Paris, 1920. Emakume batek leihotik behera bota du bere burua, Amyot kaleko etxe bateko bosgarren solairutik, negu hotzeko urtarrileko goiz elurtu batez. Margolaria zen; baita 2 urteko neskato baten ama ere, eta haurdun zegoen. Jeanne Hebuterne zuen izena, eta maiteminez hil zen, haren bikotekidea egun bat lehenago zendu baitzen. Amedeo Modigliani zen hura, emakumeen aurpegiak eta haien gorputz biluziak erretratatzen zituen margolaria. Bizialdian miseria baino ezagutu ez zuen artista, bohemio madarikatua, eta loria heriotzaren ondoren soilik iritsi zitzaiona.
Garai bertsuko beste artista asko bezala, Parisko Montparnasse auzoarekin lotuta dago Modiglianiren izena. Han igaro zuen bere bizitzaren zatirik handiena, eta bertan margotu zituen bere obrarik garrantzitsuenak. Baina sortzez Italiakoa zen: Livornon jaio zen, 1884an, jatorri judua zuen familia batean. Lau seme-alabatan gazteena zen. Ez zuen haurtzaro erraza izan, 15 urte zituela sukar tifoidea eta tuberkulosia jasan baitzituen.
Gaixotasun haiek bizi osorako ahuldu zizkioten birikak, eta, ondorioz, uko egin behar izan zion ohiko heziketa bat jasotzeari. Garai hartan hasi zen pintura ikasten, hain zuzen. Livornon bertan ekin zion aurrena, Arte Ederretako Eskolan, baina Erromara, Florentziara eta Veneziara lekualdatu zen gero. Pasio bilakatu zen margolaritza Modiglianirentzat, eta artearen munduan nor izateko nahia gero eta handiagoa izaten hasi zen haren baitan.
Paris eta gehiegikeriak
Bulkada horri erantzuteko asmoz, jaioterria utzi, eta Parisera joan zen, 22 urterekin. Frantziako hiriburua abangoardia artistikoaren foku nagusia zen garai hartan. Montmartren hartu zuen abaro lehenik; orduko margolari, eskultore, idazle, poeta eta enparauen elkargune zen Bateau Lavoiren. Bertan ezagutu zituen Parisko Eskola deiturikoa osatuko zuten artista gehientsuenak eta gerora Modiglianik berak modelo lanetarako erabiliko zituenak: Max Jacob, Pablo Picasso, Diego Rivera, Jean Cocteau, Juan Gris, Marc Chagall eta Chaim Soutine, besteak beste.
Bere lekua aurkitu zuen bertan, eta bohemio baten kanonen araberako bizimodua izan zuen. Alkoholaren, drogen eta sexuaren gehiegikeriak eta erabateko pobreziak markatu zuten haren egunerokoa. Jarrera horrekin kritikoa zen Picasso, eta behin baino gehiagotan kargu hartu zion lagunari. Bada hori bien arteko etsaitasun gisa interpretatu izan duenik, baina halakorik ukatu egin zuen Herbert Lottman historialariak, zeinak margolariaren biografia idatzi zuen.
Modiglianik bere burua galbidera zeraman aldi berean hasi ziren haren talentua eta obra garrantzia hartzen. Eskultore gisa aurkezten zuen bere burua hasieran —hala gomendatu zion Constantin Brancusik—, baina, ordaindu ezin zituen materialak eta biriketako osasun arazoak tarteko, pinturaren bidea jarraitzea beste aukerarik ez zuen izan. Eskultore gisa izandako esperientzia hark, ordea, eragina izan zuen gerora haren margotzeko estiloan; irudiaren sinplifikazioari eta kolorearen erabilerari dagokienean, batez ere.
Estilo propioa
Montmartreko kafetegi batean margotzen zuen, oinetan iragarki bat zuela: «Modigliani naiz, judua, bost franko». Hamarkada batez, ehunka margolan eta marrazki egin zituen. Hainbat artista eta mugimenduren —Cezanne, kubismoa, faubismoa, espresionismoa edo Picassoren aro urdina, besteak beste— eragin nabarmena jaso zuen, baina estilo bakan eta propioa garatu zuen. Kutsu nostalgiko eta dotorea zuten giza irudiak izan ziren haren lanak, eta forma sinpleak eta kolore biziak erabiltzen zituen. Itxuraz gorputz biluzien ohiko erretratuak zirenak edertasunez eta misterioz betetako artelan bilakatu zituen.
Bere obrarik garrantzitsuenak 1915etik aurrera margotu zituen. Ia denak lagunen erretratuak dira, edo emakumeen gorputz biluzienak. Haren margolanetan behin baino gehiagotan agertzen den emakumea Hebuterne margolaria da; hil baino bi urte lehengo ezagutu zuena, hain justu. Bizitzaren azkenetan bikotekide izan zuen, eta gutxienez 27 aldiz erretratatu zuen, baina inoiz ere ez biluzik, beste askorekin egin zuen moduan.
Erakusketa bakarra egin zuen bere bizitza osoan. 1917an izan zen, Parisko Berthe Weill galerian. Lagun eta miresle zuen Leopold Zborowski poeta poloniarrak antolatu zuen, margolariaren obrak saldu eta haren ekonomia hobetzeko asmoz. Ez zen ongi atera, ordea: lanok erretiratzeko agindu zuen Poliziak, lizunak zirelakoan. Margolariak ez zuen horietako bat bera ere saldu; areago, oparitu egin zituen, Cocteauk aipatu izan zuenez.
Egun, margolan horiek artearen historiako obrarik baliotsuenetakoak dira; eta Modigliani bera, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa. Tuberkulosiak eragindako meningitisaren ondorioz hil zen, gaur bezalako egun batez, duela 100 urte. 35 urte zituen, eta negu beteko egun hotza zen Parisen. Hil baino egun batzuk lehenago, Jeanne Hebuterne bikotekidearekin ezkontzeko baimena eskatua zion Frantziako Gobernuari.
Bohemio baten loriak eta miseriak
Bizitza laburra izan zuen Amedeo Modiglianik, eta haren obrek ez zuten arrakastarik izan bera bizi izan zen artean. Egun, baina, emakumeen aurpegi eta gorputz biluziei egin zizkien erretratuak historiako baliotsuenetarikoak dira. Gaur 100 urte dira hil zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu