Johañe Etxebest gaztearen dohainetik sortutakoak dira, kantarien eskolatzen jardun duelarik, berriz, Altzaiko Jean-Louis Aranburuk. Koreografiei dagokienez, beltzez jantzitako bi dantzari ilarrak emandakoak eta Monzoni agur egiteko orduan ikurrinaz jositako azken balletak txalo zaparrada beroak jaso behar lituzke.

Zuberotarrak ez diren pastoral horretako ikusleek hauteman ez ditzaketen ezaugarri edo pasadizo batzuk ere aipatu daitezke. Hala, jelkaldi bat edo bestean oholtzara agertzen diren eta «¡Arriba España !» ozenak airera botatzen dituzten jokoko guardia zibilen artean, Larraineko auzapez Sebastien Uturriaga bada. Ipar Euskal Herriaren sozio-politiko aniztasunaren seinale ere nonbait, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren rola egiten duena... jendarme ohi bat da! Oso alderantziz, berriz, Atharratzeko kantonamenduko azken hauteskundeetan Euskal Herria Bai koalizio abertzaleko hautagaia zen Gillen Iriart... oholtzara une batean agertzen diren jendarmeetatik bat da!

Jai egunaren egitaraua zehaztearren, 10:30ean hasiko da pastoraleko arizaleekiko mezarekin. Ondoren, karrika itzulia izango da 11:30ean, bazkaria 12:30ean, pastoralaren agerraldia 15:30ean, eta afaria 20:30ean. Azken gomendio gisa, esan daiteke oso komenigarria dela goizik etortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.