Ez zen ezustekorik espero, eta ez zen izan. Bob Dylanek atzo Donostiako Kursaalean eman zuen lehenengo kontzertua —gaur izango da bigarrena— esperotako bideetatik joan zen, nostalgiarako tarterik utzi gabe eta Rough and Rowdy Days (2020) kantu berriz osatutako bere azken diskoan ardaztuta. Ez zen ezustekorik izan, 2023an eman dituen kontzertu guztietan kantutegi berera jo duelako, aldaketa txikienari ere aukera itxita, ezpada kontzertu guztietan jotzen duen bertsio bakarra. Johnny Mercerren That Old Black Magic izaten da ohikoena —hori bera jo zuen Donostian—, baina jo izan ditu The Cricketsen Not Fade Away eta, behin baino ez bada ere, Van Morrisonen Into The Mystic.
Ez zen ezustekorik izan, ikusleek ondo zekitelako Kursaalean ez zirela entzungo ez Like a Rolling Stone, ez All Along The Watchtower; ez Blowin’ in The Wind, ez Mr. Tambourine Man; ez Hurricane, ez Just Like a Woman. Dylanen zaleentzat frustragarria izan daiteke hamarnaka pieza mitiko idatzi dituen egileak muzin egitea haiei, bere azken diskoan zentratzea, eta, atzera begiratzen duenean ere, kantu askotan ezkutuak berreskuratzea. Baina AEBetako musikariak jartzen ditu joko arauak, eta horiek onartu besterik ez dago.
Eta, bitxia bada ere, gaur egungo garaietan anomaliatzat jo daitekeen saioa izan zen Dylanena. Irudiari hainbesteko garrantzia ematen zaion sasoi honetan, sakelako telefonoak eta argazkiak debekatuta zeuden, baita prentsarentzat ere, uneko «esperientzia» nabarmentzeko, eta telefonoa gainean zeramatenek zorro hermetikoetan sartu behar izan zituzten Kursaalera sartu bezain pronto.
Klub batean bezala
Musika sinfoniko grabatua bozgorailuetatik entzuten zela atera ziren Dylan eta bost kideak oholtzara. Argi gorri leun batek baino ez zuen argitzen agertoki iluna, eta Dylan, erdian, pianoaren atzean jarri zen. Kantatzeko altxatzen zen, baina soloetan eseri egiten zen. Eta taldekideak, Dylanengandik oso gertu. Kontuan izanik Kursaaleko oholtzaren neurriak, bitxia egiten zen taldea klub batean egongo balitz azaltzea, espazio txiki batean bilduta.
Watching The River Flow, 1971n estreinatu eta Dylanek Shadow Kingdom lanean berreskuratu duen blues-rockarekin abiatu ziren, Most Likely You Go Your Way and I’ll Go Mine klasikoa —Blonde on Blonde (1966) disko mugarrian azaldu zena— ia modu ezagutezin batean interpretatu baino lehen.
Baina emanaldiak Rough and Rowdy Ways diskoa zuen ardatz —kontzertuko hamazazpi kantuetatik zortzi izan ziren lan horretakoak—, eta I Containe Multitudes lasaia, Walt Whitmani eginiko erreferentziekin, izan zen lan horretako aurrenekoa. Rough and Rowdy Ways-ek tempo sosegatuko piezak eta bluesari lotuagoak uztartzen ditu, eta Donostiako emanaldia ere horren isla izan zen. False Prophet-ek, adibidez, rhythm & blues elektrikora eraman zuen kontzertua, eta nabarmentzekoak izan ziren Bob Britten eta Doug Lancioren gitarra jokoak.
Ordurako, publikoa hasia zen berotzen, eta Dylanek «eskerrik asko» esateko ahoa zabaltzen zuen une bakanetan, auditoriumetik iristen zitzaion txaloak ozenak ziren. Ez da Dylan bere sentimenduak agertokian azaltzen dituen musikaria, baina, noizean behin, distantziatik irribarre txikiren bat ere antzematen zitzaion.
The Band taldearentzat idatzitako When I Paint My Masterpiece-k country-folk doinu akustikoak zabaldu zituen Kursaalera, eta Dylanek, aurrenekoz —eta azkenekoz—, aho-soinua jo zuen. Musikariari gustura ikusten zitzaion, eta bere ahotsak, higatua badago ere, hunkitzeko gaitasuna ez duela galdu erakusten zuen.
Black Rider sosegatu eta biluzian nabaria izan zen Dylan sasoiko dagoela bere 82 urteekin, eta My Own Version of You-k —Rough and Rowdy Ways-eko kantu eder eta sailkaezinenetako bat— mailari eutsi zion.
Dylani gustura sumatzen zaio blues doinuetan, eta Crossing The Rubicon nahiz Goodbye Johnny Reed gitarra elektrikoen gurutzaketetan eta baxuak zein bateriak ezarritako erritmoan oinarrituta interpretatu zituzten, baina ez batak, ez besteak ez zuten Key West (Philosopher Pirate) eder bezain luzearen eta Mother of Muses-en hunkitzeko gaitasuna berdindu.
60 urteko ibilbidearekin eta ia berrogei disko kaleratuta, Dylanek hamaika jaiotze eta berpizkunde bizi izan ditu, eta baita beste horrenbeste eraldaketa ere. Hain zuzen, 1970eko hamarkadaren amaieran kristautasuna besarkatu zuen, eta fedea zabaltzeko helburu garbia zuten hiru disko kaleratu zituen. Ez dira bere ibilbideko lanik goraipatuenak, baina Donostian disko horietako bi kantu berreskuratu zituen, Gotta Serve Somebody, jatorrizko bertsioko gospel korurik gabe, baina intentsitate izpirituala mantenduta, eta Every Grain of Sand,Shot of Love (1981) diskoan azaltzen zen kantu goxo bezain hunkigarria: «Nire aitortzaren garaian, nire beharrik sakonenaren orduan/ Nire oinen azpian dagoen malko putzuak hazi jaioberri oro urperatzen duenean/ Nire barruan hilzorian dagoen ahots bat dago, norabait iristen».
Bisik eman gabe eta ia bi orduko emanaldiaren ostean, Dylanek oholtzara agertu zenean bezain soil esan zuen agur. Buruarekin publikoari keinu herabe bat eginez. Ez zuen gehiago behar, publikoaren artean ordurako zabaldua baitzegoen Robert Zimmermannek segitzen duela argia egiten, baita publikoari hark nahi duena ematen ez dionean ere.