Musika

Bob Dylan Audienceren eskuetan

Audiencek Bob Dylanen bederatzi kantu moldatu ditu bere disko berrian: 'Bob Dylan berrikusia'. Xabier Payak itzulitako hitzak baliatu dituzte, eta bihar aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.

(ID_13454709) (/EZEZAGUNA) audienceelegante
Audience taldeko kideak, Donostian, iragan irailean. AMAIA BADIOLA
itziar ugarte irizar
2024ko urtarrilaren 3a
05:05
Entzun

«Hau norbaitek egin behar badu Euskal Herrian, guk egin behar dugu». Euren buruari «sinesgarritasun apur bat» emateko esan zioten hori elkarri Audience taldeko kideek, baina ziurrenik batek baino gehiagok ere botako luke haien izena pentsatzen jarriz gero zein euskal taldek egin zezakeen Bob Dylanen kantu moldaketekin disko bat. Hala heldu da Bob Dylan berrikusia (Bidehuts), Audienceren disko berria, taldearen ibilbideko hamargarren lan luzea eta bertsioz osatutako lehena; eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute bihar, taldearen 25. urtemuga ospatzearekin batera, 21:30ean. 

Tolesdurak (2021) aurreko lanaren bira amaitu ostean zabaldu zitzaien halako proiektu baten ideiarekin «jolasten» hasteko aukera Audiencekoei —hots, Gaizka Insunza (ahotsa, gitarrak), Ager Insunza (ahotsa, gitarrak, pedal steel-a, biolina), Andoni Lauzirika (baxua), Ruben Garatea (ahotsa, akordeoia, teklatuak) eta Kepa Elgoibarri (bateria)—. Gaizka Insunzak oroitu duenez, «pandemiaren testuinguru zaila» zen artean, eta lokalean sartuta harrapatu zituen eurak, «intimitatean», bestelako konpromisorik gabe. Egun batean, taldekide batek Xabier Payaren Bob Dylan 100 kantu(Elkar) liburua eraman zuen lokalera, eta, testu batekin eta bestearekin probak eginez, forma hartzen hasi zen dena apurka. «Sekulako sorpresa izan zen ikustea, itzulpen literalaz gain, metrika eta erritmoa mantentzen direla. Abestiak jotzen jakinda, abestiak kantatu ditzakezu liburuarekin», nabarmendu du.

Dylanek Nobel saria irabazi ostean ondu zuen liburu hura Payak, eta, izenburuak aurreratzen duen modura, Dylanen kantutegi oparoko ehun ale itzuli zituen. «Lan zailena» harena izan dela iruditzen zaio Insunzari: «Halako materiala edukita, eta gu Dylanen aspaldiko jarraitzaileak izanda, esaten genuen: Nola ez dugu hau egingo!». 

Hitzek sortutako lilura aparte, ordea, Audienceren eta Dylanen artean aurrez ere egon izan dira «konexio txiki batzuk», Insunzaren esanetan. Dylanen Hurricane abestiaren bertsioa aspalditik jotzen du Audiencek, esaterako, eta 2010. urtean Azkena Rock jaialdian elkarrekin jotzea ere egokitu zitzaien. Soinu aldetik ere, hurbilekoak dira bien munduak. «Etaparen arabera», zehaztu du Insunzak, baina hala ikusten du bien azken urteetako lanetan. «Beti esaten da guk amerikanadak jotzen ditugula, eta egia da gaur egun Dylanek eramaten duen instrumentazioaren antzeko bat eramaten dugula guk ere; biolinak, pedal steel-ak, gitarra amerikarrak... Uste dut hor badugula dibertsitate puntu bat, eta nahiko modu naturalean ulertzen dela guk hau egin izana».

«Berrikusia»

Asko dira aurrez ere Dylanen kantuak moldatu eta disko batean apailatu dituzten musikariak —berriki, Cat Powerrek egin du, esaterako—, eta, Insunzaren esanetan, maiz bertsioak izan dira Dylanen kantuak ezagun bihurtu dituztenak. «Blowin' in the Wind berea dela orain guztiok dakigu, adibidez, baina haren bertsio batzuk arrakastatsuagoak izan ziren; berdin Mrs. Tambourine Man edo Knocking’ On Heaven’s Door ere. Dylan XX. mendeko musika ikono handienetako bat da, baina inoiz ez da izan Top 1ean egon den artista bat».

Audienceren kasuan, berrikusi aditza erabili dute haren kantuetara egin duten hurbilpena deskribatzeko. Asmoa ez baita izan «Bob Dylanen bertsio disko bat» egitea, ezpada Dylanen kantuak Audienceren «terrenora» eramatea. Eta beste arrazoi bat ere bada izenburuko aditzaren atzean: Dylanen Highway 61 Revisited (1965) diskoari egindako keinu bat.

Ohi baino «xumeago», LP eta CD formatuetan kaleratu dute lana —binilo barruan dator CDa—, baina «gutxika-gutxika diskoa azelerazioa hartzen» hasi den inpresioa dute taldekideek.

Moldatzeko aukeratu dituzten kantuekin, zeharkaldi bat osatu dute Dylanen aldi ugarietatik, bederatzi kanturekin denera; hauek dira: Mendian trumoia (Thunder on the Mountain), Euri jasa latza dator (A Hard Rain’s A-Gonna Fall), Gazte betiko (Forever Young), Positiboki 4. Kalea (Positively 4th Street), Dena hautsi da hemen (Everything is Broken), Garaiak aldatzen baitira (The Times They Are A-Changin'), Iparraldeko neska (Girl from the North Country), Ez hoa inora (You Ain’t Goin’ Nowhere) eta Zeruko atea joz (Knockin’ On Heaven’s Door). Urdulizko (Bizkaia) Tio Pepe estudioan, saio bakarrean grabatu zituzten guztiak, «Dylanek egiten duen bezala».

Zenbaitetan, gertu geratu dira jatorrizkotik, eta behar beste urrundu dira bestetzuetan. Diskoa irekitzen duen Mendian trumoia-n, esaterako, berdintsu mantendu dituzte jatorrizkoaren zutabeak. «Akordeei begira, blues nahiko normal bat da, countryari lotua; halako abestiak batzuetan oso errazak ematen dute jotzeko, hasi eta duen kadentzia ikusten duzun arte». Garaiak aldatzen baitira-n ere melodia ezaguterraza da jatorrizkoa jakinez gero, baina erritmoa aldatu diote, eta «alaiagoa» gelditu zaie, «kuadrillan abesteko moduko kantu bat». 

Dylanek berak ere bere kantuen hamaika bertsio egin izan ditu, eta horien artean aukeratzen ere aritu dira; kontuan hartuta, gainera, kantu asko gitarra eta ahots hutsez eman zituela jatorrian Dylanek —Iparraldeko neska eta Euri jasa latza dator, esaterako—. Guztien artetik, jatorrizkotik gehien aldendu dutena Dena hautsi da hemen izan da. Insunza: «Hori guztiz gurea da».

«Azelerazioa hartzen»

Aurretik kaleratutako beste diskoen aldean, formatu «xumeago» baten alde egin du Audiencek oraingoan. LP eta CD formatuetan kaleratu dute lana —binilo barruan dator CDa—, eta, promozioari begira ezer gutxi egitea erabaki badute ere, Insunzaren inpresioa da «gutxika-gutxika diskoa azelerazioa hartzen» hasi dela.

Biharko kontzertuaren ondoren, beste bi data iragarri dituzte oraingoz: urtarrilaren 27an, Gernika-Lumon (Bizkaia); eta martxoaren 22an, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.