Borja Estankona: «Badut gogoa nire musikagintzaren mugak zein diren jakiteko»

Jimmy Arrabit eta Itsaso Etxebesterekin osatu du 'Estankona', «apaingarririk gabeko» bakarkako lehen lana

Gitarra lagun zuela aurkeztu zuen diskoa Borja Estankonak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Areanekin Arean eta Higakorra diskoak ondu, eta taldea desegin ondoren, lehorte artistikoa izan zuen Borja Estankonak (Igorre, Bizkaia, 1979). «Dolu tarte bat», musikariak berak definitu duenez. Gogoberriturik bueltatu da orain, «ibilbide luze bat egiteko indarrarekin». Egin du lehen urratsa: Estankona izenburuko diskoa grabatu du, Itsaso Etxebeste baxu jotzailearekin (Katamalo) eta Jimmy Arrabit bateria jotzailearekin (Itoiz, King Mafrundi, Jimmy Arrabit Trio...). Baga-Biga diskoetxearekin kaleratu du.

Ritxi Aizpuru editorearen esanetan, «Estankona biluzik dago diskoan. Abesti asko gitarra bakar batekin defendatu ditu. Arean taldean ibili ondoren, hemen bakarrik dago, fardelik eta apaingarririk gabe». Hortik datorkio izenburua bakarkako aurreneko lanari. Musikaria bere hartan ageri da, bere gustu, eragin eta intentzio guztiekin. «Jaiotze gehienak ekipaje gutxirekin egiten dira, arinago sentitzeko eta errazago mugitu ahal izateko. Badut gogoa nire mugak aurkitzeko. Nire musikagintzak zein muga dituen jakiteko».

Abesti bakoitzean istorio bat kantatu du Estankonak. Eta diskoari hasiera ematen dion Idatzia ez dago ezer izan ezik, musikariak berak egin ditu letra guztiak. Aipaturikoa, ordea, bere anaiarena da, hots, Igor Estankona idazlearena. «Elkarri laguntzen diogu».

Ahots «nahiko femeninoa»

Batzuek ukitu surrealista dute, Narrasti magikoa-k, esaterako. «Neure burua oso modu argian ikusten dut abesti horretan». Popa konplexurik gabe landu du Ur horretatik eta Unean abestietan. «Popa egitea proiektu bat abiatuko nuela erabaki nueneko pozaren ondorio da ziurrenik. Popetik gehiago duten abesti bi horiek ordukoak baitira». Izan ere, Arean desegitean «egoera larria» bizi zuela aitortu du musikariak. Eta horregatik nahiago du orain bakarka jardun, abestiak laguntzeko Etxebeste eta Arrabitengana jo duen arren. Etxebeste Katamalon zebilela ezagutu zuen, «eta orain familiakoak gara». Arrabitek bizitza osoa darama musikan, eta heldutasun artistikoa izango zuen musikari bat nahi zuen Estankonak. Artistikoki bizitza berri bati ekin diola dio.

Ahots «nahiko femeninoa» duela uste du Estankonak, eta Maite Iurrebasok Hor leku bat abestiaz eginiko bideoklipean emakume bat azaltzea «kasualitatea ez» dela dio (Vimeo.com-en ikus daiteke). Nolanahi ere, rocka da nagusi diskoan. «Ukitu anglosaxoiduna», Aizpururen iritziz. Etxebeste eta Arrabitekin batera ariko da Estankona zuzenekoetan. Aurki iragarriko ditu emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.