Zinema

'Bizkarsoro' ostiralean estreinatuko dute Euskal Herriko zazpi lurraldeetan

«Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia» kontatzen du Josu Martinezek zuzendutako filmak.

Durango. "Bizkarsoro" filmaren aurkezpena
'Bizkarsoro' filma noiz estreinatuko duten iragarri dute gaur, Durangoko Zugaza zineman. MONIKA DEL VALLE / FOKU
marcos tedin
Durango
2024ko urtarrilaren 9a
20:10
Entzun

Ipar Euskal Herrian film bat euskaraz egitea ezinezkoa dela esan bazioten ere, Josu Martinez zuzendaria ziur zegoen bere helburuaz. Bost urteko prozesu baten ondoren, zuzendariak berak eta Gotzon Barandiaranek Bizkarsoro filma aurkeztu dute gaur Durangon. Iragarri dute estreinaldia ostiral honetan bertan izango dela, aldi berean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan: Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Baionan, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Altsasun (Nafarroa) eta Maulen.

Bizkarsoro filma 2023ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, lehendabizikoz. Gaurko aurkezpenean, Barandiaranek azaldu du «oso testuinguru jakin eta esanguratsu batean» izan zela estreinaldi hori, «2023a euskararentzat eta euskaldunontzat oldarraldi urtea» izan delako: «Gure eskubideen aurkako etengabeko oldarraldi judizial bat». Alde horretatik, Barandiaranek azaldu duenez, agerian geratu da filmean gertatzen dena ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun ere gertatzen den erasoaldia.

Filmaren emanaldi bakoitzean solasaldi bat ere eskaini nahi dute egileek, Barandiaranek adierazi duenez: «Nahi dugu, proiekzioen ostean, dinamizatutako solasaldiaren bidez, euskaldunok gai honi buruz hitz egin dezagun». Egileek uste dute «oso garrantzitsua» dela Euskal Herriko historiari eta orainari buruz mintzatzea, euskarak pairatzen duen oldarraldia ulertzeko eta ezagutarazteko. Filma «Euskal Herri osoko ahalik eta herri gehienetan proiektatzea» dute helburu egileek.

Bizkarsoro fikziozko herria da, baina, aurkezpenean adierazi dutenez, «Euskal Herriko edozein herri izan daiteke». Bai Martinezek bai Barandiaranek uste dute Euskal Herriko edonor identifikatuta sentitu daitekeela filmeko pertsonaiaren batekin edo egoera batekin: «Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak». «Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia» kontatzen du filmak, 1914 eta 1982 bitartean gertatzen diren bost istorioren bitartez.

Herriak bultzatuta

Martinezek kontatu du Bizkarsoro proiektua hasterakoan, behin eta berriro esan ziotela euskarazko film bat Ipar Euskal Herrian egitea ezinezkoa zela. Horregatik, haren ustez, pelikula honek erakusten du «dena ezinezkoa dela egiten den arte». Ia film osoa Baigorrin (Nafarroa Beherea) grabatu dute, eta herritarren laguntza jaso zuten egileek. 200 herritar baino gehiagok hartu dute parte filmaketan, eta horri esker izan da posible lana amaitzea, zuzendariak aitortu duenez. BERRIAren laguntza ere izan du Bizkarsoro proiektuak. Bizkarsoro ekoitzi duen taldeak ziurtatu du filma «herri zinema» dela, herritik jasotako laguntzagatik.

Martinezek sakondu du gaur egungo euskararen egoeran, eta filmarekin lotu du: «Uste dut oraindik euskaldunok ez dugula nahikoa kontatu». Zuzendariak ziurtatu du euskarak urteetan pairatu dituen oldarraldiak eta zapalkuntza kontatu behar direla, bistan jarri behar direla. Horretarako, film hau tresna egokia da, zeren eta bertan erakusten diren istorioak «ahozko eta idatzitako testuetan oinarritutakoak» dira.

Filmak erakusten du Bizkarsoro herrian gertatzen den «izugarrizko aldaketa» bat. Mende hasieran, euskaldunak gehiengoa dira, eta mende bukaeran, gutxiengo eta gaizki ikusiak. Existitzen ez den herri honetan erakutsitakoa Euskal Herriko herri askotan gertatu zen.

Martinezek adierazi du euskaldunek pentsatzen dutela itsasoaren kontra ez dagoela borrokatzerik. Film honekin, ordea, kontrakoa irudikatu nahi izan dute proiektuan parte hartu dutenek. Euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da Bizkarsoro.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.