Literatura

Booktegi jaialdia, literaturaren bidez ondo pasatzeko aitzakia

Etzi egingo dute Booktegi jaialdia, Usurbilen (Gipuzkoa). Itxaro Borda izango da aurtengo anfitrioia. Besteak beste, Goizalde Landabasok, Maialen Akizuk eta Nerea Loiolak parte hartuko dute ekintzetan. Musika eta antzerkia ere egongo dira.

2022ko Booktegi jaialdiko artxiboko irudi bat. BERRIA
2022ko Booktegi jaialdiaren artxiboko irudi bat. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko urriaren 24a
15:30
Entzun

Musika, bertsolaritza eta antzerkia. Horiek guztiak literaturarekin uztartuko dituzte Booktegi jaialdian. Aritz Branton arduradunaren hitzetan, sorkuntzari «beste bidetxo bat» eskaintzeko balioko du. Etzi egingo dute, hirugarrenez, Usurbilen (Gipuzkoa). Duela hiru urte izan zuten egitasmoa martxan jartzeko ideia, Booktegi atariaren bosgarren urteurrena zela eta. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko webgunea da Booktegi, eta bertan, besteak beste, euskarazko liburuak daude eskuragarri. Herriko bi txokotan egingo dituzte larunbateko jarduerak: goizean Zumarte musika eskolan izango dira, eta arratsaldean, berriz, Sutegi kultur etxean.

Itxaro Borda izango da aurtengo anfitrioia. «Booktegiren lagun bereziki handia da», eta ekitaldietako aurkezpenak egiteaz arduratuko da Borda.

Booktegikoek hitz bat oinarri hartuta ipuin bat sortzeko lana jarri diete hainbat idazleri. Maddi Ane Txoperenak, Goizalde Landabasok eta Ainhoa Urienek mailegua izango dute abiapuntu; eta aldiz, Maialen Akizuk, Oier Guillanek eta Nerea Loiolak, oparia. Euren ipuinak irakurtzeko eta publikoari helarazteko aukera izango du talde bakoitzak jaialdian—10:30ean eta 13:30ean—. Saio horietan publikoaren eta idazleen artean sortzen den giroa da Brantoni bereziak iruditzen zaizkion gauzetako bat. Izan ere, ez da nork bere testua aurkeztea bakarrik; bertan daudenekin solastatzeko aukera ere ematen dute: «Oso aitzakia ona da literaturaren eta istorioen inguruan hitz egiteko». Maitane Perezek dinamizatuko ditu saioak.

Manifestua

Ainhoa Urien idazle, bertsolari eta gai jartzaileak sorkuntzaren aldeko manifestu bat idatzi du, eta manifestu hori bera bertsoz irakurriko dute Urienek berak, Oihana Iguaranek eta Iruri Altzerrekak, 18:00etan. Branton: «Ainhoak testua bidali zidanean, liluratuta geratu nintzen; bertan esaten denak bat egiten du Booktegiren filosofiarekin».

Poesia irakurketa bat egingo dute Poesia itzulera deitu duten ekitaldian. Parte hartzaile bakoitzak poesia bat aukeratu beharko du —aurretik jaialdiko antolatzaileei bidali diena—, eta ekitaldian, beste parte hartzaile batek aukeratutako testu bat irakurri beharko du. 11:30ean egingo dute jarduera hori. Arratsaldeko lehenengo ekintza Udarregi ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleen esku egongo da. Olerki errezitala eta ipuin irakurketa egingo dituzte taldeka.

Baina dena ez dira errezitalak eta hitzaldiak izango. Izango da bestelako ekintzetarako tarterik ere. 17:30ean Hamalau antzezlana taularatuko du Mikel Martinezek. Bestetik, 19:00etan Habiak taldeak kontzertua emango du kultur etxean. 20:00etatik aurrera dantzaldia ere egingo dute pilotalekuan, Esther Sound Sister DJak gidatuta.

Moda kontuak

Jaialdia egiten den hirugarren aldia denez, Brantonek uste du jada egonkortuta dagoela. Haren esanetan, Usurbilgo jendeaz gain, kanpoko jendea ere animatzen da ekitaldietara. Gaztetxoak dituzte orain jopuntuan: «Badakigu nola dagoen panorama: literatura ez dago modan». Hala ere, lehen alditik nabaritu dute antolatzaileek Booktegi jaialdiari harrera ona egin diotela. «Lagun arteko giroan ondo pasatzeko aitzakia da Booktegi. Batzuetan pentsatzen da literatura eta poesia gauza serioak direla, baina hori ez da kontua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.