Opera

OLBEk 'La bohème' operaren pasioarekin bukatuko du denboraldia

Lau emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Euskalduna jauregian. Larunbatean izango da lehena, eta hilaren 21ean, 24an eta 27an hurrengoak.

OLBEk taularatuko duen 'La Bohème' operaren entsegu bateko irudia. E.MORENO ESQUIBEL
OLBEk taularatuko duen 'La Bohème' operaren entsegu bateko irudia. E.MORENO ESQUIBEL
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko maiatzaren 14a
15:22
Entzun

Edertasuna ala bizitza. Giacomo Puccini konpositoreak dilema horren aurrean irudikatu zituen La Bohème operako pertsonaiak. XVIII. mendeko Parisko aterpe xixtrinean bilduta, Eguberri bezperan, hotzez izoztuta, euren poemak sutara bota, eta garrei begira jarri zituen. Lehen eszenetako bat da, eta dramatismo maila horri eusten dio obrak gerora ere. Bereziki maite dute OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteko arduradunek. Horregatik programatu dute, guztira, hemeretzi aldiz euren historian. Eta, oraingoan ere, haren pasioarekin itxi nahi izan dute aurtengo denboraldia. Lau emanaldi egingo dituzte Bilboko Euskalduna jauregian. Larunbatean izango da lehena, 19:00etan, eta hilaren 21ean, 24an eta 27an hurrengoak, 19:30ean.

160 artista oholtzaratuko ditu lanak. Pedro Halffter arituko da Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen, eta Miren Urbieta Vega sopranoak, Celso Albelo tenorrak, Manel Esteve baritonoak eta Marina Monzo sopranoak jokatuko dituzte lau pertsonaia nagusiak. Eta haiekin batera arituko dira Jose Manuel Diaz, David Lagares, Fernando Latorre eta Aitor Garitano ere. Bilboko Operako Koroak ere hartuko du parte, bai eta Leioako Kantika Koraleko umeen koroak ere.

Joera klasikoa

Leo Nucci baritonoa da eszena zuzendaria, eta, antolatzaileek iragarri dutenez, «joera klasikokoa» izango da. Salvo Piro arduratu da Nucciren proposamena Bilbora egokitzeaz, eta Carlo Centolavigna izan da eszenografoa.

Bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Hitzaldiak, nagusiki. Bai Bilbon, bai Donostian, bai eta Santanderren ere (Espainia). Eta, jakinarazi dutenez, Pucciniren operaren partituraren bigarren edizio bat ere jaso du elkarteak dohaintzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.