Bob Dylan, argi bat itzaletan

'Rough and Rowdy Ways' bere azken kantu bilduman oinarritutako kontzertua eman du musikari estatubatuarrak Donostiako Kursaalean. Saioak ez dio lekurik utzi nostalgiari.

Kontzertuan ezin izan zen argazkirik egin. Irudian, 2012an, Benicassimen (Herrialde Katalanak). DOMENECH CASTELLO / EFE.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez zen ezustekorik espero, eta ez zen izan. Bob Dylanek herenegun Donostiako Kursaalean eman zuen lehenengo kontzertua —atzo izan zen bigarrena— esperotako bideetatik joan zen, nostalgiarako tarterik utzi gabe eta Rough and Rowdy Days (2020) kantu berriz osatutako bere azken diskoan ardaztuta. Ez zen ezustekorik izan, 2023an eman dituen kontzertu guztietan kantutegi berera jo baitu, aldaketa txikienari ere aukera itxita, ezpada kontzertu guztietan jotzen duen bertsio bakarra. Johnny Mercerren That Old Black Magic izaten da ohikoena —hori bera jo zuen Donostian—, baina jo izan ditu The Cricketsen Not Fade Away eta, behin baino ez bada ere, Van Morrisonen Into the Mystic.

Ez zen ezustekorik izan, ikusleek ondo baitzekiten Kursaalean ez zirela entzungo ez Like a Rolling Stone, ez All Along The Watchtower; ez Blowin' in the Wind, ez Mr. Tambourine Man; ez Hurricane, ez Just Like a Woman. Dylanen zaleentzat frustragarria izan daiteke hamarnaka pieza mitiko idatzi dituen egileak muzin egitea haiei, bere azken diskoan zentratzea, eta atzera begiratzen duenean ere, kantu askotan ezkutuak berreskuratzea. Baina AEBetako musikariak jartzen ditu joko arauak, eta horiek onartu besterik ez dago.

Eta, bitxia bada ere, gaur egungo anomaliatzat jo daitekeen saioa izan zen Dylanena. Irudiari hainbesteko garrantzia ematen zaion sasoi honetan, sakelako telefonoak eta argazkiak debekatuta zeuden, baita prentsarentzat ere, uneko «esperientzia» nabarmentzeko, eta telefonoa gainean zeramatenek zorro hermetikoetan sartu behar izan zuten Kursaalera sartu bezain pronto.

Klub batean bezala

Musika sinfoniko grabatua bozgorailuetatik entzuten zela atera ziren Dylan eta bost kideak oholtzara. Argi gorri leun batek baino ez zuen argitzen agertoki iluna, eta Dylan, erdian, pianoaren atzean jarri zen. Kantatzeko altxatzen zen, baina soloetan eseri egiten zen. Eta taldekideak, Dylanengandik oso gertu. Kontuan izanik Kursaaleko oholtzaren neurriak, bitxia egiten zen taldea klub batean egongo balitz azaltzea, espazio txiki batean bilduta.

Watching the River Flow, 1971n estreinatu eta Dylanek Shadow Kingdomlanean berreskuratu duen blues-rockarekin abiatu ziren, Most Likely You Go Your Way and I'll Go Mine klasikoa —Blonde on Blonde (1966) disko mugarrian azaldu zena— ia modu ezagutezin batean interpretatu baino lehen.

Baina emanaldiak Rough and Rowdy Ways diskoa zuen ardatz —kontzertuko hamazazpi kantuetatik zortzi izan ziren lan horretakoak—, eta I Containe Multitudes lasaia, Walt Whitmani eginiko erreferentziekin, izan zen lan horretako aurrenekoa. Rough and Rowdy Ways-ek tempo sosegatuko piezak eta bluesari lotuagoak uztartzen ditu, eta Donostiako emanaldia ere horren isla izan zen. False Prophet-ek, adibidez, rhythm & blues elektrikora eraman zuen kontzertua, eta nabarmentzekoak izan ziren Bob Britten eta Doug Lancioren gitarra jokoak.

Ordurako, publikoa hasia zen berotzen, eta, Dylanek «eskerrik asko» esateko ahoa zabaltzen zuen une bakanetan, auditoriumetik iristen zitzaion txaloak ozenak ziren. Ez da Dylan bere sentimenduak agertokian azaltzen dituen musikaria, baina, noizean behin, distantziatik irribarre txikiren bat ere antzematen zitzaion.

The Band taldearentzat idatzitako When I Paint My Masterpiece-k country-folk doinu akustikoak zabaldu zituen Kursaalera, eta Dylanek aurrenekoz —eta azkenekoz—, aho soinua jo zuen. Musikaria gustura zegoela zirudien, eta erakutsi zuen bere ahotsak, higatua badago ere, ez duela galdu hunkitzeko gaitasuna.

Black Rider sosegatu eta biluzian, nabaria izan zen Dylan sasoiko dagoela bere 82 urteekin, eta My Own Version of You-k—Rough and Rowdy Ways-eko kantu eder eta sailkaezinenetako bat— mailari eutsi zion.

Dylani gustura sumatzen zaio blues doinuetan, eta Crossing the Rubicon nahiz Goodbye Johnny Reed gitarra elektrikoen gurutzaketetan eta baxuak zein bateriak ezarritako erritmoan oinarrituta interpretatu zituzten, baina ez batak ez besteak ez zuten berdindu Key West (Philosopher Pirate) eder bezain luzearen eta Mother of Muses-en hunkitzeko gaitasuna .

60 urteko ibilbidearekin eta ia 40 disko kaleratuta, Dylanek bizi izan ditu hamaika jaiotze eta berpizkunde, eta baita beste horrenbeste eraldaketa ere. Hain zuzen, 1970eko hamarkadaren amaieran kristautasuna besarkatu zuen, eta fedea zabaltzeko helburu garbia zuten hiru disko kaleratu zituen. Ez dira bere ibilbideko lan goraipatuenak, baina Donostian disko horietako bi kantu berreskuratu zituen, Gotta Serve Somebody, jatorrizko bertsioko gospel korurik gabe, baina intentsitate izpirituala mantenduta, eta Every Grain of Sand, Shot of Love diskoan azaltzen zen kantu goxo bezain hunkigarria: «Nire aitortzaren garaian, nire beharrik sakonenaren orduan/Nire oinen azpian dagoen malko putzuak hazi jaioberri oro urperatzen duenean/Nire barruan hilzorian dagoen ahots bat dago, norabait iristen».

Bisik eman gabe eta ia bi orduko emanaldiaren ostean, Dylanek oholtzara agertu zenean bezain soil esan zuen agur. Buruarekin publikoari keinu herabe bat eginez. Ez zuen gehiago behar, publikoaren artean ordurako zabaldua baitzegoen Robert Zimmermannek segitzen duela argia egiten, baita publikoari nahi duena ematen ez dionean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.