Blanca Urgell: «Guggenheim, funtsean, proiektu turistikoa da, ez kulturala»

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museo proiektuarekin kritiko diren pertsona ezagun batzuen iritziak bildu ditu artikulu batean. Eusko Jaurlaritzako sailburu izandako bi daude tartean: Blanca Urgell eta Jon Larrinaga.

Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoak hartuko dituen guneetako bat. EFE
Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoak hartuko dituen guneetako bat. EFE
Inigo Astiz
Donostia
2024ko abenduaren 14a
04:55
Entzun

Lau hamarkada bete ditu Urdaibaiko biosfera erreserbaren izendapenak abenduaren 6an, eta, efemeride hori baliatuta, Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren proiektuari buruzko iritzi kritikoen bilketa esanguratsua egin du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Txema Garcia kazetari eta idazleak sinatu du Guggenheim Urdaibai: zentzugabeko kultura proiektua behar ez den lekuan artikulua, eta zazpi solaskide hauek elkarrizketatu ditu bertan: Julen Rekondo ingurumen espezialista eta Espainiako Ingurumeneko Saria irabazitakoa; Blanca Urgell hizkuntzalari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Haizea Barcenilla arte historialaria; Joseba Zulaika antropologo, idazle eta Renoko Center for Basque Studies erakundeko zuzendari izandakoa; Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako militantea; Jon Larrinaga Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburu ohia; eta Ramon Zallo Zuzenbide eta Ekonomia lizentziadun eta EHUko katedradun emeritua.

Artikuluan bildu denez, Rekondok, adibidez, ez du uste Guggenheim museoa eraikitzeak Urdaibaiko erreserbaren kontserbazioa hobetuko duenik. «Natura eta ingurumena babestearen ikuspegitik, horrek ez du inolako logikarik».

Turismoaren mesedetan

Urgell ere kritiko mintzo da artikuluan. «Ziur nago ez dela hori, inondik inora ere, eskualdeak behar duena, ez azpiegitura aldetik, ez ekonomikotik, eta are gutxiago kulturaletik ere». Eusko Jaurlaritzan zegoenean ere, mahai gainean izan zuen Guggenheim markako museo bat eraikitzeko proiektua. «Bere garaian kontsultatu genituen aditu guztien iritziz ere, zentzugabekeria da marka bera bi aldiz ekartzea Euskadi bezalako herrialde txiki batera. Guggenheim, funtsean, proiektu turistikoa da, ez kulturala».

Proiektuaren kontra mintzo da Larrinaga ere. Ekonomian lizentziatua da, eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburu ere izan zen Jose Antonio Ardanzak gidatutako Eusko Jaurlaritzan. Bereziki kritikoa da proiektuan Murueta ontziola dagoen lekuan egin nahi duten eraikinarekin. «Ez du errespetatzen Kosta Legea; salbuespen bat eskatu behar izan du, eta babes bereziko eremu baten aurka egiten du». Haren irudikoz, «burugogorkeria» da eraikina han egitearekin tematzea, eta ez du begi txarrez ikusten Guggenheim museoa Gernikan egitea, hori «marka unibertsal indartsuagoa» dela iritzita.

Zulaikak sakon aztertua du Guggenheim efektua deitutakoa, eta jendaurrean ere behin baino gehiagotan azaldu da Bilboko museoak eragindako aldaketak defendatzen. Artikuluan adierazi duenez, ordea, ez du uste Bilbon gertatutakoa Urdaibain errepikatu ahalko denik. «Bilboko museoak hain ondo funtzionatu duenez, apustua bikoiztu egin behar da eta miraria Urdaibain errepikatuko dela pentsatu. Arazoa da miraria zertan datzan lausotu dela. Ez gaude hain ziur turista gehiago eta kapitalismo gehiago nahi ote dugun».

Kulturaz eskas

Barcenillak proiektuaren hutsune kulturala nabarmendu du. «Ez dago eredu kulturalik. Behin ere ez da aipatu nola egokituko litzatekeen proiektu hau anbizio handiko eta lurraldeko kultura plan baten barruan, ez baitago halako planik». Bestelako premia larriagoek behar luketen finantzaketa Guggenheim museoari bideratuko zaiola argudiatu du, proiektuaren eragin negatiboen artean.

Gernikan aurten izan diren museoaren proiektuaren aurkako manifestazioak ere aipatu dituzte artikulua, eta haiei lotuta bildu Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen iritziak ere. Gotxi: «Ziur asko, interesen bati erantzungo dio, baina interes hori ez da ez kolektiboa, ez publikoa». Erakundeen jarduna ere txarresten du militanteak; haren hitzetan, diru publikoa «opari» ematen dietelako egitasmo pribatuei. Solomon R. Guggenheim fundazioari, batetik, eta Murueta ontziolari, bestetik.

Zalloren hitzak ere bildu dituzte artikulurako. Eskualdeko ekonomiari eta garapenari buruzko hainbat libururen egilea da, eta Busturialdearen egungo egoerari buruzko diagnosi bat ere egin du azken urteotan. Ez du uste Guggenheim museoa denik biziberritzerako planik onena. «Busturialdea-Urdaibairen gainbehera ezin da proiektu ekonomiko bakar batekin bideratu, eta are gutxiago eduki turistikoa badu». Edonola ere, museoa eraiki edo ez, ingurua leheneratzeko inbertsioak «behar-beharrezkoak» direla azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.