Black Lips, The Giant Robots eta The Courettes Andoaingo Rock Jaialdian

Beren zuzeneko indartsuengatik ezagunak diren zenbait talde bildu dituzte aurtengo egitarauan

Black Lips taldea, 2013ko EHZ jaialdian, Lekornen (Lapurdi). GAIZKA IROZ.
Andoni Imaz
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ekainaren 10ean egingo dute Andoaingo XV. Rock Jaialdia, Gipuzkoako herri horretako Nafarroa plazan, doan. 18:00etan hasiko dira emanaldi nagusiak, eta Black Lips, The Schizophonics, The Giant Robots, The Courettes, Chocolat Billy eta Nize taldeak ariko dira agertokian. Gainera, urteurren biribila ospatzeko, eguerdirako kontzertu sorta bat ere antolatu dute: «Aperitifa».

Ikusmina sortuko du Georgiako (AEB) Black Lips garage rock taldeak, seguru —«garage punkaren salbatzaileak», antolatzaileen esanetan»—. Cole Alexander gitarrista eta Jared Swilley baxu jotzailea elkarren ondoan aritu dira aspalditik, elkarrekin jotzetik zetozen-eta 1999an taldea sortu zutenean; estiloa askotan aldatu dute, ordea, blues eta country ukituak zituen musika egitetik psikodeliaren eraginera igaroz, besteak beste. Urte horietan guztietan, ez da aldatu zuzenekoetan erakutsi duten jarrera: Interneten zabaldu izan dira haien emanaldi basati batzuk.

Neurri batean, zuzenekoei esker lortu du ospea The Schizophonics taldeak ere. Rock energia eta ikuskizuna nahasten trebea da San Diegoko (AEB) rock-and-roll hirukotea. Antolatzaileen hitzetan, kritikariek honela deskribatu izan dituzte The Giant Robotsekoak: «Eszenatokiko errege-erreginak». Lausannen (Suitza) sortutako taldearen Too Young to Know Better... To Hard to Care! lehen diskoak (2006) oihartzun handia izan zuen, eta «rock undergroundean kultuko talde bat» da ordutik. Laugarren diskoa ateratzekoak dira aurten.

The Courettes taldeak sortutako musika aberatsa nabarmendu dute antolatzaileek: «Garage rockaren, 1960ko hamarkadako neska taldeen, Wall of Sounden, surf musikaren eta doo wap-aren arteko oreka ezin hobea aurkitu duen duo leherkorra».

Beste era bateko emanaldia egingo du Chocolat Billy laukoteak: instrumentuak trukatzen dituzte, distortsioarekin jolastu, erritmo primitiboak erabili... Free-rockera eta munduko musikara zabalduko dute soinua.

Nize euskal taldea ere ageri da kartelean. «Fuzzak harturiko post-rocka» da haiena, eta iazkoa dute lanik berriena: Zu lo han.

Musika eguerditik

Jaialdiak Euskal Herriko hiru talde inguratu ditu eguerdiko saiorako: Arima, Beldurrez beste egitean EPa argitaratu berri duen rock laukotea; Siglas, 1990eko urteetako indietik eta pop elektrikotik edaten duen talde gaztea; eta Krin, rockean eta zaratan oinarritutako soinu «sailkaezinak» lantzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.