Bob Marleyren oinordekoa

Alpha Blondy reggae taldea ariko da gaur Mundumira jaiaren lehen eguneko egitaraua, Bergaran

IDOIA ETXEBERRIA DONOSTIA
2008ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Oso ezaguna da Alpha Blondy reggae zaleen artean. Mundu osoan. Bob Marleyren oinordekoa dela ere esan daiteke. Eta ez doinuengatik bakarrik: errespetuaren, justiziaren eta askatasunaren aldeko aldarriak lau haizeetara zabaltzen ditu, hainbat hizkuntzatan. Hogei urtetik gora daramatza taula gainean, eta 17 disko kaleratu ditu. Reggae musikaren enbaxadore bihurtu da Jamaikako mugetatik kanpora. Gaur gauean Bergaran emango du kontzertua, 22:30ean. Dohainik, Elkar eszenatokian, San Martin Agirre plazan.

Ez du lehen aldia Euskal Herrian, eta bere betiko taldearekin dator: The Solar System. Erresuma Batuko, Kamerungo, Frantziako eta Jamaikako musikariak, besteak beste. Disko berria aurkeztuko du, hori bai: Jah Victory. Jamaikan grabatu du, eta 19 abesti ditu, Pink Floyden Wish you were here kantu ezagunaren bertsioa tarteko.

Seydou Kone da Blondyren benetako izena, eta ez da Jamaikakoa. Boli Kostan jaio zen, Afrikan. Dimbokoron, 1953an. Bederatzi anai-arrebetan lehenengoa da. Eta mutikotatik zen geldigorra. Hortik dator bere ezizena ere. Amonari zor dio, hark hezi zuen eta: biloba deabrua zaindu ezinik ibiltzen zen, eta «bandit» deitzen zion; ingelesez, baina gaizki ahoskatuta: blondi. Gerora, alfabeto greziarreko lehen hizkia gehitu zion musikariak, izen artistikoa sortzeko: Alpha Blondy. Lehen moldakaitza.

Cocodyko Rasta gisa ere ezaguna da. The Beatles, Led Zeppelin eta Jimmi Hendrix atsegin zituen. Baina Bob Marleyren protesta kantuak ezagutu zituenean, argi ikusi zuen bere bidea zein zen. Gogor baina umorez kritikatzen ditu arrazakeria, ustelkeria eta politika, eta hitz bat ere asmatu du Afrikako gobernu batzuentzat: democrature (demokratura, demokraziagehi diktadura). Ingelesez, frantsesez, dioulaz, arabiarrez eta hebraieraz abesten du, besteak beste. Eta makina bat jarraitzaile ditu.

1960ko hamarkadan Odiennen bizi izan zen Blondy, aitarekin. Bertako ikasle mugimenduan parte hartu zuen. Baita lehen musika taldea sortu ere. Ez zen klasera joaten, eta institutotik bota zuten. Gurasoek Liberiara bidali zuten 1973an, Monroviara, bere ibilbidea zuzentzeko asmoz. Eta, bide batez, ingelesa ikas zezan. Handik hilabete batzuetara AEBetara joan zen, ingelesa hobetzeko. New Yorken ezagutu zituen lehen rastafariak, eta abestiak sortzen jarraitu zuen. Boli Kostara itzuli zenean, Fulgence Kassik telebista ekoizlearekin elkartu zen -haurtzaroko laguna- eta hura izan zen bere musika ibilbide oparoaren hasiera. 1982an grabatu zuen bakarkako lehen albuma. Paris, Jamaika eta Boli Kosta artean ibiliko zen hurrengo urteetan, eta ehunka kontzertu emango zituen han eta hemen. Bakearen aldeko hainbat ekintzatan parte hartu du, Boli Kostan bertan, eta irabaz asmorik gabeko fundazio bat ere badu, pobreenei laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.