Musika

Bob Dylanek bi kontzertu emango ditu ekainean Donostian

Kursaaleko auditoriumean izango dira bi emanaldiak, ekainaren 19an eta 20an. Sarrerak hurrengo asteazkenean jarriko dituzte salgai

Bob Dylan, 2012. urtean, Benicassimen (Herrialde Katalanak) emandako kontzertu batean. DOMENECH CASTELLO / EFE
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 10a
10:29
Entzun

Get In promotoreak jakinarazi duenez, Bob Dylan musikari estatubatuarrak bi kontzertu emango ditu udaren atarian Donostian. Ekainaren 19an eta 20an izango dira saioak, Kursaaleko auditoriumean.

Dylanek 2021eko azaroan hasitako biraren barruan daude bi emanaldiak. Urtebete lehenago, 2020an, argitaratutako Rough and Rowdy Ways diskoa du ardatz bira horrek.

Ez da hau izango Dylan Donostian joko duen aurreneko aldia. 1989an eta 1999an Belodromoan aritu zen, eta 2006ko uztailean, berriz, Donostiako Udalak bakearen alde antolatutako jaialdi handi batean parte hartu zuen, besteak beste, Mikel Laboarekin. Like The Rolling Stone kantuaren egilea 2015eko uztailean izan zen azkenekoz Gipuzkoako hiriburuan; Ilunben zehazki

Nolanahi ere, 1980ko hamarkadaren amaieratik, musikari estatubatuarrak ehunka kontzertu eman ditu mundu osoan —Dylanek berak bira amaiezina deitu duena—, eta horien arteko batzuk Euskal Herrian izan dira. Esaterako, 2012ko uztailean Bilboko Guggenheimen kanpoaldean jo zuen, eta 2019ko apirilaren 26an, berriz, Barakaldoko (Bizkaia) BECen izan zen. Aurreko egunean Iruñeko Nafarroa Arenan izan zen. Gasteizen ere izan dute aukera Dylan ikusteko. 1993an Mendizorrotzan kantatu zuen, eta 2010ean, berriz, Azkena Rock jaialdiko artista nagusietako bat izan zen.

Sarrerak datorren asteazkenean jarriko dituzte salgai, hilaren 15ean, 10:00etan. Oraingoz, ez dute sarreren prezioen berri eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.