Musika

Blues doinuek umeldutako lurraldea

Alan Lomaxek landa lana egin zuen bere bizitza osoan, tokian tokiko musikak grabatu eta ezagutzera emateko asmoarekin, eta Euskal Herrian ere izan zen. Bere lanik mardulena, baina, AEBetako hegoaldeko musika beltzari eskaini zion.

Alan Lomax, bere estudioan. BERRIA.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
The Beatles laukote miragarriak 1964an bisitatu zituen estreinakoz AEBak. Britainiarrak New Yorken zeudela, prentsaurreko batean parte hartzen, kazetariek galdetu zieten ea zer nahi zuten egin lehen bisita hartan. «Jakina, Muddy Waters ezagutu», erantzun zuten. Kazetariek, baina, ez zuten blues musikari haren berririk. Areago, kazetarietako batek pentsatu zuen musikariek hiri bat aipatu zutela. «Hemen ez dakizue nortzuk diren zuen pertsonaia famatuak», erantzun zien Paul McCartneyk barrez. Bada, Atlantiko itsasoaren bi aldeetako gazteak gitarrak jotzera bultzatu zituzten herri musikako pizti beltz haiek — besteak beste, Son House, Big Bill Broonzy, Fred McDowell eta Waters bera—, Alan Lomax (19152002) etnomusikologo estatubatuarrak ezagutarazi zituen 1933tik aurrera aitarekin batera Texas, Tennessee eta Mississippin egin zituen landa-grabazioen eta zuzendu zituen irratsaioen bidez. «Lomax gabe oso litekeena da bluesaren eztanda gertatu ez izana, ezta, ondorioz, rhythm and bluesaren sorrera ere, ez Beatles, ez Stones, ez Velvet Underground ere», esan zuen Brian Eno (Roxy Music) abangoardiako musikariak folkloristak egindako alimaleko lanaren harira.

Lomaxek lan kolosala egin zuen Mississippi ibaiaren deltan 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, blues aitzindarien lehen erregistroak grabatzeko, bere auto kalamastran zeraman estudio eramangarria baliatuta. Baina, horretaz gainera, afro-amerikarren hamaika musika-adierazpide ere jaso zituen, tartean, espetxeetako kantuak, elizkizunetako abestiak eta trenbideak eraikitzeko langile beltzek egiten zituzten maniobrapisutsuak koordinatzeko erabiltzen zituzten doinuak. Ikerlan hori The Land Where The Blues Began (Bluesa sortzen ikusi zuen lurra) liburu zabalean jaso zuen Lomaxek, zeinak AEBetako Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen argitaratu zen urtean, hain zuzen, 1993an. Bada, Libros del Kultrum argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa plazaratu du aurten, Prosas reunidas de un folclorista legendario (Folklorista legendario bati bildutako prosak) azpititulua gehituta jatorrizko izenburuari. Bere 450 orrialdeetan AEBetako Hegoalde osoa jasotzen du. Mardula bezain sakona da.

Liburuak abenturazko nobelen traza ugari biltzen ditu, Mark Twain eta Robert Johnson senidetuko balitu bezala, betiere, esklaboen ondorengoen ahozko testigantzetatik abiatuta, hala nola, musikariak, partzuerrak, pistolariak, presoak eta mandazainak. Istorio horietan miseria eta injustizia nagusitzen dira, eta ahozko narrazio horien bidez herrialde bat odolez, izerdiz eta saminez eraiki zuten gizon eta emakumeen historia hezurmamitzen da. Lintxamenduak, bortxaketak eta espetxealdiak bertatik bertara bizi izan zituzten afroamerikarren bizitzak. Amorrua kantu bihurtzen jakin zuten gizakiek, hamarkadetan pairatutako zapaltzea abestien bidez mendekatzeko.

Lomaxek bildutako Memphis Slim eta Big Bill Broonze bluesmen-en arteko elkarrizketa argigarria da:

Big Bill Broonze: «Nagusia madarikatu nahi baina aurpegira esateko beldur ziren gizonak ezagutu ditut. Baina kantuan entzun ditut; hitzak kantatzen, badakizu, nagusiari; mandoari gauzak esaten, mandoak zapaldu izan balitu bezala egiten eta esaten: 'ez ni zapaldu, madarikatua!'. Nagusiari esango baliote bezala».

Memphis Slim: «Bai, bluesa mendeku antzeko bat da. Badakizu zerbait esan nahi duzula, esanahia izango duena, hori da bluesa. Guztiok pasatu dugu gaizki bizitzan, eta egin edo esan ezin genuena, kantatu egiten genuen».

Horiek horrela, kantuek eta sasoiko errealitate sozialak bat egiten dute narrazio guztian, gaur egunera ekarri arte. «Mundu osoan ezagunak diren Amerika beltzeko musika genero guztiek, ragtimetik rapera arte, gizateriaren ondare horren arrastoa dute», dio Lomaxek liburuan.

Deabruarekin tratuan

Liburuan jasotako istorioen artean, Robert Johnson musikariaren ingurukoa Lomaxen nortasun zorrotzaren isla da. Johnsonek ospa egin zuen etxetik, eta sei hilabeteren buruan bueltatu zen musikari eta abeslari aparta bilakatuta. Testigu batzuen arabera, gaitasun horiek deabruaren bidez eskuratu zituen. Hala, musikari-ibiltari aritu zen gitarrista mitikoa, bidean aurkitzen zituen emakumeen bihotzak sorgintzen. Ondorioz, 1938ko abuztuan, bere konkistetako baten senarrak Johnson pozoitu egin zuela esan ohi da.

Lomaxek 1930eko hamarkadan entzun zituen bluesman misteriotsuaren kantuak, eta harrezkeroztik haren atzetik ibili zen kantu berriak grabatzeko asmoz. Hala, 1941ean, Willie Brown blues musikariak esandakoei jarraituz, Johnsonen amaren etxera iritsi zen Lomax, Tunica herrian. Hautsez betetako kotoizko zaku bat soinean zeraman emakume beltz eta argal batek hartu zuen Lomax etxola baten atarian. Gizon zuri eta gaztearen hitzak entzun ondotik, emakumeak hauxe erantzun zion, hits: «Bai, jauna, Mary Johnson naiz. Eta Robert nire seme txikia da. Baina Robert hilda dago». Horrela jakin zuen munduak naturaz gaindiko musikari blues zalea hilda zegoela, ustez neska lagun amorratu batek edo senar jeloskor batek toxikatuta. Halere, dena lausotzen da Johnsonen inguruan, bere hezurrak gordetzen dituzten hiru hilobi zenbatu baitira, kondaira handitze aldera.

Liburuaren lehenengo atalean ere, tentsio narratibo nabarmena da, Lomax Memphis hiriko Beale Street kale beltz eta musikazalean barneratzen denean. Etnomusikologoa jostundegi batean sartu zen, aurretik entzun zituen Memphis Willie B. bluesman ezezagunaren doinuak grabatzeko xedez. Garagardoak edaten eta musika eta pasadizoak entzuten ari ziren bitartean gauak harrapatu zituen. Orduan sufritu zituen Lomaxek bere azalean sheriff arrazisten manerak.

«'Ze demontre ari da hor gertatzen?', esan zuen zuri baten ahots urratuak modu ez egokian».

«Bluesa!» oihukatu nuen.

«Kontuz, jauna» xuxurlatu zuen Willie B-k. «Polizia pistola batekin apuntatzen ari zaigu».

Baina bi ziren poliziak, espaloian paratuta. Lomaxek Washington hiriburuko kongresuko liburutegitik zetorrela azaldu zien, bluesa grabatzeko helburuarekin, eta blues kantari onak aurkitu zituela Beale Streeten.

«Zergatik ez dituzu beltzen ergelkeria horiek guztiak zurekin eramaten, zatozen lekutik zatozela?esan zuen A-k.

«Hemen, Hegoaldean, ez ditugu atsegin» esan zuen B-k!

Hegoaldea eta haren blues arima gutxietsi zituzten poliziek, haien ezjakintasuna eta beltz jendearekiko gorrotoa tarteko. Lomaxek, hain justu, Hegoaldeko trauskil zuri letragabeko guztien ausardia itsua ezerezteko osatu zuen liburua, baina baita gordinki zapaldutako kultura afro-amerikarra aldarrikatzeko, biltzeko eta guztion eskura jartzeko. The Land Where The Blues Began infinitua da bere handitasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.