Edertasuna ez dela nehoren jabetza frogatu nahian aritu dira Ines eta Michel Jauregiberri senar- emazteak Baionako Carreko erakusketa osatzen. Primitibo & Garaikide izendatua, irailaren 6, 7 eta 8an Baionan iraganen den Black & Basque jaialdiaren karietara zintzilikatu dute. Ongi ezagutzen dituzten bi mundu elkartzeko ideiatik partitu dira. Alde batetik, euskal artista garaikideen mundua, eta, bestetik, Afrikako arte tradizionala. Irailaren 18a arte, berrogei bat artelan elkartu dituzte hor, binaka emanak. Batean, Oteizaren apostolu burua; bestean, Boli Kostako maska bat. Eta, horrela, Zumeta, Gonzalo Etxebarria, Koko Ricoren obrakagertzen dira Boli Kosta, Burkina Faso edota Kamerungo maska, margo edo lepokoen ondoan. «Artearen unibertsaltasuna» erakutsiz, «gizakiak betidanik bere burua artearen bidez adierazi nahi izan duelako», Michel Jauregiberrik dioenez. Ideia bulta horretan zeukala bikoteak, Black and Basque jaialdiari proposatu zioten elkarlana, eta hark onartu, haien filosofiarekin bat egiten duelako, hau da, beste begirada batzuk lantzeko gosearekin. Eta hortik dator, beti Carre erakustokian zintzilikatua, Patxi Laskarai argazkilariak eta Pette Etxebarria bideogileak jaialdirako espresuki prestatu lana. Bardeako bidean dagoen zahar etxe batean bizi den Las Pinturitas izeneko artistaz egin erreportaje berezia osatu dute horiek. Oro har, aurtengo aldiak arte plastikoen atala franko garatua dauka.
Kreole doinuko musikak
Baina musika da oraindik ere hitzorduaren bilgune nagusi. Besteak beste, Kassav, Dafuniks, Melissa Laveaux, 2Zio, Kalakan eta Brooklyngo Stonnie Boys dantzariak, Oxmo Puccino eta Fanga artistak ariko dira, baita jaialdiaren ugazama Angelique Kidjo ere, Lapurdi itsasaldeko orkestrarekin. Guztiak Baiona hiri barneko La Poterne baratzea izanen dute bilgune. Xehetasunak blackandbasque.com webgunean atxiki daitezke (frantsesez).
Black & Basque, «edertasun unibertsalaren» bila
Baionako jaialdiak arte plastikoak eta musika uztartuko ditu heldu den ostiraletik aitzina, hiru egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu