Blues doinuak Bilbon barrena

Bihar hasi eta igandera bitarte, Bilbao Blues Festival jaialdia egingo dute bigarrenez, Bilbon. Osatutako ibilbide artistikoagatik aitortza jasoko du Rick Estrin musikariak

Rick Estrin musikaria, artxiboko argazki batean. RACHEL KUMAR / BILBAO BLUES FESTIVAL.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Joan den urteko arrakastaren ondoren, bigarrenez egingo dute aurten Bilboko Blues jaialdia. Bihar hasi eta igandera bitarte, nazioarteko hainbat blues musikariren emanaldiekin girotuko dute Bizkaiko hiriburua, baina bestelako musika estilo batzuk entzuteko aukera ere egongo da tarteka. Izan ere, Carlos Malles jaialdiko zuzendariak aurreratu duenez, «ahalik eta programa eklektikoena» eskaintzen ahalegindu dira aurten. Doan izango dira kontzertu guztiak, Areatzan, baina hiriko beste txoko batzuetara ere hedatuko da jaialdia. Rick Estrin abeslari eta aho-soinu jotzaileak aitortza jasoko du bere ibilbideagatik.

Antolatzaileen hitzetan, helburu bikoitza du Bilboko Blues jaialdiak: zaleei Europako biretan parte hartu ohi ez duten artistez gozatzeko aukera ematea, batetik; eta, bluesa askorik entzuten ez dutenei musika estilo hori ezagutzeko aukera ematea, bestetik. Gaur egingo dute jaialdiaren atariko ekitaldia, Guggenheim museoan: Silvia Marso aktoreak eta Del Toro Blues Band taldeak Blues & Roots antzerki musikala eskainiko dute iluntzean.

Ofizialki, baina, ostiral goizean abiatuko da jaialdia: kontzertu pedagogiko bat egingo dute Guggenheim museoan, 11:00etan. Haurrentzako emanaldia izango da, eta bluesa belaunaldi berrietara hurbiltzea izango da asmoa. Diablues eta Bluezifer bikoteak parte hartuko du ikuskizunean, Nagore Sanz kontrabaxu jotzailearekin eta Oihan Vega aurkezlearekin batera.

Arratsaldean, BIlboko The Big Flyers taldearen txanda izango da, 19:00etan. Iaz argitaratu zuten euren ibilbideko aurreneko diskoa, eta horixe aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean. «Blues, swing, rhythm and blues eta rock-and-roll festa dantzagarria izango da zuzenekoa», esan dute antolatzaileek. Haren ondotik, Vasti Jackson and The Mississippi Trinity taldea igoko da taula gainera. Antolatzaileen arabera, bluesean dagoen «musikaririk polifazetikoena» da egun Jackson, eta horren erakusgarri dira azken urteotan jaso dituen sari guztiak; besteak beste, Mississippi Living Blues Legend Award saria, 2011. urtean. Bluesaz gainera, soula, jazza eta gospela uztartzen ditu haren emanaldietan. Eguna borobiltze aldera, Anthony Paule Soul Orchestra eta Terrie Odabi & Theo Huff elkarrekin ariko dira: Not In My Lifetime diskoa aurkeztuko dute.

Estrinen kontzertua, etzi

Larunbat eguerdian, bluesaren eta soularen izen handi bat igoko da taula gainera: Tia Carroll. «Haren estiloak, grinaren eta feeling askoren adibide diren Koko Taylor, Aretha Franklin eta Tina Turnerren garaierako maistrak gogorarazten ditu», adierazi dute.

Bestalde, aurten, Rick Estrin abeslari eta aho-soinu jotzaileak (AEB, 1949) jasoko du Bilbao Blues Festival saria. Haren bitartez, aitortza egingo diote musika munduan osatu duen ibilbide luzeari. Izan ere, artista entzutetsuekin kolaboratzeaz gainera, Little Charlie & The Nightcats taldea sortu zuen Estrinek 1976an, Charlie Baty gitarra jotzailearekin, Lorenzo Farrell baxu jotzailearekin eta J. Hansen bateria jotzailearekin batera. 2008an Batyk erretiroa hartu zuenean, Rick Estrin & The Nightcats taldea sortu zuten, eta hala, Blues Music Award saria eskuratu zuten 2018an eta 2021ean. Larunbat iluntzean eskainiko dute kontzertua, Areatzako agertokian, 20:45ean.

Estrinen emanaldiaren ondotik, The Original Blues Brothers igoko da Areatzako agertokiko taula gainera, aurtengo kartelburuetako bat. Saturday Night Live telebista saiorako sortu zuten taldea Dan Akroyd eta John Belushi aktore eta komikoak, eta, handik gutxira, nazioartean eskuratu zuten ospea. 1982. urtean hil zen Belushi, baina taldea bertan behera geratu beharrean, aurrera egin, eta urterik urte jarraitu dute soula, R&Ba eta bluesa mundu osora zabaltzen. Gaur egun, Lou Marini (saxoa) du gidari taldeak, eta 2017koa du azken diskoa: The Last Shade of Blue Before Black.

Jaialdiaren azken egunean ere, igandean, izango da zer entzuna. Goizean, kasurako, boogie woogie ikastaroa antolatu dute. Iaz egin zuten lehenengoz, eta, arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Eguerdian, berriz, estreinako albuma aurkeztuko du Koko Jean and The Tonics taldeak: Shaken & Stirred. 14:00etan, The Cinelli Brothers anaiak igoko dira oholtza gainera. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako blues elektrikoa egiten du taldeak, baina bestelako musika estilo batzuk ere nahasten ditu. Iluntzean, Ghalia Volt eta Bette Smith musikarien eta The Mambo Jambo taldearen txanda izango da.

Zazpikaleetan ere bai

Areatzara ez ezik, Zazpikaleetara ere iritsiko dira blues doinuak igande eguerdian: New Orleans hiriko (AEB) estiloarekin, Granujas a Todo Ritmo Dixie Band taldeak kalejira bat egingo du hiriko kaleetan barrena. Musika talde ibiltaria da, eta, musikaz gainera, txotxongilo erraldoiak ere eramango dituzte.

Joan den urtean antolatu zuten lehenengoz Bilboko Blues jaialdia. 65.000 zale inguru bertaratu ziren, eta, arrakasta ikusita, Bilboko Udalak «ezinbestekotzat» jo du bigarrenez egitea: «Hiru egun ahaztezin izan ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.