Blondiek eta Violent Femmesek Azkena Rocken joko dute

Ekainaren 20an eta 21ean egingo da Gasteizko jaialdia, eta antolakuntzak 12 talde baieztatu ditu oraingoz

Erredakzioa
Gasteiz
2014ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Blondie talde mitikoak Azkena Rocken joko du. Ekainaren 20an eta 21ean egingo da jaialdiaren 13. aldia, eta New Yorken 1970eko hamarkadaren erdialde-amaieran sortutako new wave-aren erreferenteetako bat izango da kartelburuetako bat. Gainera, Violent Femmes ibilbide luzeko AEBetako rock alternatiboko taldea ere arituko da Mendizabalako eremuan. Antolakuntzak hamabi talderen izenak eman ditu jada.

Ghosts Of Download diskoa kaleratuko du Blondiek martxoaren 17an —Gossip taldeko Beth Dittok parte hartu du, besteak beste—, eta horretako abestiak entzun ahal izango dira Gasteizen. Halere, 1975 eta 1982 artean kaleratutako estudioko sei diskoetako abestiei esker bihurtu ziren ikur Deborah Harry eta haren taldekideak; horien artean daude Atomic, Heart of Glass eta Denis. 2011n Bilboko BBK Live jaialdian jo zuten, eta Gasteizko emanaldia haien 40. urteurreneko biraren barruan sartu dute.

Violent Femmesek ibilbide gorabeheratsua izan du, 1983ko debuteko lanarekin goia jo zuenetik. AEBetako folketik nabarmen edaten du taldeak, eta beste zazpi disko kaleratu zituen 17 urteren buruan; azkenekoa, 2000n, Freak Magnet. Desegin zen taldea zenbait urtez, baina iaz berriro elkartu ziren. Haiekin eta Blondierekin batera, Wolfmother, Joe Bonamassa, Seasick Steve, Turbowolf, Unida, Kadavar, Royal Thunder, Bombus, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta 13 Left to Die taldeak baieztatu ditu antolakuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.