Hogei urte igaro dira azken aldiz elkar ikusi zutenetik, azkenekoz elkarrekin hitz egin zutenetik. Aurrez aurre daude berriro biak orain, elkarrengandik banandurik hogei urte eta hamaika bizipen tartean dituztela. Eta hizketan hasi dira, bizitzaz, heriotzaz, familia arteko harremanez, gaztaroko ametsez eta horien bilakaeraz... «Bizitzari buruzko gogoeta bat» baita, azken batean, Zu gabe antzezlanak proposatzen duena, bi pertsonaren arteko harremana oinarri hartuta. Alex Tellok idatzi eta zuzendu du lana. Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa protagonisten rolean direla, gaur estreinatuko dute obra, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona kultur etxean, 19:00etan.
«Berdin dio zer adin duzun edo zer pentsamendu, bizitzaren inguruko hausnarketa bat planteatzen du antzezlanak», azaldu du Anabel Arraiza aktoreak. Izan ere, berak jokatzen duen pertsonaiaren, Mariren, eta Inazio Tolosak jokatzen duenaren artean zer harreman dagoen ez du jakingo ikusleak lehen unean, ez eta nor diren, non dauden edo zer gertatu zaien ere; istorioak aurrera egin ahala joango dira askatzen korapilo horiek. Bien arteko elkarrizketak eta Arraizaren bakarrizketa dira lanaren oinarria, hiru pasartetan banatuak: elkartzen direnekoa lehena, Marik atzera egiten duenekoa hurrengoa, eta Arraizaren esanetan «obraren mamia jasotzen duena» azkena, korapiloak askatzen direnekoa.
Protagonista bakoitza belaunaldi batekoa da; hainbat bizipen partekatu dituzte; beste asko, ez. Baina, gainera, hogei urtean bakoitzak bere bilakaera izan du. «Bizitzaren eta sortzen dituzun harremanen poderioz, ardatz eta interesak ezberdinak dira, beste dinamika batzuk sortzen dira; hori bizitza bera da, eta hori islatzen da». Gatazka iturri ere izango dira horiek zenbaitetan, batez ere Mari bere bizitzarekin zer egingo duen erabakitzeko puntuan dagoelako.
Une gogorrak eta hunkigarriak tartekatzen ditu antzezlanak, baina sentimenduak eragiteaz gain, gogoeta egitera ere eraman nahi dute ikuslea. «Berdin dio adinak, gizon edo emakume izan, ezkondua edo ezkongabea, berdin dio zein egoeratan zauden... Momenturen batean obran zure egoera islatuta ikusiko duzu, edozeini gerta dakiokeen zerbait kontatzen baita, eta horrek gogoeta egitera eramaten zaitu».
Konpainia berria
2007tik zebilkion antzezlanaren ideia buruan Alex Tellori, baina iaz idatzi zuen gidoia, eta Atea Teatro bere konpainia berriaren bidez taularatuko du orain. Naturalismoaren ildotik garatzen da antzezlana, eta, eszenografia soila badu ere, giro berezia sortuko dute Xabier Lozanoren argiztapenek, Mikel Laboaren musikak eta Jose Luis Zumetaren zenbait artelanek.
Gaurkoaz gain, Zu gabe antzezlanaren beste bost saio dauzkate hitzartuta apirila bitarte: Tolosan, Antzuolan, Zarautzen, Usurbilen eta Zizurkilen eskainiko dute, oraingoz, lana.
Bizitzaren ilunak, aurrez aurre
'Zu gabe' lana estreinatuko du gaur Atea Teatrok; bizitzaren inguruan gogoeta egitera darama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu