Bizitzatik bereizten gaituena

Maria Luisa Fernandez artistaren atzera begirakoa antolatu du Bilboko Azkuna Zentroak

Zurezko eskulturak dira nagusi Azkuna Zentroak Maria Luisa Fernandezi eskainitako atzera begirako erakusketan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Zurezko piezak batuz osatutako zilindro itxurako eskultura beltza erakusketa aretoko bazter batean. Titulua: Artista ideala, hitz gutxikoa argia. Totem gisako beste eskultura bertikal bat haren ondoan. Izena: Artista ideala, eder interesgarria. Zirkulu moduko beste bat lurrean: Artista ideala, sakona sakona. Bere izena du multzoko bakoitzak, baina artista idealak dira guzti-guztiak. Ironia puntu hori badute Maria Luisa Fernandez artistaren eskulturek (Villarejo de Orbigo, Leon, Espainia, 1955).«Ideala den guztiak asko bereizten gaitu bizitzatik, eta hori ez da ona». Arte ikasketak Bilbon egin zituen Fernandezek, eta euskal artearen historiari lotuta dago horregatik haren izena. Txomin Badiola, Juan Luis Moraza, Pello Irazu eta beste hainbatekin batera, euskal eskultura berria izeneko mugimenduan kokatu zuten haren lana 80ko eta 90eko hamarkadetan. 1997an Galiziara arte irakasle lanetara joan, ordea, eta utzi egin zuen erakusketen mundua. 1979tik 1997ra bitarteko lanak biltzen dituen atzera begirakoa eskaini diote orain Bilboko Azkuna Zentroan. Titulua: Je, je... luna.

Bilboko Uribitarteko moiletan izan zuen Fernandezek estudioa Bilbon izan zen sasoian, eta han sortutakoak dira Azkuna Zentroan ikus daitezkeen piezetariko asko. «Zoragarria zen leku hura», dio. «Handi-handia zen, eta kargarako igogailuak zituen». Zurezko piezak uztartuz sortutako eskultura handiekin esperimentatzeko aukera eman zion horrek, eta gisa horretakoak dira erakusketako aretoetan ikus daitezkeen pieza gehienak. Lurrean batzuk, zutabe modura besteak, eta badira sabaitik zintzilik daudenak ere.

Baina etena heldu zen gero. Bilboko estudio hori utzi, Galizian irakasle hasi, eta akabo Fernandezen jarduna. Zergatik? Erantzun sendorik ez. «Euskal Herritik Galiziara joan nintzen, eta... [Etena]. Gauza asko izan ziren. Ez dut askorik pentsatu zergatik izan zen, egia esan. Gertatu egin zen. Artea ez dut sekula utzi, baina akaso estudioan gutxiago egon naiz... [etena] Ez nuen obrarik sortzen. Orain berriz hasi naiz; 2010az geroztik nabil tailerrean». Eta, hain zuzen ere, Fernandezen azken pieza horietariko batek ixten du erakusketa.

«Arkeologia modernoa egin behar izan dugu». Beatriz Herraez komisarioak aitortu duenez, Fernandezen bi hamarkadako etenak zaildu egin du bilketa lana. Bartzelona, Madril, Bilbo eta Europan ere barreiatuta zeuden orain Bilbon ikus daitezken lanetariko asko, baina bilatu egin behar izan dituzte haietariko asko eta asko. Beste batzuk bilatu bai, baina ez dituzte topatu, eta, artistaren eskulturekin batera, artistaren eskulturen argazki batzuk ere txertatu dituzte horregatik hormetan.

Neolitiko zoriontsua

Aurpegirik kontzeptualenarekin hasten da ibilbidea. Izan ere, arte instituzioei buruz, lanak aurkezteko mekanismoei buruz eta arte sistema garaikideari buruz gogoeta kritikoa bultzatzea zuen helburu Fernandezek Juan Luis Morazarekin batera sortutako CAV kolektiboak (Zaintza Artistikorako Komitea).Eta, hain zuzen ere, talde haren lanak biltzen dituen bitrinak daude erakusketa sarreran. Postal ironiko batzuk, adibidez. Esaldi bakarra bistara: «Feliz neolítico» (Neolitiko zoriontsua).

Ez da erakusketako eztenkada bakarra. Areto amaiera aldera borobiltzen du Fernandezek artista idealen ideia. Arte aldizkarietatik bildutako artista arrakastatsu sorta baten argazkiak bildu ditu hormetan, eta, besteak beste, han dira Andy Warhol, Jasper Johns, Leo Castelli galerista... Artista arrakastatsuak guztiak. Arte historia liburuetan daudenak denak. Eta gizonezkoak den-denak. Eta argazkien ondoan, areto erdian, panel bertikal bat zulo batzuekin. Eskala errealeko argazki bat ageri du panelak, eta artista sorta bat bertan. Italiako abangoardiako artistak dira, baina aurpegiak ebaki dizkie artistak, turistei aurpegia bertan jarrita argazkiak ateratzeko aukera eskaintzen duten panel horien modura. Bisitari erreala, beraz, eta artista idealak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.