«Arte diziplina askotarikoekin gozatzea, eta euskaraz, hori da helburua». Aritz Branton Booktegi atariko buruaren hitzak dira, eta, azaldu duenez, horretan oinarrituko da hilaren 28an Usurbilen (Gipuzkoa) egingo duten Booktegi jaialdia. «Euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatu nahi dugu. Jaialdia ospakizuna izango da, eta asmoa da literaturaren inguruan egun ederra eta dibertigarria pasatzea». Iaz antolatu zuten, aurrenekoz, jaialdia, proiektuaren bosgarren urteurrenaren harira; bigarren aldia izango da, beraz, aurtengoa.
Literatura musikarekin, antzerkiarekin eta argazkilaritzarekin uztartu asmo dute, eta, horretarako, egitarau oparoa atondu dute. Goiza bereziki literarioa izango dela azaldu du Brantonek: «Bi solasaldi eta poesia irakurraldi bat izango ditugu». Solasaldi bakoitzean, hiru idazle izango dira. Lehenengoan, energiaren inguruan arituko dira Nerea Ibarzabal, Eneko Bidegain eta Arrate Egaña; gaiari buruzko ipuin bana idatzi dute, eta horren bueltan arituko dira. Bigarrengoan, berriz, zaintzaren inguruan solastatuko dira Ugaitz Agirre, Miren Gorrotxategi eta Maitane Perez. «Uste dut bereziki interesgarriak izango direla solasaldi horiek. Idazleek besteekin hitz egin gabe idatzi dituzte ipuinak, eta, beraz, gairako hurbilketa oso desberdinak egiten dituzte; ipuinak oso onak dira, eta aberatsa izango da».
Poesia irakurraldirako, berriz, «kate bat» osatuko dute: «Lehenak poema bat hautatu, eta bigarren batek irakurriko du. Gero, bigarren horrek beste poema bat hautatu, eta hirugarren batek irakurriko du; horrela, katea itxi arte». Mari Luz Estebanen poema bat hautatu duela aitortu du Brantonek, baina azaldu du ez dakiela hura nork irakurriko duen. «Hori ere jolas bat da».
Beste tonu bat izango du arratsaldeak. Hiru ekitaldi egingo dituzte; lehenbizi, Harkaitz Canoren, Maite Larbururen eta Beñat Barandiaranen 20netoak emanaldia izango da; ondoren, Usurbilgo Udarregi ikastolak antolatuta, haurrek antzezlanak eta ipuinak eskainiko dituzte; eta amaitzeko, Pettiren kontzertuarekin batera, haren Manipulazio estrategiak diskotik abiatutako argazkien erakusketa izango da. «Argazki bakoitzak abesti bat islatuko du». Gainera, ekitaldien artean musika ere joko dute Zumarte musika eskolako irakasle batzuek.
Bultzatu eta gozatu
Halako topaguneak garrantzitsuak direla uste du Brantonek: «Lehenbizi, literaturaz gozatzeko; eta neurri batean, literaturak duen izen solemnea eraisteko ere bai». Haren arabera, sarritan pentsatzen da literatura intelektualentzako kontu bat dela, «oso serioa». Ideia hori irauli, eta literatura elkartzeko toki aproposa dela erakutsi nahi dute. «Ospakizuna izango da, ospakizun alaia. Oso egun aberasgarria eta alaia izatea espero dugu, lagun asko etortzea eta elkarrekin oso ondo pasatzea».
2017an sortu zen Booktegi ataria, asmo argi batekin: euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzea. Horretan dihardu egun ere, eta euskaraz geroz eta euskal herritar gehiagok irakurtzea du erronka. Liburuekin hasi ziren lanean, eta egitasmoaren «erdigunea» hori da, baina ekitaldiak antolatu eta audioliburuak eta bideoak ere eskaintzen dituzte. Brantonek dei egin die euskal kulturzaleei: «Norbaitek Booktegin parte hartu nahi badu, mesedez, idatzi guri. Hainbat modutan izan liteke: edukia ekartzeko, asteroko buletina jasotzeko, edo bazkidetzeko. Ongi etorria izango da, oso».
Booktegi jaialdia egingo dute hilaren 28an, Usurbilen
Literatura musikarekin, antzerkiarekin eta argazkilaritzarekin uztartu asmo dute antolatzaileek. Egitarau oparoa prestatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu