Musika

Bob Dylan, euskalduna balitz

Loraldiak antolatuta, AEBetako musikariaren kanten euskarazko bertsioak joko dituzte Audience eta Belharra taldeek bihar, Bilboko Campos antzokian.

Bob Dylan, 2021ean emandako kontzertu batean. DOMENECH CASTELLO / EFE
Bob Dylan, 2021ean emandako kontzertu batean. DOMENECH CASTELLO / EFE
Inigo Astiz
2025eko martxoaren 26a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bob Dylan gurea». Errezo baten airea eman nahi zan dio Loraldia jaialdiak biharko kontzertuari. Izan ere, AEBetako musikaria omentzea eta, aldi berean, euskarara ekartzea izango da asmoa. Horretarako, haren kanten euskarazko bertsioak joko dituzten bi talde elkartuko dituzte Bilboko Campos antzokiko oholtzan: Audience taldea, batetik, eta Belharra taldea, bestetik. Iaz, B. d. berrikusia diskorako ondu eta grabatutako Dylanen kanten euskarazko bertsioak joko dituzte lehenek, eta propio emanaldi horretarako prestatutako Dylanen bederatzi kanta bigarrenek. Amaieran, elkarrekin ere arituko dira pare bat kantatan. Beharbada, zeruko ateak joz.

Audience taldeak Bob Dylanen Knockin' on Heaven's Door kantuan oinarrituz egindako bertsioa.

Urbil Artola musikariak aurrez ere parte hartua zuen Loraldian. 2022an izan zen jaialdian, eta ordu hartan, aitaren kantak berreskuratzeko enkargua egin zioten. Zehazki, Txomin Artola musikariak Walt Whitmanen poemak oinarri hartuz 1978an kaleratutako Belar hostoak diskoa berregiten aritu zen, eta, oraingoan, jaialdikoen deia jasotzean, pentsatu zuen erronka hura bete ahal izan bazuen gai izango zela Dylanen kanten bertsioak egiteko ere.

Sorotan Bele taldeko kide izandakoa da Artola, baina dobroa jotzen aritzen da egun Belharra taldearekin, eta, folkzale amorratua den heinean, ezagun zuen Dylanen musika ere, baina, haren hitzetan esanda, ez da sekula bereziki «dylanmanianoa» izan. Belharran kide duen Gorka Arranz mandolina jotzaile eta abeslaria bai, ordea, eta, horregatik, Artolak berehala erabaki zuen Dylanen bertsioak Belharra taldeko kideekin egin behar zituela.

Belharra taldearen Bidean zehar abestia.

Dylanek guztira seiehun kanta baino gehiago sortu eta berrogei diskotik gora grabatu ditu bere ibilbide luzean. Ikono bat da musikagintzan. Eta Literaturako Nobel saria ere jaso zuen 2016an, kantuen hitzengatik. Aurrez ere, haren kantak tantaka euskaratu zituzten hainbat euskal musikarik, baina, Suediako Akademiaren sariaren aitzakian, Xabier Paya bertsolari, idazle eta itzultzaileak musikariaren ehun abesti hautatu eta euskaratu zituen. Jokin Zaitegi bekaren babesarekin egin zuen lan hori, eta kanten esanahia ez ezik, errimak eta silabak ere errespetatuz egin zuen itzulpena, gainera. Beraz, zabalik utzi zuen Dylan euskaraz kantatzeko atea, eta, orain, baliatu egin dute aukera.

«Belharra taldearekin folka lantzen dugu, azken batean, eta Dylanen errepertorioak aukera ematen du horretarako»

URBIL ARTOLABelharra taldeko musikaria

Artola eta haren kideak Belharra izenarekin aritzen diren arren, Howdy izenarekin hasi zuten ibilbidea. Bluegrass errepertorioko kanta klasikoak eta kanta propioak tartekatzen zituzten, baina betiere ingelesez. Taldekide aldaketa batzuk ere izan zituzten gerora, eta euskaraz aritzeko erabakia hartu zuten. Koronabirusaren osasun krisiari aurre egiteko ezarritako itxialdia baliatu zuten euren kanta zaharrak euskaratzeko, eta gaur egun euskara hutsez aritzen dira. Horregatik, Dylan euskaraz abesteko modua izan zezaketela pentsatu zuen Artolak.

Payak euskaratutako ehun kanta horien artean egin dute bertsioak sortzeko hautaketa. Eta, Artolak iragarri duenez, besteak beste Blowin' in the Wind (Haizean dabil erantzuna) eta Tombstone Blues joko dituzte, bai eta Dylanek bere lehen diskoan txertatutako bi kanta propioetako bat ere, 1962an: Song to Woody (Woodyri kantua). Bluegrass doinuetara moldatu dituzte kanta batzuk, baina badira irlandar kutsua hartu duten beste batzuk ere. «Taldean folka lantzen dugu, azken batean, eta Dylanen errepertorioak aukera ematen du horretarako».

Artolak eta Arranzek ez ezik, beste lau musikarik ere osatzen dute taldea gaur egun: Julen Maestro trikitilariak, Jon Arzelus kontrabaxu jotzaileak, Jose Mari Pulido banjo joleak eta Dani Venegas gitarristak, hain zuzen ere.

Gerraren jauntxoak

Artolak onartu duenez, Dylanen musika gustuko izanik ere bigarren kolpean ohartu da haren hitzen mailaz. Eta Masters of War (Gerraren jauntxoak) abestia aipatu du horren adibide. Dioenez, Payaren itzulpenaren bidez sakondu du benetan haren esanahian. «Markatu egin nau. Gerraren edo inbasioen sasoi honetan irakurri, eta dezente eragin dit. Zuzen-zuzena da lehen-lehen esalditik».

Audience taldeak, esaterako, urteak zeramatzan Dylanen Hurricane abestia jotzen. Eta haren lanean gehiago sakontzeko aukera eman zioten Payaren itzulpenek. Pandemia sasoian, entsegu lokalean testu haiekin eta musikariaren kantekin jolasten hasi, eta, azkenean, Dylanen kantu moldaketekin osatu zuten euren ibilbideko hamargarren lan luzea. Bestak beste, Iparraldeko neska, Garaiak aldatzen baitira eta Zeruko atea joz kanten bertsioak sortu zituen taldeak diskorako: Girl from the North Country, The Times They Are a-Changin' eta Knockin' on Heaven's Doors, alegia. Jatorrizkotik gertuago daude moldaketa batzuk, eta badira gehiago urruntzen diren batzuk ere.

Gaizka Insunza (ahotsa, gitarrak), Ager Insunza (ahotsa, gitarrak, pedal steel-a, biolina), Andoni Lauzirika (baxua), Ruben Garatea (ahotsa, akordeoia, teklatuak) eta Kepa Elgoibar (bateria) dira taldeko kideak. Iazko azaroan aurkeztu zuten lana zuzenean, eta beste emanaldi batzuk ere eman dituzte geroztik.

Zuberoako lurretatik quebeceko lurretarainoko zubi musikala

Dylanena ez da izango jaialdian Atlantikoa gaindituko duen emanaldi bakarra. Gaur bertan, Bidebarrieta liburutegian elkarrekin arituko dira ozeanoaren bi aldeetako musikariak. Claudine Arhanzet eta Mixel Etxekopar musikari zuberotarrak Dralene Gijuminag Quebeceko musikari mikmakarekin batera arituko dira. Etxekoparrek eta Arhanzetek egonaldia bat egin zuten Montrealen 2022an, eta han ezagutu zuten Gijuminag. Aurrez ere aritu izan dira elkarrekin oholtzan. 19:00etan hasiko da gaurko saioa, eta doakoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.