Literatura

Bobo puntua bizibide eta salbazio denean

‘Puntobobo’ eleberria ondu du Itxaso Martin Zapirainek, eta Erein argitaletxeak kaleratu du. Nobelak emakumeen «sufrimendua», osasun mentala eta familiarteko dinamikak ditu ardatz.

Itxaso Martin Zapirain idazlea 'Puntobobo' liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Itxaso Martin Zapirain idazlea 'Puntobobo' liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko azaroaren 11
16:08
Entzun

Puntobobo eleberriko protagonistak trikotatzen jarri ditu Itxaso Martin Zapirainek (Donostia, 1981). Han ari dira, orratzak eskuetan, puntuzko jantziak sortzen. Eta antzeratsu ibili da idazlea istorioarekin, iraganean eta orainaldian jazotako gertakizunak ehuntzen, eta protagonistek sortutako korapiloak askatzen. Erein argitaletxeak kaleratu du nobela.

Bi denbora lerroak, iragana eta oraina, 11 kapitulutan tartekatu ditu egileak. Alde batetik, Malen alabaren eta Joane amaren arteko elkarrizketa —ordubeteko iraupena duena, egileak zehaztu duenez— orainaldian kontatu du Martinek, eta erromatar zenbakiz izendatu ditu hura jasotzen duten sei atalak. Ez dago narratzailerik, fokua bi emakumeengan jarri nahi izan baitu idazleak: «Amaren eta alabaren arteko elkarrizketa horretan gauza asko esaten dira, kontu asko leporatzen dizkiote elkarri, baina, era berean, irakurlea etengabe konturatuko da badagoela zerbait horren atzean aipatzen ez dena». Horiek horrela, aipatzen ez denak «garrantzi handiagoa» izango duela nabarmendu du.

Gainerako bost kapituluetan, berriz, «esaten denak baino gehiago, gertatzen denak izango du indarra». Iraganean idatzi ditu atal horiek egileak —Haurtzaroa, Ahizpak, Amaren heriotza, Maitalea eta Dolua jarri die izenburu—, eta «bizitza oso bat» kontatzen dutela adierazi du. Horretarako, narratzaile orojakile bat sortu du, istorioa gidaritzen duena. Martinen arabera, estilo soil, garden eta zuzena baliatu du. Bestalde, kapitulu horietan, noizbehinka errealismo magikora jo du egileak, «jasanezinak diren egoerak kontatzeko».

Pertsonaiak

Tentuz eta ongi pentsatutako hitzak erabiliz kontatu du Martinek istorioaren laburpena, ez duelako spoiler-ik egin nahi: «Esan nahi ez dudan hori izan da liburuaren abiapuntua, hori da gaia, eta horri buruz idatzi nahi izan dut». Nolanahi ere, protagonistak aipatuz azaldu du nobelaren bilbea: «Lau emakumeren artean sortzen diren dinamikek eramango dute irakurlea eleberrian aurrera. Oso ezberdinak dira euren artean, eta egoera berberaren aurrean zenbait modutara erreakzionatuko dute».

Horiez gain, familia horretan badira beste elementu batzuk liburuaren garapenerako garrantzitsuak ere badirenak, testua zuzentzeko lanetan aritu den Inazio Mujika Iraola editorearen arabera. Horietako bat da aita, nobelako elementu maskulino bakarra: «Aita zurruna da, distantzia mantentzen duena, eta haurraren eta amaren arteko harremana jasanezina izango da harentzat». Areago, aitaren irudia gizartearen metafora gisa erabiltzen du egileak, Mujikaren iritziz.

Martinek aitortu du ahalegin handia egin duela irakurleak gertu senti ditzan narrazioko pertsonaiak: «Irakurleak uneren batean haiekin bat egitea gustatuko litzaidake, haiengandik gertu sentitzea. Jakina da gure bizitzan egiten duguna eta sentitzen duguna ez datozela beti bat, eta hori ere islatu nahi nuen. Zenbaitetan gertuago sentituko dugu Ixi, beste batzuetan Malen...».

Eztabaidarako gaiak

Egileak aitortu du gogotik kendu ezinda luzaroan ibilitako gaiak hartu dituela ardatz. Horietako batzuk dira familiarteko dinamikak eta tabuak, emakumeen «sufrimendua», osasun mentala, amatasuna eta gizarteak «ezberdintzat hartzen duen» horri eragindako isolamendua. «Eztabaidarako aukera ematen duten gai asko daude nobelan, eta mahai gainean jartzen diren gai hauek guztiak gizarte matxista eta patriarkal baten testuinguruan planteatzen dira, non ezkontza, eliza, eskola eta medikuntza izango diren horren ordezkari nagusiak».

«Nobela bi hitzetan definitu beharko banu, hiru beharko nituzke, eta esango nuke goxoa bezain gordina dela»

ITXASO MARTIN ZAPIRAINIdazlea

Gai horiez guztiez «eufemismorik gabe» idatzi du Martinek, Mujikaren hitzetan, estilo «intimista eta soil» batez istorioaren errealitate «gordina» azaleratuz. Horixe bera berretsi du idazleak: «Nobela bi hitzetan definitu beharko banu, hiru beharko nituzke, eta esango nuke goxoa bezain gordina dela». «Eta bakana», gehitu dio Mujikak.

Zuzentzaileak adierazi du nobelan badirela elementu erabat errealistak, eta beste batzuek errealismo fantastikoaren ukitua dutela, zeinak elementu poetikoak gogorarazten dituzten. «Bereziki amaren eta haurraren arteko harreman hori nabarmenduko nuke, giro ia mistiko batean bizi direnak, min egin dezakeen oro kanpoan utzita».

Azala Asier Belzak eta Iban Landak egin dute, eta Martin oso eskertuta agertu da, «barruan aurkituko denaren isla bikaina egin baitute, zerbait soila baina toles eta zokoz betea». Era berean, Uxue Razkin nobelaren editorearen lana goraipatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.