Bluesa hartzeko prest dago Bilbo

Ostegunetik igandera igaroko da Bilboko Blues Festival jaialdiaren hirugarren aldia. Bertako eta nazioarteko artistek doako kontzertuak eskainiko dituzte Bilboko Areatzan.

Southern Avenue taldea ostiralean igoko da Areatzako oholtzara, 22:30ean. SOUTHERN AVENUE.
Southern Avenue taldea ostiralean igoko da Areatzako oholtzara, 22:30ean. SOUTHERN AVENUE.
marcos tedin
Bilbo
2024ko uztailaren 24a
05:05
Entzun

Blues musikak hirugarrenez berotuko ditu Bilboko kaleak. Aurreko urteetako bi aldien arrakasta ikusita, Bilboko Blues Festival jaialdiaren antolatzaileek hirugarrenez ekingo diote, ostegunetik igandera. Agertoki nagusia Areatzan izango du jaialdiak, eta bertako zein nazioarteko hogei bat artista igoko dira oholtzara. «Festibal gaztea da, baina jada guztiz finkatuta dagoela esan dezakegu», adierazi du Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak, jaialdiaren aurkezpenean, Bilboko udaletxean.

«Oso pozik gaude joan den urtean jaialdiak izan zuen harrerarekin, bai bertako publikoaren partez, bai eta kanpoko publikoaren partez ere», aipatu du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak. Harrera on horrek eman die, hain zuzen, aurtengoari heltzeko indarra. Horrez gain, zuzendariak azpimarratu du jaialdiak zabalpena izan duela nazioartean: «Aurten atzerrira bidaiatzeko aukera izan dugu, festibala sustatzeko, eta harritu egin gaitu bi urte hauetan jaialdiak zer ospe lortu duen».

Aurtengo artistak aukeratzean, zorrotzagoak izan direla uste du Mallesek: «Egitarauan jarri dugu arreta aurten. Jaialdiaren anbiguotasuna utzi nahi dugu, bluesaren benetako erreferente bihurtu nahi dugu. Horregatik, apustua egin dugu nazioarteko panoramako talderik onenetako batzuk ekartzeko hona». 

D. K. Harrell gitarrista estatubatuarra izango da Bilboko Blues Festival jaialdiko protagonistetako bat, antolatzaileek nabarmendu dutenez. «Gure apustu pertsonala da D.K. Harrell. Izugarria da 26 urteko mutiko honek nola irudikatzen duen bluesa. B.B. King ekartzen digu gogora, haren garairik onenean», goraipatu du Mallesek. Louisiana estatuan jaiotako gitarristak bi kontzertu eskainiko ditu: lehenengoa, larunbateko 20:45ean, eta bigarrena, igandeko 14:00etan. Jaialdi honetan lehenengoz joko du gitarra jotzaileak.

Antolatzaileek nabarmendu duten beste artista bat Kim Wilson abeslari eta harmonika jotzaile estatubatuarra da. Izan ere, asteburu honetan Bilboko Blues Festival saria emango diote, «bere musika ibilbide sendo eta distiratsuagatik». Wilsonek larunbateko 22:30ean joko du bere taldearekin batera, The Fabulous Thunderbirds. Wilsonena eta Harrellena «aurtengo emanaldi nabarmenetako bi» izango dira, Otxandianok adierazi duenez.

Bertako talentuak ere izango du lekurik Bilboko Blues Festival jaialdian. Ibai Garcia Blues Project Ibai Garcia gitarrista eta konpositore barakaldarraren taldea da. Charlie Santiago abeslariak, Aritza Castro bateristak, Fernando Solla baxu jotzaileak eta Israel Santamaria teklatu jotzaileak osatzen dute boskotea. Volotea Blues Challenge txapelketaren finalaren ostean, Ibai Garcia Blues Project taldeak emango dio hasiera jaialdiari, ostiralean, 19:30ean.  

Edizio honen azken kontzertua Ana Popovic serbiarrak emango du, igandean, 22:30ean. 25 urteko ibilbide profesionala du Popovic gitarrista eta abeslari horrek. «Fender Stratocasater bereizezina sorbaldan duela, teknika bikaina erakusten du, baita eszenatokien gaineko presentzia dotore eta kementsua ere», esan du jaialdiaren antolatzaileak, artistari buruz. She Was a Doorman, Slow Dance eta Johnnie Ray dira Popovicen abestirik ezagunenak.

Jaialdia sustatzeko kartelak Estatu Batuetako Mississippi ibaia —blues musikaren jaiotokia, akaso— eta Bilboko erreka uztartzen ditu. Ipar Amerikako ibaia zeharkatzen zuen lurrunontzi gurpildun tipikoa irudikatzen du kartelak, baina Bilboko errekan, Areatza atzealdean. Moriskette euskal estudioak egin du ilustrazioa.

Volotea Blues Challenge

Bai Otxandianok bai Mallesek aurtengo aldiak izango duen berritasuna aipatu dute: Volotea Blues Challenge. Lehenengo egunean, hau da, ostegunean, Volotea Blues Challenge txapelketako finala jokatuko da, eta hor erabakiko da zein talde joango den Kroaziara, datorren urtean egingo den European Blues Challenge jaialdira.

Osteguneko finalean egongo diren taldeak, berriz, Del Toro Blues Band, Sirjo Cocchi & Balta Bordoy - The Blues Way, Tofol Martinez Blues Band eta The Lazy Tones dira. Areatzako kioskoan, 19:30 hasiko da etapa erabakigarria, eta talde bakoitzak 30 minutuko kontzertu bat eskainiko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.