Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzak Baliko (Indonesia) Nazioarteko 8. Koru Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen uztailaren amaieran. 4.000 abeslaritik gora eta 104 abesbatza izan ziren han parte hartzen, eta euskal taldeak, sari nagusiaz gain, beste bi domina ere eskuratu zituen: koru mistoei eta erlijio musikari dagozkienak. Sari nagusiari esker, 2021. urtean toki berean egingo den Asiako Grand Prix lehiaketarako txartela eskuratu du koruak. Iñaki Tolaretxipi abesbatzaren zuzendariak (Errenteria, 1972) uste du sekula lortu duten «saririk garrantzitsuena» dela.
Nola eragin du taldearengan Baliko lehiaketa irabazteak?
Konfiantza handia hartu dugu. Goi mailako taldeak aritu dira lehiaketan, eta horien aurka lehiatzeko ondo lotua egon behar du guztiak; hori lortzea ez da erraza 40 pertsonarekin. Behin saria eskuratuta, eta non ginen ikusita, lortutakoak lasaitu eta indar handia eman digu. Ahalegina egin ondoren saria jasotzeak erakutsi digu lana bide zuzenetik egiten ari garela, eta horrek asko pozten gaitu.
Nola sentitzen zineten lehiaketan parte hartu aurretik?
Ikasteko aukera aparta zela iruditu zitzaigun, eta Indonesian bertan lehiaketa batean parte hartzea ohore bat da. Zazpi hilabete lan eta lan pasatu ditugu, eta, beste taldeak oso indartsuak ziren arren, guk ere aukerak genituela pentsatzen genuen. Errespetu handiz eta egindako lanarekin pozik joan ginen, eta emaitza poztekoa da.
2021. urtean berriro Balira joango zarete, Asiako Grand Prixean lehiatzera.
Sei talde joango dira lehiaketara: Asiako gainerako txapelketetako irabazleak. Norgehiagoka nolakoa izango den kontuan hartuta, giroa ere ezberdina izango delakoan nago. Guretzat ohore bat da hara joateko aukera edukitzea; historikoa da bizitzen ari garena, eta garai hunkigarria da oso. Bi urte ditugu lehiaketara joan aurretik, eta ahalik eta gehien prestatuko gara. Irailetik aurrera jada gogotsu hasiko garela uste dut; lehiaketa nola prestatu aurreikusi behar dugu.
Zer faktorek eragin dute abestiak aukeratzeko garaian?
Gauza asko hartu behar dira kontuan. Zer obra abesten diren garrantzitsua da, baina baita non abesten diren ere: ez da gauza bera eliza batean, auditorium batean edo hotel batean abestea. Tokiaren ezaugarriak jakin behar dira pixka bat. Guk, joan aurretik, galdetu genituen, eta beste urte batzuetan parte hartu zuten kide batzuei haien iritzia emateko ere eskatu genien. Bestalde, kontuan hartu behar dira lehiaketak berak ezartzen dituen ezaugarriak: abesteko duzun denbora, estiloa eta abar. Horretaz gain, obra guztiak antzekoak ez izatea zaindu behar da: lehena oso dinamikoa bada, bigarrenak, agian, erromantikoagoa izan beharko du; horrelako kontuak. Zailtasunak, berriz, handiena izan behar du beti. Azkenean, ez baduzu goi mailan abesten, epaimahaikoek hau esango dizute: «Oso ondo abestu duzue, baina... Eskerrik asko etortzeagatik». Horiek dira obrak aukeratzeko garaian eragiten duten hiru edo lau parametroak.
Esan ohi da musika korala ez dela erakargarria gazteentzat. Zuen koruko abeslariek, berriz, 29 urte inguru dituzte, batez beste.
Landarbasoren ezaugarri garrantzitsu bat hori da, oso jende gaztea dugula. Indonesiara etorri den gazteenak, esaterako, 18 urte ditu. Harremana edukitzea da kontua: gazteek ez dute musika korala ezagutzen, eta, hortaz, ez dira hurbiltzen. Aspergarria edo helduen produktu bat dela pentsatzen dute, baina, ezagutuko balute, ikusiko lukete ez dela horrela. Gure sekretua honako hau da: taldean abeslari gazteak daudenez, errazagoa da jende gaztea etortzea, ikusten baitute eurek ere parte hartu dezaketela horrelako proiektuetan. Beste talde gazteagoak ere baditugu: 9, 10 eta 11 urtekoek osatzen dituztenak. Horiek txikitatik ezagutzen dute nolakoa den abesbatza, eta, hainbat proiektu abeslari helduekin batera egiten ditugunez, normaltasunez hartzen dute koruan kantari gazte zein helduek parte hartzea.
Abeslariak ez dira profesionalak. Nola uztartzen duzue koruarekin aritzea egunerokoan?
Abeslari bakoitzak bere bizitza du. Batzuek ikasketak, beste batzuek lana... esfortzu handia da, hori ukaezina da. Baina plazera ere halakoa da. Langileek, esaterako, arazoak urteko garai jakin batean izaten dituzte; ikasleek, urtero, beste garai batean izaten dituzte zailtasunak... Baina hitz eginez dena konpondu daiteke. Adibidez, aurten aste batean hiru kontzertu eduki ditugu, eta baten bat etorri zait esanez: «Sentitzen dut, baina nik ezin dut». Horrelako egoeretan konpontzen saiatzen zara. Azkenean gustuko dugulako egiten dugun zerbait da, eta horrek ere laguntzen du moldaketak egiteko garaian.
Datorren ikasturterako proiekturik?
Aurreikuspen batzuk bagenituen, baina Balin irabazteak galdera berriak planteatu dizkigu,2021eko lehiaketara nola iritsi nahi dugun, eta 2020. urtean zer egin nahi dugun, besteak beste. Orain dena irekita daukagu; beharbada beste lehiaketa edo jaialdi batera joan gaitezke, ala ez... Baina ezin diogu jarraitu lehen genuen plan berari; hori gauza ziurra da.
Iñaki Tolaretxipi. Landarbaso abesbatzako zuzendaria
«Bizitzen ari garen garaia historikoa eta hunkigarria da»
Landarbaso abesbatzak sari nagusia eta bi urrezko domina irabazi ditu Baliko Nazioarteko 8. Koru Lehiaketan. 2021. urtean berriro joango dira toki berera, Asiako Grand Prixean lehiatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu