Munduko blues eta jazz talde onenetarikoek joko dute, eta hogei kontzertu baino gehiago eskainiko ditu jaialdiak, bluesak berak dituen estilo ezberdinak erakutsiz: Chicago, big band, zydeco, Texas, rhythm&blues...Hainbat agertokitan ikus eta entzun ahal izango dira: Itsas Etxea auditoriumean, Bentan eta San Pedro kaleko agertokian.
Kontzertuen artean, nabarmentzekoak dira Dr. Feelgood, Travellin' Brothers eta Bob Stroger taldeak; azken talde horretako baxua omenduko dute, gainera, izan duen musika ibilbidearengatik: Blues Hondarribi Saria jasoko du.
Gaurko egitarauari dagokionez, Benta agertokian joko dute Diablues & Blueciferrek,21:30ean, Shakura S'Aidak 22:30ean, eta Dr. Feelgoodek 00:00etan.
Horri guztiari hasiera emateko, eta jaialdiaren hamargarren urteurrena dela-eta, erakusketa bat zabalduko dute gaur Itsas Etxea auditoriumean, arratsaldeko zazpietan.
Hiritarrak eta bluesa
Carlos Maller egitasmoaren zuzendariak hiritarrak bluesera bildu nahi ditu. Iaz, adibidez, 90.000 ikus-entzule bertaratu ziren.
Horretarako, berrikuntzak ere egongo dira aurtengo jaialdian: Red House taldeko Francisco Simonek mintegiak antolatuko ditu hamabi eta hamazazpi urte bitartekoentzat bihar, etzi eta etzidamu; gitarrari buruzkoak izango dira.
Gainera, gipuzkoar gazteen doinuak ere entzungo dira lehendabiziko aldiz; guztira, sei taldek joko dute.
Jende guztiari zuzendutako emanaldiak izango dira; eta kontzertuetarako sarrerak doakoak dira, gainera. Ekitaldiak gauean ere izango direla-eta, Ekialdebusek gaueko zerbitzu bereziak antolatu ditu jaialdiak irauten duen bitartean.